1977/2024 , 23 février

Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Jose Afonsoren heriotza, bere 'Grandola Vila Morena'-k abiatu zuen iraultzaren epitafioa

Horrelako egun batean hil zen, 1987an, Jose Afonso abeslari portugaldarra, 'Grândola, Vila Morena' abestiarekin Krabelinen Iraultza literalki abiatu zuena. Heriotzak umezurtz utzi zuen pixkanaka eraisten ari ziren iraultza, baina mende erdia igarota ere, munduko ezkertiarrentzat ereserki ederra izaten jarraitzen du.

Militarrak eta herritarrak, 1974ko iraultzan
Militarrak eta herritarrak, 1974ko iraultzan (CIS/Alfredo Cunha | EUROPA PRESS)

Gaurkoa bezalako egun batean hil zen, 1987an, Jose Afonso abeslari portugaldarra. Izenak ezer gutxi esaten badizu, agian ezagunagoa eginen zaizu 'Grandola Vila Morena' abestia, 1974an Krabelinen Iraultza martxan jartzeko pasahitza. Urte hartako apirilaren 25ean, Radio Renascenza irrati katolikoan kantua noiz entzun zain zeunden militar iraultzaileak, Salazar diktadorearen agintaldia bertan behera utziko zuen gertaera-soka martxan jartzeko. Gaueko 23.00etan izan zen. Ordutik, mundu osoko ezkertiar iraultzaileen ereserki ederrenetakoa da.

Zapore mingotsa dauka, ordea, 'Egin'-ek eskaini zion heriotza-oharrak, Afonsoren heriotza Krabelinen Iraultza haren gainbeherarekin lotu baitzuen. «Ikurrik gabeko zapi gorri batek estalitako hilkutxa batean lurperatuko ditu gaur Portugalek Jose Afonso abeslaria eta hilzorian dagoen iraultza», zioen lehenengo paragrafoak, lakonikoki.

Aurreko egunean, Anibal Cavaco Silva lehen ministroak laborantzaren eremuan iraultzak egindako erreforma bertan behera utzi zuen, eta martxan zegoen konstituzio apurtzailearen enegarren berrikuspena.

Afonso hiltzerako, iraultza haren protagonista guztiak politikako lehen lerrotik baztertuta zeuden dagoeneko, 'Egin'-en errepasoaren arabera. Vasco Lourenzo kapitaina kuarteletan bueltan zen; Otelo Saraiva de Carvalho, iraultzaren aurpegia, preso zegoen, terrorismoa egotzita; Rosa Coutinho 'almirante gorria' ahanzturan galduta zegoen, Vasco Gonzalves, Vitor Alves edo Galvao de Melo bezala.

Bitartean, 1987 hartan, Europan biztanleko diru sarrera baxuena zuen herria zen Portugal. Populazioaren %35 pobrezian bizi zen, garaiko estatistiken arabera.

Dolurik ez, heriotzan

Inor doluz ez janzteko eskatua zuen Afonsok, eta horrela errespetatu zioten, 1982an diagnostikatu zioten alboko esklerosi amiotrofikoak hil eta gero. «Ziur nago benetan sendatuko nindukeena beste apirilaren 25 bat izango zela, nire arazo eta min guztiekin bukatuko luke», esan zuen bere azken urteetan Zeca izenarekin ere ezaguna zenak, aurten 50 urte beteko dituen iraultza abiatu zen eguna gogoan.

Jose Afonsoren oroigarria, Grândola herrian. (WIKIPEDIA)
Jose Afonsoren oroigarria, Grândola herrian. (WIKIPEDIA)

Jon Odriozolak komentario txiki batean jaso zituen Afonsok bere abeslari karrera azaltzeko erabiltzen zituen hitzak: «Bizitza guztia eman dut abestiak baldintza prekarioetan egiten, komunikazio indartsu bat lortzea izan da nire kezka, lanak perfekzionatzea baino».

Lortu zuen, lerro hauek dira ebidentzia. Afonso hil zen, eta krabelinen iraultza zatika eraitsi zuten kapitain matxinoen ondorengoek. Baina iraultza egin, egin zuten, eta diktadurarekiko kateak apurtu zituzten. Espainian auzia frankismoaren erreforma beste ireki izan den bitartean, Portugalen iraultza bat bertan behera uztea izan da establishmentaren zioa azken mende erdian. Bada aldea.

Eñaut Elorrietak euskarazko hitzak jarri zizkion, mendi erdi eta gero, askori oraindik oilo ipurdia jartzen dion ereserkiari.