bidaiari - bidaia aldizkaria

Annecy, kanalez ureztatutako hiria Alpeetan

Annecyk triangelu perfektua osatzen du Chamonix eta Geneva hiriekin batera. Erdi Aroko hiri alpetarra da, mendien arteko laku handi baten ertzean kokatua eta zenbait ubidek zeharkatua. Gaztelua eta katedrala ere baditu. Chamonixetik 102 kilometrora eta Genevatik 43ra dago. Autobusez eroso egin daitezkeen ibilbideak dira.

Annecyko lakua. (Getty Images)

Chamonixeko egonaldi baten osagarri egokia da Annecy. Han egonez gero, merezi du Frantziako Alpeetako haran enblematikoenera hurbiltzea, mendikate osoko gailurrik garaiena duena, Mont Blanc (4.805 metro). Alde zaharra XII. mendekoa da. Hiria berezi eta deigarri egiten duen Thiou ibaiko ubide sare batek zeharkatzen du. Horregatik deitzen diote “Alpeetako Venezia”.

Aintzira, Pirinioetako mendiz inguratuta. (Marjorie Speiser | Getty Images)

La Visitación basilika. (Getty Images)
Pont des Amours. (Jean-Luc Ichard | Getty Images)

Aintziraren ondoan Europako eta Champs de Mars lorategiak daude, Pont des Amours-ek (Maiteminduen zubia) bereizita. Ilunabarrean giro atsegina sortzen da, herritarrak belar gainean esertzen baitira senideekin eta lagunekin une lasaiak partekatzeko.

Udan, batez ere, plazer handia da aintzira bizikletaz inguratzea, hainbat hondartzatan geldialdiak eginez. Itsasbazterrak zoragarriak dira, ikusgarriak, eta urak 24 gradu inguruko tenperatura izaten du.

Aintziraren ikuspegia herritik. (Getty Images)

Herriko kanal nagusia, Pont Morens-etik ikusita. (Getty Images)

Annecyren irudi enblematikoetako bat da Palais de l’Isle (XII. mendea), ubideetako baten gaineko uhartean kokaturiko jauregia. Garai batean Genevako kondeen bizilekua izan zen; ondoren, kartzela, justizia jauregia eta administrazio zentroa; eta gaur egun hiriaren historiari buruzko erakusketen egoitza da. Ziegak ere baditu.

Kanalaren ertzak loreontzi koloretsu handiz apainduta daude, eta kale estuak, berriz, tabernaz eta jatetxez josita. Batzuek janari tradizionala eskaintzen dute, hala nola tartiflette saboyana: patata, eskualdeko reblochon gazta urtuarekin nahasita.

Parapente egiten lakuaren gainean. Ohikoa da kirol hori egitea, txirrindularitza, alpinismoa, eskalada, mendiko lasterketak eta uretako jarduerak bezala. (Getty Images)
SAVOIAR NORTASUNA ETA INDEPENDENTZIA ESPIRITUA

Savoia Garaia Frantziako Rodano-Alpeak eskualdearen zati da. Annecy da hiriburua. Lurraldeak Chamonix eta Mont Blanc mendigunea hartzen ditu. Italiarekin partekatuta, Mendebaldeko Europako punturik altuena da.

Savoiar nortasuna suma daiteke bertan. Savoia Garaiko departamendua estatu independente baten parte izan zen 1860ra arte. Frantziari atxikitako azken metropoli-lurraldeetako bat izan zen.


Annecy –54.000 biztanle baino gehixeagorekin– hiri erosoa da ibiltariarentzat. Oinez ibil daiteke, arazorik gabe, oinezkoen eremu zabala eta garraio publikoen sare onak dituelako

XI. mendetik aurrera Savoiako Etxeak eratu eta gobernatu zuen, ondoren Italia bateratuko gobernarien dinastia bihurtu zenak. Jauntxo feudal handien familia horrek bere boterea Alpeak zeharkatzen dituzten bideen eta haitzarteen kontrolean oinarritu zuen.

‘Alpeetako Venezia txikia’ bezala ezagutzen den hiria, goitik ikusita. (M. Workman | Getty Images)

Eskualdea pasabide garrantzitsua izan da beti, bertako mendate handiak Italia eta Frantziaren arteko truke bideak zirelako. Hala ere, kulturen bidegurutze batean kokatuta egoteak ez dio eragotzi izaera propioa garatzea, bereziki independentzia espiritu sutsu batek markatua. Gaur egun ere savoiarrek beren nortasunaren sinboloei eusten diete, hala nola banderari, Savoiako dukeen armarriaren marrazkia duena (gurutze zuria atzealde gorriaren gainean) eta otsailaren 19an ospatzen den festa nazionalari (Savoiako konderria 1416an dukerri izendatu zuten eguna).

Annecyko gaztelua da nagusi alde zaharrean. XII. eta XVI. mendeen artean eraikia, Genevako kondeen eta Genevois-Nemourseko dukeen bizilekua izan zen. Barruan, Alpeetako herri artearen museoa dago

Frantsesa hizkuntza ofiziala eta elite administratiboena baino ez zen. Savoiarrek frankoproventzera eta inguruko beste dialektoak erabili zituzten 1950eko hamarkadara arte, gutxi gorabehera. Dialektoa, desagertzeko bidean egon arren, herri jakin batzuetan oraindik erabiltzen da. Tokiko berezitasunari gehitu beharko litzaioke mugakide dituen Italiako Aosta haranarekin eta Suitza frantsesarekin duen anaitasun nabarmena.

OINEZKOEN HIRIA

Annecy –54.000 biztanle baino gehixeagorekin– hiri erosoa da ibiltariarentzat. Oinez ibil daiteke, arazorik gabe, oinezkoen eremu zabala eta garraio publikoen sare onak dituelako. Gainera, hiriaren zatirik handiena ordeka da, gaztelura eta Bisitazioaren basilikara joateko bideak izan ezik. Nolanahi ere, ahalegin handirik gabe igo daitezke bertaraino daramaten aldapa eta eskailerak.

Annecyko gaztelua da nagusi alde zaharrean. XII. eta XVI. mendeen artean eraikia, Genevako kondeen eta Genevois-Nemourseko dukeen bizilekua izan zen. Barruan, Alpeetako herri artearen museoa dago. 1959ko urriaren 12tik Frantziako monumentu historikoen zerrendan ageri da.

Aintzirako bazterrak ezagutzeko modu egokia da bizikletaz inguratzea. 39 kilometro dira, 300 metroko desnibelarekin, gehiena bidegorritik

Annecyko basilika, Semnoz mendigunera igotzen den lehenengo mendi-adarrean eraikia, edozein tokitatik ikus daiteke, baita kilometro batzuetara ere, kanpandorreak 72 metroko altuera duelako eta 7 metroko brontzezko gurutze batek koroatuta dagoelako. 1949an sagaratua, hiriaren iragan erlijiosoaren ikurra da.

Palais de l "Île, Annecyren irudirik tipikoenetakoa. (Getty Images)

Elizek tradizio gotikoa dute. Esate baterako, Saint Pierre katedralaren fatxada errenazentistaren atzean nabe gotiko nagusi bat ezkutatuta dago. Geneva hiria Joan Kalbinok sustatutako erreforma protestantera pasatu zen 1538an, eta Eliza katolikoko kideak Annecyra erbesteratu ziren. Saint Pierre elizak Genevako apezpikua hartu zuen garai hartan.

ANNECYKO AINTZIRA, GARBIENA

Annecy aintzira Frantziako garbiena eta bigarren handiena da, 50 kilometrora dagoen Bourget aintziraren ondotik. Duela 15.000 urte baino gehiago sortu zen glaziar alpetarren urtzetik. Inguruko mendietako hainbat ibaitako uretatik eta 82 metroko sakoneran jaiotzen den urpeko iturri batetik elikatzen da. Gehiegizko ura Thiou ibaira eta hiriko alde zaharra ureztatzen duen Vaseé ubidera botatzen du.

Aintzirako bazterrak ezagutzeko modu egokia da bizikletaz inguratzea. 39 kilometro dira, 300 metroko desnibelarekin, gehiena bidegorritik; honenbestez, ez dago arriskurik, baina komeni da kontuz ibiltzea, zenbait txirrindulari abiadura handian ibiltzen baitira.

Annecyren beste pizgarri nagusietako bat da aintzira inguratzen duten mendi alpetarretara txangoak egitea. Lineako autobusez joan daiteke eta, gora iritsitakoan, ibilbide erakargarriak egin daitezke inguruko mendietan; Mont Blanc inguruko bide malkartsu eta bertikalak baino atseginagoak dira. Udan, eski estazioak basalorez jositako zelai koloretsu bihurtzen dira.