bidaiari - bidaia aldizkaria

Ibilbide bereziki argiztatua Gasteizen, Umbra Light Festival jaialdiaren bidez

Gasteizko Umbra Light Festival jaialdiaren bosgarren edizioak «argitan murgiltzera» gonbidatuko ditu herritarrak otsailaren 6tik 8ra. 19 argi instalazioko ibilbidea proposatuko du hiriko eraikinen fatxadetan, barnealdean zein kanpoaldean, eta espazio irekietan.

Gasteizko Umbra Light Festival jaialdiaren kartela (Gasteizko Udala.)

Umbra Light jaialdia Argia 3 kultura elkarteak antolatzen du, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Vital Fundazioaren laguntza eta sustapenarekin. Bosgarren edizioan, Gasteizko «argi museo iragankor» bihurtuko da hiru gauez –19:00etatik 23:00etara, otsailaren 6an eta 7an, eta 22:00ak arte 8an– «eta argiak hizkuntza komun eta tresna gisa jardungo du, hiri ingurunea berriz deskubritzeko».

Aurtengo edizioaren leloa ‘Batzen gaituen argia’ izanik, «argiak pertsonak, belaunaldiak, auzoak eta kulturak konektatzeko eta, aldi berean, jasangarritasuna eta komunitate interakzioa sustatzeko duen gaitasun» azpimarratuko da, antolatzaileek azaldu dutenez.

Erdi Aroko almendra

2026ko ibilbidearen elementu nagusiak Erdi Aroko almendra eta zabalgunea izango dira berriz ere, eta Espainia plaza, Probintzia plaza, Falerina lorategia eta Santa Maria katedrala bezalako agertoki ikonikoak lotzeko aukera izango du. Barrualdeko espazio batzuek ordutegia zabalduko dute, hala nola Europa Biltzar Jauregiak, Arte eta Lanbide Eskolak eta Arkabiak aretoak.

2019an estreinatu zenetik, Umbra Light Festival «kultur eragile eta hiria modu berri batean bizitzeko espazio gisa finkatu da», hiriarentzat kultura eta turismo ingurune garrantzitsu bihurtuta. Azken edizioetan 100.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira.

Jaialdiak jasangarritasuna sustatzen du energetikoki arduratsuak diren instalazioen eta argiaren erabilera kontzientearen bidez, eta berrikuntza artistikoaren eta ingurumen erantzukizunaren erreferente gisa finkatuta dago.