1977/2024 , 24 février

Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Mende laurden bat eta gero, gerra itzuli da Europara

Duela bi urte hasi zuen Errusiak Ukrainako gerra. Putinek ez du lortu NATO bere mugetatik urruntzea, eta Europa garesti ari da ordaintzen Moskuri ezarritako zigorrak. Bitartean, mundu mailako gastu militarrak goia jo du eta Pablo Gonzalezek epaiketa gabe kartzelan jarraitzen du.

Bonbardaketek suntsitutako Jarkov hiriko etxebizitza bloke bat.
Bonbardaketek suntsitutako Jarkov hiriko etxebizitza bloke bat. (Roman PILIPEY | AFP)

«Errusiak bide diplomatikoa dinamitatu eta gerraren aldeko apustua egin du Ukrainan». Titular honekin eman zuen GARAk Ukrainako gerraren hasieraren berri, gaur duela bi urte. Gerra irekirik gabeko mende laurden eta gero, bonbardaketa hotsak itzuli ziren Europara.

Eraso azkarrak Kiev izan zuen jomuga, eta lehenengo egunetan, Errusiarentzat paseo erraz eta azkar bat izan zitekeela zirudien. Ukrainaren erantzunak, Europak eta AEBek hasieratik lagunduta, lehenengo kolpea eten zuen, ordea. Bigarren urteurren honetan ere balio du 2023ko otsailaren 24an GARAren azalak zekarren lerroburuak: «Konponbide azkarrik gabeko gerrak urtebete bete du».

Lehenengo egun haietan, 2022ko otsailaren 28an, zehazki, atxilotu zuten Polonian, Ukrainako gerraren testuinguruan, Pablo Gonzalez kazetaria, errusiarrentzat espiatzea leporatuta. Etxe honetako berriemaileak bi urte beteko ditu behin-behineko kartzelan datorren asteazkenean, epaiketarik gabe, akusazio zehatzik gabe eta isolamendu egoera gogor batean.

NATOko herrialdeek militarki eta ekonomikoki lagunduta, Ukrainak kontraerasoari ere ekin zion iaz, baina arrakastarik gabe. Aurreko astean Adviivka hirian errusiarrek garaipen estrategikoa lortu zuten, baina mugimendu hori kenduta, frontea ez da gehiegi mugitu azken hilabeteetan, adituen ustez Moskuri mesede eginez. Aste honetan bertan argitaratutako inkesta baten arabera, soilik europarren %10ek uste du Kiev-ek gerra irabazi dezakeela.

Gastu militarra eta arrisku nuklearra, gora

Inork ez daki noiz eta nola amaituko den gerra, zailagoa izaten baita horrelakoak bukatzea, hastea baino. Baina dagoeneko ondorio batzuk aletu daitezke. Maila militarrean, arma-lasterketa piztu du beste behin, industriaren mesederako eta aurrekontu publikoen kalterako. Stockholmgo Bakerako Nazioarteko Ikerketa Institutuaren arabera, mundu mailako gastu militarrak goia jo zuen 2023. urtean, Europaren gorakadak bultzatuta. Hori bai, gastu militarrean jaun eta jabe Washington da oraindik, mundu osoko gastuaren %39 bereganatuz. Txina eta Errusia dira zerrendan hurrengoak. Hiruren artean mundu osoko aurrekontu militarraren %56 hartzen dute.

Geoestrategikoki, zaila da gauzak nola bukatuko diren aurreikustea, baina, Europa mailan, ez dirudi Errusia bere helburuak lortzen ari denik. NATO bere mugetatik urruntzea baldin bazen helburu nagusietako bat, gerra hotzak lortu ez zuena lortu du Ukrainako gerrak: Finlandia eta Suedia bezalako herri «neutralak» NATOren barruan sartzea.

Eta mundu guztia arduratu behar lukeen eta gutxitan aipatzen den arrisku nuklearra mahai gainean jarri du gerrak nabarmenki.

Irabazle gutxi gerra honetan

Horrek ez du esan nahi Europa abantaila handirik lortzen ari denik, ezta gutxiago ere. Hasteko, gasa Europako Batasunera iristeko existitzen ziren bide nagusiak, Nord Stream gasbideak, suntsituak izan dira, autoretza ezagunik ez, baina pista ukrainarrak dituen sabotaje ekintza ikusgarri batean.

Europak Errusiari ezarritako zigorrak nor gehiago kaltetu duen ere eztabaidatu daiteke. Energiaren prezio altuei eta gerrara bideratutako industria esfortzuari esker, ekonomia errusiarra hazi egin zen iaz. Europako Batasunean, aldiz, atzerapenarekin jolasten ari dira Estatu asko, Alemania bera kasu.

Energiaren prezioaren atzean arrazoi gehiago daude, baina Errusiako lehengaiei ezarritako debekuak energiaren prezioa gora eraman zuen modu nabarmenean. Une larrienak 2022ko udakoak izan ziren, Europa osoa murrizketaz beterik etor zitekeen negu baterako prestatu behar izan zenean. Negu oso epel batek lagunduta, hilabete hotzek ez zuten horrenbesteko estutasunik eragin, baina energiaren prezioak gerra hasi aurretik baino garestiago daude oraindik gaur egun. Testuinguru honetan, industria AEBetara eta energia prezio hobeak dituzten herrietara begira jarri da, Europaren posizioa ahulduz.

Eta energiaren prezioa igotzen bada, dena igotzen da, erregai fosilekiko mendekotasun arduragabea daukan gizarte honetan. Inflazioa, alegia, bizitzaren garestitze orokorra izan da gizartearen kezka nagusia azken urteetan. Arrazoi bakarra ez da Ukrainako gerra, jakina, baina eragin handia izan duenik ezin uka. Eguneroko bizitzaren alor guztiak ukitu ditu, etxebizitzaren preziotik, elikagaien saskira, eta, laguntzak egon diren arren, hilabete bukaerara iristea zaildu zaie familia askori. Artean, oinarrizko produktuen prezioak soldatak baino askoz ere gehiago igo direlako.

Azken adibidea nekazariek eman dute azken asteetan. Haien kasuan, Ukrainako zerealei ateak ireki izanak prezioen beheratzea ekarri du, eta ez dute produkzio kostuak berdintzeko adina irabazten.

Eztabaida daiteke nor ari den irabazten gerra, baina Europa galtzen ari dela esan daiteke beldur gehiegirik gabe.