bidaiari - bidaia aldizkaria

‘Gasteizko toponimia. Gure leku-izenak’: komunitate baten garapena ulertzeko

‘Gasteizko toponimia. Gure leku-izenak’. Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak elkarlanean prestatutako erakusketa da. Hegoalde gizarte etxean dago ikusgai eta, ondoren, gainerako zentroak bisitatuko ditu

Gasteizko erakusketaren irudia. (Euskaltzaindia.)

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak ‘Gasteizko toponimia. Gure leku-izenak’ erakusketa iraunkorra jarri dute ikusgai Hegoalde gizarte etxean, hiriko gizarte etxeetan pixkanaka ikusgai izango den erakusketa multzoaren lehenengoa.

Ekimena Euskararen Udal Zerbitzuak bultzatu du, Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen Sailaren laguntzarekin, toponimia zer den eta komunitate baten garapenean eta nortasunean zer zeregin betetzen duen azaltzeko. Erakusketa bakoitzak kokatuta dagoen inguruko toponimoei buruzko erreferentziak jasoko ditu, eta horiek guztiak Euskaltzaindiak Gasteizko toponimiari buruz 30 urte baino gehiagoz egin duen azterlanean jasota daude.

Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria; Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak ere parte hartu du ekitaldian.

Kultur ondarea herritarrengana hurbiltzeko

Maria Nanclares Euskara zinegotziaren esanetan, «erakusketa hau abian jarrita, Gasteizko kultur ondarea herritarrengana hurbildu eta hiriko ondare immateriala zabaltzeko dugun konpromisoa indartu nahi ditugu. Gainera, tradizioz auzoak, kaleak, ibaiak eta beste leku batzuk identifikatzeko erabili izan diren toponimoekiko interesa piztu nahi dugu, eta gure memoriaren eta identitate kolektiboaren parte diren izen horiei balioa eman».

Bestalde, Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak gogorarazi du ekimenaren sorburua: Henrike Knörrrek bultzatutako ‘Gasteizko Toponimia’ ikerketa proiektua, alegia, 2009tik 2024ra argitaratu diren bederatzi liburuak.

«Aldi hori amaituta, bat etorri gara Gasteizko Udala eta Euskaltzaindia toponimia ondare oparo hau gizarteratu beharra dagoela, liburuetatik harago eramanez eta herritarren eskura jarriz, gasteiztarrok balio kultural honen jakitun eta jabe izan gaitezen. Izan ere, leku izenek interes historikoa dute, bistan da; aldi berean erreferentzia praktikoak izan daitezke gure bizimoduan eta, jakina, legatu baliotsua bihar-etziko belaunaldientzat», adierazi du.

Erakusketak

Erakusketa bakoitzak biniloak eta beste euskarri grafiko batzuk uztartzen ditu eta bi ataletan egituratzen da. Lehenengoa erakusketa guztietan komuna izango da eta toponimiaren alderdi orokorrak eta haren garrantzi kultural, historiko eta linguistikoa azaltzen ditu; bigarrenak, auzo bakoitzerako espezifikoa izango den zatiak, tokiko toponimoak irakurtzea eta interpretatzea du ardatz.

Horren barruan, herritarren interesa pizteko eta memoria kolektiboa osatzen duten izen tradizionalei balioa emateko asmoz, toponimo esanguratsuenei eta datu bitxiei buruzko aukeraketa egongo da ikusgai.

Hegoalde gizarte etxeko erakusketan tokiko toponimoei lotutako Gasteizko kale izendegiko izenak aurkitu ahal izango dira, hala nola Adurtza, Goikolarra, Olarizu eta San Kristobal auzoak eta Bitoriabidea, Camino de Mendiola, Campo de los Palacios, Iturritxo, Los Molinos eta Salbatierrabide kaleak.

Zabalgana gizarte etxeko erakusketa martxoaren 26tik aurrera bisitatu ahal izango da eta bisita gidatuak izango ditu. Aldaia, Borinbizkarra, Elexalde, Mariturri edo Zuhatzubidea bezalako guneei gaur egun izena ematen dieten udalerriko toponimo historikoak ezagutzeko aukera emango du erakusketak.

‘Gasteizko Toponimia’ proiektuaren datu baseak 400.000 toponimia sarrera baino gehiago ditu. Bederatzi liburukietan 121.000 datu dokumental argitaratu dira, eta 13.086 sarrera toponimiko arautu. Landa lana Elena Martinez de Madina ikertzaile eta euskaltzain urgazleak egin du, eta azken urteotan Gasteizko udalerri osoko toponimia aztertu du (hiriari eta 64 herriri dagokiena).