bidaiari - bidaia aldizkaria

Thailandia iparraldetik Laosera, barkuz, mantso mugitzearen abantailak

Sarritan, bidaiatzean, ibilbiderik luzeena aukeratzeak nagikeria eragiten du, agian astunegia izango delakoan. Ez da beti horrela izaten, ordea; askotan, mantso mugitzeak abantailak ere baditu. Bertakoak nola bizi diren ikusi, argazkiak lasai atera, jende berria ezagutu... Thailandia iparraldetik irten eta Laosera iristen den barku txikiak hau guztia eta gehiago eskaintzen du; paisaiaz patxadaz gozatzeko aukera ezin hobea, besteak beste.

Txalupa bat Mekong ibaian zehar nabigatzen, Laosen. (Ura ITURRALDE)

Bidaia Thailandia iparraldean hasten da, Chiang Rai hirian. Ia 70.000 biztanle izanda, inguruko hiri handienetakoa da eta, herriak berak aparteko xarmarik ez duen arren, inguruak oso interesgarriak direla esan daiteke. Bertan ezagut daitezke, adibidez, padaung emakume ospetsuak. Karen izeneko etniakoak dira; lepoa idunekoz horniturik izan ohi dute eta horregatik jirafa-lepoa dutela esaten da.

Talde hau bisitatu ahal izateko, edonon erreserba daiteke tour gidatua, betiere kontuan izanda herriko sarrera ere ordaindu egin behar dela. Oso turistikoa izan arren, harrigarria da herritarren bizimodua ikustea, haien etxe eta denda koloretsuen artean galtzea eta lepokoekin nola moldatzen diren ikustea. Taldeak jakin-min handia sortzen duenez, milaka dira Chiang Raitik haiek ikustera soilik iristen diren atzerritarrak.

Vang Vieng-eko inguruetan, denda xume bat. (Ura ITURRALDE)

Egurra garraiatzen Kanbodian, Mekong ibaian zehar. (Ura ITURRALDE)

Aipaturiko tour honetaz gain, ezinbestekoa da hiriko Tenplu Zuria ezagutu eta ondoren Urrearen Triangelura hurbiltzea. Ibilbide hau egin ahal izateko ere tour asko dituzte prestatuta edozein ostatu edo bidaia-agentziatan. Lehenengoa, “Wat Rong Khun edo White Temple” izenekoa, benetan deigarria da. Hiri kanpoaldeko mugarri garrantzitsuenetarikoa, dudarik gabe. Igeltsu zuriz egina dago eta haren formak ispilu zatiz apainduak. Hirigunetik hamalau kilometrora dago. Ikusgarria. Bigarrena, Urrearen Triangelua edo Sop Ruak –bertakoek horrela deitzen diote– Thailandia, Laos eta Myanmarreko mugek bat egiten duten puntua da. Iraganean eremu oso famatua izan zen opioaren landaketa eta urrearekin zuen merkataritza trukeagatik. Gaur egun, berriz, kafea eta tea dira nagusi.

Chiang Rai ikusi ondoren, asko dira Laosera joan nahi izaten duten turistak. Hautabideen artean, Mekong ibaia barkuz zeharkatzea da aukerarik motel eta aldi berean ederrena. Bi eguneko ibilbide hau egitera animatzen direnek honako pauso hauei jarraitu behar liekete:

Karen tribuko bi neska, eskolako etxekolanak egiten. (Ura ITURRALDE)
CHIANG KHONG-ERA AUTOBUSEZ ETA HUAY XAI-ERA

Chiang Khong Laoseko mugatik oso gertu dagoen herri txiki bat da. Chiang Raitik autobusak orduero irteten dira, goizeko seietan hasita. Ordu eta erdi behar da iristeko. Laosera heltzea erraza da, karnet neurriko bi argazki eta 35 dolar besterik ez dira behar. Dirua bertan alda daiteke, turistentzat oso antolatuta baitute guztia. Aipatzekoa da Thailandiako moneta baht-a dela eta Laosekoa, berriz, kip-a. Komeni da Huay Xain, muga igaro ondorengo lehenengo herrian, dirua berriro ere kipetara aldatzea.

Laoseko herri honetara iristeko taxia partekatu daiteke, arazorik gabe, dezente egoten baitira mugan zain. Huay Xaira abiatzen diren atzerritar guztien helburua da bertan Luang Prabang-era doan barkua hartzea. Slowboat bitxi hau egunero irteten da goizeko hamaiketan portutik. Sartu orduko hasten da benetako abentura.

Vang Vieng-eko inguruetan eskolatik irten berri diren ikasle taldea, aterkiekin eguzkiarengandik babestuz. (Ura ITURRALDE)
Chiang Rain, Wat Rong Khun tenplu zuria, hinduista eta budista, zonaldeko atrakzio turistiko nagusienetarikoa. (Ura ITURRALDE)
MEKONG IBAIA ZEHARKATUZ LUANG PRABANG-ERA

Aurretik aipatu bezala, slowboat ontziak bi egun behar ditu bere edertasunagatik hain ezaguna den Luang Prabangera iristeko. Geldiune bakarra dago erdibidean, lotarako. Ez da beharrezkoa aurretiaz hotelik erreserbatzea, sobera leku baitago guztiontzat.

Mekong ibaian zehar nabigatzea hunkigarria da, paisaiaz disfrutatu eta bertakoen bizimodua nolakoa den ulertzeko aukera paregabea eskaintzen baitu. Arrantzaleak, txalupak garraio bihurtzen dituztenak, erreka ertzean bizi direnak, herrixkara oinez doazenak...

Bidea da, ordea, interesgarriena. Barkua oso txikia denez, lagun berriak egiteko aukera eskaintzen du; berehala sortzen da “kuadrilla” giroa. Mekong ibaian zehar nabigatzea hunkigarria da, paisaiaz disfrutatu eta bertakoen bizimodua nolakoa den ulertzeko aukera paregabea eskaintzen baitu. Arrantzaleak, txalupak garraio bihurtzen dituztenak, erreka ertzean bizi direnak, herrixkara oinez doazenak... Laburbilduz, ez eraikin ikusgarririk, ez gune turistiko garrantzitsurik... Bizitza, erreka ertzean sortzen den bizitza, da, benetan, bidaiaren ardatza.

Vang Vieng, Laosen. Herrialdeko hiririk turistikoena. Paisaiaren edertasunak ehunka turista erakartzen ditu egunero. (Ura ITURRALDE)

Gutxi gorabehera zazpi ordu nabigatzen eman ostean, Mekong ibaiaren ertzean, Laoseko Pakbeng herrixka txikian, gelditzen da barkua gaua igarotzeko. Hurrengo egunean goizeko bederatzietan portuan egon beharra dagoenez, ez dago sobera denbora inguruez gozatzeko. Nolanahi ere, asko dira eremu horretan bizi diren gutxiengo etnikoak; adibidez khamuak, hmong-ak, thai-ak eta yaoak. Interesgarria da haiekin berriketan saiatzea, hizkuntza jakin ez arren. Behin portutik berriro ere abiatu ondoren beste zazpi ordu geratuko dira helmugara iristeko.

Asiako hiririk erromantikoena dela diote. Iritzi hutsa izan arren, egia da Luang Prabangek liluratuta utziko gaituen atmosfera berezia duela. Hiria herrialdeko gune erlijioso, espiritual eta turistiko nagusia da.

Gomendioetako bat da goizean goiz esnatzea monjeen goizeko errutina ikusteko. Zalantzarik gabe, turista gehien erakartzen dituen jarduera da. Monjeak goizetan ilaratan irteten dira eta, herria zeharkatzen duten bitartean, jendeak eskaintzan ematen dizkien gauzak jasotzen dituzte. Egunero goizeko 5:30ean ikus daitezke alde zaharrean.

Thailandian jirafa emakumeak bisitatzea esperientzia kultural bat da, Karen tribuaren bizitza gertutik ezagutzeko aukera paregabea. Tour gidatu bat kontratatzea da bertara iristeko modurik egokiena. Chiang Rai hiritik egunero irteten dira ibilaldiak. (Ura ITURRALDE)

Luang Prabang, Laosen. Phousi menditik lortzen da panoramikarik ederrena. 100 metro inguruko garaiera duen muino sakratua da, hiriaren erdigunean kokatua. (Ura ITURRALDE)

Phu Si mendira igotzea ere aholkatzen dute, bertatik ikuspegi ahaztezinaz gozatzeko. Herriaren bihotzean kokatuta dago eta mendi sakratua dela diote. Elezaharraren arabera, bertan Naga (suge mitologiko budista) handi bat bizi da, hiriko eta ibaiko izpiritu txarren babesle dena. Gaur egun, oso toki berezia da Luang Prabangeko biztanleentzat, goialdetik hiriburuko tenplu guztiak ikus baitaitezke.

Oro har, Thailandia-Laos bidaia egin nahi duten turistak Bangkoketik sartu eta Laoseko hiriburu Vientianetik itzultzen dira etxera hegazkinez. Luang Prabangetik autobusak hamar ordu inguru behar izaten ditu Vientianera heltzeko. Hasiera batean hain polita ez dirudien hiri horretan, dena dela, badaude zenbait leku bisitatzea merezi dutenak.

Pha That Luang, Vientian, Laosen. Urrezko estupa budista bat da, oso famatua bere ikusgarritasunarengatik. (Ura ITURRALDE)
VIENTIAN

Hiriko tenplurik garrantzitsuena Pha That Luang da. Kondairak dioenez, Asoka errege hinduak bidalitako zenbait misiolarik eraiki zuten eta barruan Budaren erlikia bat gorde zuten, bularrezur zati bat. Mendeetan zehar urrezko estupa hau hamaika aldiz suntsitu eta espoliatu dute, baina baita berriz eraiki ere. Sarrera guztiz doakoa da eta zenbait eraikin budistaz eta lorategi koloretsuz osatuta dago. Hori bai, Pha That Luang barrutik ikusi nahi duenak ordaindu egin beharko du.

Bestalde, atzerritarren artean, bada oso ospetsua bilakatu den irteera erraz bat, Vientianen hasi eta Buda Park-en amaitzen dena. Hogeita bost kilometrora kokatzen den parke honetara iristeko, Talat Sao geltoki atzealdetik hamabost minutuero irteten den hamalaugarren autobusa hartu behar da eta ordubete inguruan iristen da helmugara.

Buddha Park, Vientian. Hiriburutik 25 kilometrora aurkitzen den erlijio-parke budista bat da. Bertan, Budaren 200 estatua baino gehiago daude ikusgai beste irudi erlijioso askoren artean. (Ura ITURRALDE)

Urrearen triangelua. (Ura ITURRALDE)

Barruan ikusgai dauden zementuz egindako eskultura budista eta hinduen bildumak txundituta utziko du bidaiaria. Guztira, berrehun inguru dira, tamaina desberdinetakoak. 1958an ireki zuten eta primeran zainduta dago. Bisita atsegina da, ez baitu aurretik ikusitako tenpluekin zerikusirik.

Azkenik, afaltzeko leku aproposa Nam Phou Park izan daiteke. Naturarekin zerikusik ez duen arren, parke izendatutako gunea terraza txukun eta politak dituzten jatetxez inguratuta dago. Hala ere, guneko lekurik ikusgarriena erdiko iturria da. Hori bai, bidaian ahalik eta gehien gozatu ahal izateko, komeni da hau azarotik otsailera bitartean egitea, montzoi garaian euri jasak izugarriak izaten direnez, leku askotara ez baitago iristerik.