bidaiari - bidaia aldizkaria
Munduko itsasargiak

Zelatari erromantikoak

Munduko kostaldean oraindik milaka dira zutik dirauten itsasargiak. Batzuk itzalita daude, isilik, baina dirdirarik gabe ere ez dute antzinako magia galdu. Eta hortxe daude, zelatari erromantikoen pare, behatoki pribilegiatuetatik ikuspegi panoramikoak eta mundua ikusteko modu bitxiak eskaintzen. Munduan sakabanatutakoen artean pare bat dozena bildu ditugu. Aukeraketaren arrazoiak hamaika dira: kolorea, forma, kokapena, historia, dotorezia, indarra, umildadea...


Enoshima

Egitura erabat berezia eta, ondorioz, deigarria du: kristalezko paretei esker, kanpoaldetik barruko eskailera kiribildua ikus daiteke, bertigoa eragiteko moduko behaketa plataformaraino iristen dena. Hala ere, igogailu bat du, bisitaria punturik garaienera eramaten duena; bertatik Sagamiko Badiaren eta Fuji mendiaren ikuspegi ikusgarriaz gozatzeko aukera izango du. 2003an eraiki zen Enoshima uharte txikian.

Kiz Kulezi

“Dontzeilaren dorrea”. Horrela esaten diote turkiarrek gauez Bosforora urre koloreko distirak jaurtitzen dituen faro bitxi honi. Sultan, madarikazio, jauregi eta dontzeilaz osatutako elezahar zahar batez inguratuta dago, belaunaldiz belaunaldi, ahoz aho, mendeetan zehar biziraun duen legenda: bazen dontzeila bat itsasargian, eta ez beste inon, sentitzen zena babestua. Gaur egun, Kiz Kulezik jatetxe bat du, Bosforo itsasartearen ikuspegi liluragarriak eskaintzen dituena.

Pemaquid

Pemaquideko itsasargia gaur egun Bristolen, Maine estatuan, gehien bisitatzen den lekuetako bat da. 1827an zabaldu zen leku benetan pribilegiatuan, penintsula baten puntan, Portlandetik 97 kilometrora, iparraldera. Ikuspegi hipnotizatzaileak oparitzen omen dizkie bertaratzen direnei. Gainera, arrokaren eta uraren konbinazioak isla bitxiak sortzen ditu.

Creac'h

1863an piztu zen lehen aldiz eta, 1988az geroztik, Itsasargien eta Balizen Museoa dago bertan. Iles du Ponant artxipelagoan –Armorica parke naturalean– kokatuta, “Itsasoaren zaindari” izenez da ezagun. Europan potentzia handiena duen itsasargia da eta munduko handienetakoa: bere argitasuna 60 kilometrora irits daiteke. Mantxako kanalean sartzen diren itsasontziak gidatzen dituen jagole paregabea da.

Capo Testa

Sardiniako uhartearen iparraldeko muturrean dago, tontor batean, granito-harri ikusgarrien artean. 1845ean hasi zen marinelei laguntzen, Sardinia eta Korsika banatzen dituen Bonifaciu itsasarte arriskutsuan ahalik eta arazo gutxien izan zitzaten.

Holland Harbor

1872an eraiki bazen ere, gaur egun duen egitura 1907koa da. Hain zuzen ere, horrexegatik, Big Red izenez ezagutzen da, haren aurreko itsasargiaren oroimenez. Esan gabe doa kolore gorria duela ezaugarri nagusi, itsasoaren urdinarekin eta inguruko berdearekin kontrastatzen duen gorri bizi-bizia.

Kermorvan

“Infernuko jauregia” esaten diote; batetik, bere kokapen estrategikoagatik -itsasoaren erdian- eta, bestetik, barrualdeko luxuagatik. Izan ere, egun oso kotizatuta dauden zurezko altzariak ditu. Itsasertzeko bide bihurgunetsu batetik soilik irits daiteke bertara, oinez eta beti itsasbehera denean. Zalantzarik gabe, Le Conquet-eko itsasargi bitxienetako bat da, eta bi koloretako argiak -gorria eta zuria- igortzen dituen bakarra uhartean.

Hook Head

Hook lurmuturrean dago, Waterford herritik gertu. Bere siluetak, gerri handi eta marra zuri eta beltzekin, xarma berezia sortzen du eta, gainera, irlandarren artean harrotasun puntu bat ere eragiten du munduko farorik zaharrenetakoa omen delako. Egia izan ala ez, egiaztatuta dago 800 urte daramala funtzionatzen. Antza denez, garai hartan inguruko abadia bateko fraideek gidatzen zituzten itsasontziak gauez suak piztuz.

La Corbiere

Jersey uhartearen hego-mendebaldeko muturrean, uhartetxo ñimiño batean, dago La Corbiere itsasargia, harkaitz txiki baten gainean. Mareak gora egiten duen bakoitzean, begi-bistatik desagertu egiten da bertaratzeko derrigorrez erabili behar den harkaitzezko pasabide estua, lurrarekin lotzen duen bide bakarra. Ingalaterra eta Frantzia arteko itsas zeharbideko zatirik arriskutsuena amaitu zela iragartzen zien dorreak marinel ausartei.

Cape Byron

Cape Byronek Australiako punturik ekialdekoena markatzen du. Izen bereko Natura Erreserbaren oinetan altxatzen da, handikiro eta elegante, itsaslabar eta hondartzak uztartzen dituen paraje zoragarrian txertatuta. Herrialdeko itsasargi zaharrena da, eta gaur egun baleen behatoki pribilegiatu gisa erabiltzen da.

Portland Head

1790etik dago zutik. Deigarria da, batez ere kokapen berezitasunagatik: Mainen, parke natural zabal batean, oinez deskubritu daitezkeen ehunka hektareaz babestuta. Gainera, faroaren barruan itsas museo bat dago, nabigazioari buruzko hamaika sekretu bitxi gordetzen dituena.

Kullens

1898an eraikia, Suediako garaiena da -80 metro ditu-. Kullenseko erreserba naturaleko muino natural batean dago, herrialde nordikoaren hego-mendebaldean, itsas zirkulazio handia hartzen duen kostaldean. Gaur egun urruneko kontrola erabiltzen du, baina, hala ere, bertan da beti farozaina, premia dagoenean bera arduratzen baita B planak funtziona dezan.

Snæfellsjökull

Gorria da. Eta potoloa. Ezin du itsasargi garaienekin edo estilizatuenekin lehiatu baina, hala ere, xarma berezia du, itxura bitxia. Snæfellsjökull Parke Nazionalaren muturrean kokatua, izen bereko sumendiaren laba itsasargiaren oinetaraino iristen da, eta paisaia erabat erakargarria sortzen du.

Wittenbergen

Altzairuzko eraikuntzen adibide zaharrenetako bat da. 1900. urtean eraiki zuten Elbeko kostaldean. Gorriz eta zuriz margotutako dorrea du, urtaro-aldaketekin batera urtero kolorez aldatzen dena basoaren eta itsasertzaren artean.

Akranes

Dorrearen kolore zuriarekin erabat kontrastatzen du sumendi itxurako inguruak. Egitura angeluzuzen soil eta irmoaren silueta ere deigarria da oso. Bisitak benetan merezi du, faroaren punturik altuenetik lortutako panoramika paregabea baita, amaigabea. Eguraldiak horretarako aukera ematen badu, Reykjavik badia ere ikus daiteke.

Mean Ruz

Mean Ruzeko itsasargia Ploumanach herritik gertu dago, Bretainiako Côte de Granit Rose-n (Granito Arrosaren kostaldea), Sentier des Douaniers bideko (aduanazainen bidea) harkaitzen artean ezkutatuta. 1907an inauguratutako ibilbidea da, Bretainiako itsasertza zeharkatzea ahalbidetzen duena.

Tourlitis

1897an eraiki zuten Tourlitis uhartetxo harritsuaren gainean, izen bereko uhartean, Zikladen artxipelagoko iparraldekoenean, eta 1990ean berritu zuten. Kokapenak egiten du itsasargia berezi, haitz isolatu batean dagoelako eta harkaitzean zulatutako eskailerak erabili behar direlako bertaratzeko. Ez dago beste modurik.

Cap Des Rosiers

Lawrence ibaiaren bokalera hurbiltzen diren marinelei bidea erakusten die 1858tik. Gainera, ia 35 metroko altuerarekin, Kanadako itsasargi garaienetakoa da. Pasarte harritsu batez inguratuta, tragedia baten mamuez zipriztinduta dago: 1847an, eraiki baino urte batzuk lehenago, Irlandako 400 etorkin hondoratu ziren kostalde honetan. Carrick herritik zetozen mundu berrian etorkizun hobea aurkitu nahian.

St. Mary’s

Itsasargia, egun lainotsuetan itxura fantasmagorikoa duena, Whitley Bayko uharte txiki baten erdian kokatuta dago, eta, marea igotzen denean, itsasargia erabat isolatuta gelditzen da, bertaratzeko dagoen bide estu bakarra urpean geratzen baita. Gaur egun itzalita dago, baina bisita daiteke. Eskaileretako 136 mailak igotzen dituenak itsasoaren indarra sentituko du, bat-batean, aurrez aurre. Batez ere, haserre dagoenean.

Hercules dorrea

Coruñako kostaldean kokatuta, martxan dagoen munduko itsasargirik zaharrena da eta, gainera, 57 metrorekin, Espainiako hirugarren altuena. Harri zurien artean I. mendeko itsasargi erromatar bat ezkutatzen duela diote historialariek. Bere kokapenari esker, Atlantikoaren ikuspegi txundigarriak eskaintzen ditu. Eta, gainera, inguruetan aire zabaleko Parke Eskultorikoa du, XX. mendeko artisten lan interesgarriak erakusten dituena.

Trinidad

Itsasargia bera apala da, baina ingurua, aldiz, ikusgarria, harkaitz malkartsuz osatutako paisaia liluragarriz inguratuta baitago. Kalifornia hegoaldean kokatua, Trinidad hiri txikiaren ikur bilakatu da.

Santa Marta

Bitxia denez, Cascais-eko irudi erakargarrietakoa bihurtu da. 28 metroko altuera eta marra horizontalak ditu, urdin eta zuriak. Estorileko kostaldeko itsasargien historia biltzen duen museoa du ondoan. Portugaleko lehenak izan ziren Estorilen eraikitako faroak.