1977/2024 , 2 mars

Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Euskadiren eta Sobietar Batasunaren selekzioen arteko partida San Mamesen

'Egin'-ek apenas zeramatzan hilabete gutxi batzuk martxan, gure hedabideentzat beti arreta berezia eragin duten euskal futbol selekzioaren partida horietako bat jokatu zenean. Sobietar Batasuneko selekzioa izan zuen aurrez aurre San Mamesen, 1978ko martxoaren 2an.

Bi selekzioak elkarrekin jarri ziren argazkia ateratzeko.
Bi selekzioak elkarrekin jarri ziren argazkia ateratzeko. (EGIN)

1930eko hamarkadako aldi esanguratsu hartan, futbol selekzioak izandako jarduna amaitu ostean, aro berriari ekin zitzaion 70eko hamarkadan. Berpizkunde horren ikurtzat 1979ko abuztuan jokatutako partida hartu izan da. Bilboko Aste Nagusian San Mamesko zelaian jokatu zen, Irlandaren kontra. 4-1 irabazi zuen selekzioak. Polemika ere izan zen, Espainiako Gobernuak debekatu egin baitzuen partidaren hasieran euskal ereserkia jotzea ('Gernikako Arbola'). Horren ondorioz, Garaikoetxea lehendakariak palkoa utzi zuen.

Horren aurreko partida Sobietar Batasunaren kontra jokatutakoa izen zen. Gaur 46 urte beteko dira. 'Egin'-ek azken orrialdera eraman zuen informazioa. Ohikoa zen egunkari hartan iluntzean gertatzen ziren albisteak orrialde horretan eskaintzea. Urte askotan utzi zuen azken orrialdea azken ordurako.

Kronika laburra zen, eta, bertan azaldutakoaren arabera, partida oso eskasa izan zen. 0-0 amaitu zuten norgehiagoka. 25.000 lagun elkartu ziren San Mamesen. Jendea aspertu egin zen, eta harmailetan Athleticen zigortuta zegoen eta egun hartan taldean ez zegon Txetxu Rojoren aldeko oihuak entzun ziren. Hain zuzen, partidaren kronikari Rojoren egoerari buruzko ohartxo bat gehitu zion kazetariak, Athleticeko presidenteak auzia amaitutzat jotzen zuela esateko. Nonbait, azken orrialde horretako lekua aprobetxatu beharra zegoen, albiste nahasi samarrak egin arren. Betis futbol talde andaluziarrari buruzko aipamen txiki bat ere gehitu zuten.

Zaldua, Lasa, Escalza, Alesanco, Esparza, Villar, Igartua, Churruca, Dani, Aitor eta Argotek osatu zuten hasierako hamaikakoa. Atsedenaren ostean, Odriozolak, Goicoecheak, Amorrortuk eta Vidalak Esparza, Escalza, Dani eta Churruca ordezkatu zituzten. Koldo Agirre izan zen entrenatzailea.

Erakundeen ordezkariak

Ikusleen artean, Athleticeko eta Realeko presidenteak zeuden, Beti Duñabeitia eta Jose Luis Orbegozo, hurrenez hurren, eta baita Ramon Rubial Euskal Kontseilu Nagusiko presidentea eta sortu berri zen erakunde horretako beste hiru kide ere: Juan Iglesias (alderdi sozialistakoa, Rubial bezala) eta Juan Ajuriagerra eta Mikel Isasi jelkideak.

Adierazpen xelebreak jaso zituen 'Egin'-eko kronikak. Juan Ajuriagerrak futbola asko aldatu zela esan zuen. Bera Athleticeko bazkidea izandakoa zela, baina aspaldi baja eman zuela, ez zituelako sei erreal ordaindu nahi. Aspaldikoa behar zuen, erreal bat pezeta laurdena zela kontuan hartuta.

Rubialek ere Athletic zaletzat aurkeztu zuen bere burua, bere talderik kuttunena Erandio bazen ere. Futbola asko gustatu bai, baina ez zuen ikusteko astirik.

Francoren heriotzaren ondotik, euskal selekzioaren lehen urratsak izan ziren. Orduz geroztik, garai ezberdinak bizi izan ditu selekzioak, ofizialtasunaren aldarrikapena ardatz. Gaur-gaurkoz, aldarrikapen izaten segitzen du.