2025 AZA. 07 Mendietxe, alpinismoa gurtzeko santutegia Urtebete igaro da Azpeitian alpinismoari eskainitako Mendietxe museoa zabaldu zenetik. Alex Txikon mendigoizaleak bultzatu zuen proiektua, eta auzolanak gauzatu. Alpinismoak historian zehar izan duen garapena erakusten dute museoan ikusgai dauden milaka piezek. Goi mendietan erabilitako trajeen garapena ikus daiteke, zaharrenetik berrienera. (Gotzon ARANBURU | FOKU) Maddi Txintxurreta (Gotzon Aranburu | FOKU) T forma dauka Izarraitz mendikatearen magalean dagoen Azpeitiko Esklaben komentuak. Ezker hegaleko eraikina Mugimendu Sozialistako gazteek okupatuta daukate; eskuin hegalean etxebizitza sozialak daude. Erdian dago Mendietxe, alpinismoa gurtzen duen museoa. Museoko atetik sartu eta pare-parean dago bigarren ate bat. Ezkutatu zezakeen trasteleku bat edo areto txiki bat. Baina eliza bat gordetzen du museoaren bihotzean, organo erraldoi bat goiko pisuan, hiruzpalau andre behean, garbiketa lanetan. Meza, igandero. Fede desberdinen matrioxka bat Esklabetan. Hil diren mendigoizaleen omenez Maitane Azurmendik sortutako ilustrazioak. (Gotzon ARANBURU | FOKU) Maitane Azurmendi artista ari da Mendietxeko ate horiek guztiak irekitzen. Zarata entzuten da goian, Alex Txikon museoaren sortzailea eta alpinista lanean ari da anaiarekin batera, bigarren pisua etorkizunerako prestatzen. Bisitaren amaieran, erratza askatu gabe eta obrako hautsak sortutako estalkiaren atzetik, azaldu du instituzioekin, EAEko eta Nafarroako mendi federazioekin eta Euskal Mendizaletasunaren Museoarekin (EMMOA) erdietsitako hitzarmenari esker, toki hori Euskal Herriko mendizaletasunaren gune nagusi bilakatuko dutela. EMMOaren ondarea bertan erakustea da asmoa. «Ea gai garen aurten inauguratzeko», esan du Txikonek, hautsaren atzetik. Elurretako betaurrekoak. (Gotzon ARANBURU | FOKU) Argazki benetan ikusgarriekin gozatuko du bisitariak museoan. (Gotzon ARANBURU | FOKU) Baina lehenengo animaliak ikusi behar dira. Azurmendik garamatza lehenengo galeriara. Disekatutako piztiak daude, Marco Polo gisa ezagutzen den argaliak ematen du atentzio gehien, baina lehoia eta hartz zuria ere badaude. Itsas txakur bat ere bai, Donostiako arrantzale batzuen sareetan trabatuta hil zena. Lehoiaren burua laztandu bitartean, Azurmendik azaldu du Esklaben komentua Luciano Soraluzek erosi zuela 1998an 81.000 milioi pezeta baino gehiago ordainduta, eta hark ireki zizkiola ateak Mendietxeri. Egiaz, hainbat pertsona daude 2024ko urtearen hondarrean ireki zen museoaren atzean, eta Azurmendik behin eta berriro errepikatu du auzolanak egin duela Mendietxe. Lan horren bihotzean daude Azurmendi bera eta Txikon. «Alexentzat, beste zortzimilako bat da hau», esan du. Alpinisten jantziek eta ekipamenduek hamarkadetan zehar izan duten bilakaera argi erakusten duten objektuak ikus daitezke, besteak beste, botak. (Gotzon ARANBURU | FOKU)PORRU BAT YOSEMITEN Milaka pieza daude museoan, tentuz zainduta eta espazioaren estetikari gorazarre egiteko moduan ikusgai jarrita. Begi-niniak dardara egiten dute, hainbeste piezaren artean zer fokuratu ezin asmatuta. Margolari bizkaitarrak laguntzen du begirada destatzen. Dozenaka piolet erakusten dituen paretan, erdian dagoena da zaharrena, K2 mendira historian eginiko lehenengo igoeran erabili zuten 1954an. Txikonek 2004an pieza berreskuratu zuen, eta museoak erakusten duen elementu preziatuena da orain. Dozenaka piolet erakusten dituen paretan, erdian dagoena da zaharrena, K2 mendira historian eginiko lehenengo igoeran erabili zuten 1954an. Txikonek 2004an berreskuratu zuen pieza Existitzen den “friends” handiena ere Mendietxen dago. Arroketako edo izotzezko arrailetan kokatzen dira tresnok, eta bertara katigatzen da mendizalearen bizitza bera. Doratua da handiena, halako hiru besterik ez daude munduan; bat, Azpeitian. Txakurrek eta zaldiek tiratzen zituzten egurrezko leren artean, haurrentzako bat dago, Borboiena izan zena. Paradoxikoki, Zarzuelatik Esklabetara bidea egin du. Egurrezko eskiak. (Gotzon ARANBURU | FOKU) Mendi garaietatik jasotako oxigeno-botilak daude ikusgai. (Gotzon ARANBURU | FOKU) Hala ere, erlikiek bezainbesteko garrantzia dute bildumek: Lemoako mendigoizaleak azken hogei urteetan eskuratu duen ondarea izugarria da, tamainarengatik bezala –mila piolet baino gehiago ditu–, garrantzi historikoarengatik. Alpinismoa egiteko eta bizitzeko moduek denborarekin izan dituzten aldaketen denbora lerroa da museoa bera. Txikonek mendietatik jasotako oxigeno bonbonen bildumatik, zaharrena eta berriena besotan hartzeko aukera eman du Azurmendik; astuna da lehenengoa, arina bestea. Goi mendietan erabilitako trajeen garapena ikus daitezke, zaharrenetik berrienera; azken biak Txikonek berak erabili zituen Nanga Parbatera eta Manaslura neguan egindako espedizioetan. Egurrezko eski zaharrak erakutsi ditu Azurmendik, 1780koa da zaharrena, eta azaldu du arestian ez zirela kirola egiteko erabiltzen, elurretan mugitzeko beharrezko tresnak zirela, ez zituztela lagun bi makila, bakarra baizik, eta «arrauna» esaten zitzaiola makilari. Itsas txakurraren ileekin egindako eskiak ere badaude; horien kasuan, ileen norabideak agintzen zuen balazta. Irudi batek sosegua ematen du: Dean Fidelman, beste mendigoizale hippy batzuekin, Yosemiteko tontorrean porru bat erretzen. Garaiak aldatu egiten dira. Gaur Everest bortxatzen duten turistek ezingo dute horrelakorik bizi Eskalatzeko egurrezko estribuak, egungo influencer batek gogoz ordainduko lituzkeen motxila zaharrak, sokak, dozenaka mazo, betaurrekoak, mosketoiak… atzera ere begi-ninien dardara. Irudi batek sosegua ematen du: Dean Fidelman, beste mendigoizale hippy batzuekin, Yosemiteko tontorrean porru bat erretzen. Garaiak aldatu egiten dira. Gaur Everest bortxatzen duten turistek ezingo dute horrelakorik bizi. Milaka pieza daude museoan, tentuz zainduta eta espazioaren estetikari gorazarre egiteko moduan ikusgai jarrita. (Gotzon ARANBURU | FOKU) AZKEN SEKRETUA Beste ate bat ireki du Maitane Azurmendik, ganbara erakusteko. Espedizioak etxean hasten direla dio, eta zintzilik daude mendira eramateko beharrezko arropak eta tresnak. Guztiak, ordea, ez dira etxera bueltatzen, eta ganbararen eskuineko paretan mendiak bizitza galdu duten hainbat pertsonaren ilustrazioak ikus daitezke, Azurmendik egindakoak. Bertan daude Ali Sadpara pakistandarra, Felix Iñurrategi aretxabaletarra, Manu Badiola errenteriarra. Bertan dago Miriam Garcia Pascual tafallarra ere, 30 urte bete aurretik Indiako Pico Meruk desagerrarazi zuena. Materiala nola aldatu den argi ikusten da Mendietxen. (Gotzon ARANBURU | FOKU) Pioleten bilduma erraldoia dago museoan. (Gotzon ARANBURU | FOKU) Hark eta beste mendigoizale askok ikusi dituzten izarrak Mendietxe museora jaitsi ditu Maitane Azurmendik, mural handi batean. Lanak bukatutakoan, murala dagoen gelan egongo dira igogailua eta eskailerak. Goiko pisuan gertatuko denak, momentuz, hautsak ezkutatzen du, baina argi izpi batzuk erakutsi ditu Azurmendik. Antzinako aterpetxe baten erreplika egiten ari dira; egurrezko literak daude, sukalde ekonomiko bat, harrizko konketa bat. Atzean, Mendietxeko matrioxkaren azken sekretua: ermita txiki bat, eta mendiak abarkak jantzita gobernatzen zituen Amorebietako Andres Espinosaren irudi bat. Eta, paretan, beste mural bat, Maitane Azurmendik egindakoa hau ere, Oteizaren omenez: Nestor Basterretxearen Kristoa, alboan hamalau apostoluak dituela. «Bai, hamalau!», berretsi du Azurmendik. Ignaziotarren Bidean dagoen museoaren kutsu erlijiosoa agerikoa da; gurtzen den erlijioa desberdina bada ere. Ganbararen eskuineko paretan mendiak bizitza galdu duten hainbat pertsonaren ilustrazioak ikus daitezke, Azurmendik egindakoak Zeren, hamalau apostoluen izenak, Pedro, Judas eta abar bainoago, ondokoak izan zitezkeen: Everest, Kangchenjunga, Lhotse, Makalu, Cho Oyu, Dhaulagiri, Manaslu, Nanga Parbat, Annapurna, Gasherbrum, Broad Peak, Gasherbrum eta Shisha Pangma. Inork dudarik balu, erdikoa ez da Alex Txikon; erdigunean mendigoizaletasuna urratu duten horiek guztiak daude. «Hau alpinismoaren euskal museoa da», berretsi du lemoarrak. Spoiler gehiago ez. Prestatu begi-niniak eta erdu Mendietxe museora. Txikonek mendietatik jasotako oxigeno bonbonen bildumatik, zaharrena eta berriena besotan hartzeko aukera eman du Azurmendik; astuna da lehenengoa, arina bestea