Irrati eta telebistaren bidez jakinarazi zen Hugo Chavezen heriotzaren berria, eta telebistako irudietan, kupulako kideek inguratuta eta malkoei eutsi nahian agertu zen Nicolas Maduro, Chavezek berak bere ordezkoa izendatu zuena. 58 urte zituen Chavezek hil zenean.
Une erabakigarria zen, historikoa erabat, iraultza bolivartarraren komandanteak azken hatsarekin batera Venezuelako proiektua bertan behera eroriko zen esperantza baitzuten askok, horien artean Estatu Batuek babestutako oposizioak. XXI. mende hasieran, Venezuelan ez ezik, Latinoamerikan, botere orekaren aldaketa abiarazi zuen erreferentziazko pertsonaia desagertzearekin, beste une historiko baten atarian al geunden? «Chavez joan da, bere proiektua gelditu egin da» esaldi adierazgarria irakur zitekeen GARAren azalean. Hauxe baita honen guztiaren gakoa, eta, denboraren poderioz ikusi den legez, hauxe eztabaida gunea.
Interesgarria da, beraz, atzera begirada ariketa bat egitea, hamarkada baten buruan Venezuelak bizi duen egoera nahasi eta hauskorra nondik datorren jakiteko. «Jendeak ez du oraindik barneratu zer gertatu den. Venezuela Chavezik gabe?», horrela deskribatu zuen Caracasen nabari zen harridura Eduardo Rothek, Telesurreko kazetariak.
«Prozesu bolivartarrak une erabakigarria bizi du –idatzi zuen Alberto Pradillak Venezuelako hiriburutik–. Epe desberdinak dituzte: lehenik eta behin, 14 urtetan Miraflorestik Venezuela eta Latinoamerika osoaren errealitatea aldatu zuen presidenteari agurra emango zaio. Ondoren, estatuburu berria hautatzeko prozesuari ekingo zaio. Azkenik, epe luzera, buruzagi erraldoi hau gabe iraultzaren jarraipena zein izango den ikusiko da, zeren 'Eta orain zer?' da Nicolas Madurok Chavezen heriotza iragarri zuenetik errepikatzen den galdera nagusia».
«Erabat nahasita nabil», aitortu zuen David Lazkanoiturburuk, GARAko Mundua saileko arduradunak «Populista, zu» artikuluan. «Populismotzat, elite tradizionalen aurrean, herriak duen gobernatzeko sistema jotzen bada, Chavezi populista zela aurpegiratzea Venezuela lur jota utzi zuten eliteen alde egitea da».
Venezuelarekin dolu-egoeran sartuta, munduko begi guztiak han jarrita zeuden bitartean –10 egunetako hil kapera jarri zitzaion Chavezi, eta agurrerako munduko puntu anitzeko ordezkari politikoak Caracasera gerturatuta, horien artean orduko Gipuzkoako Diputatu nagusia, Martin Garitano–, hauteskundeen «usaina» nagusitu zen.
Iñigo Errejonek, garai hartan Podemoseko burua zenak, GARAko orrialdeetan Venezuelan zabaldu zen panorama politiko nahasia aztertu zuen, Chavezen desagerpenaren ostean, apirilaren 14rako hauteskundeetara deitu zelako: «Berehala egingo diren hauteskundeek, non berriro ere bi herrialde-proiektu aurrez aurre jarriko diren, lehen mailako garrantzi politikoa dute. Ez bakarrik prozesu demokratiko iraultzailearen jarraipena bermatzeko erabakigarriak direlako, baizik eta chavismoarentzat su-froga delako, lehen mailako nortasun politiko eta hegemonikoa dela erakusteko, izan duen katalizatzailearen biziraupen fisikotik haratago», idatzi zuen.
Bueno, Nicolas Madurok irabazi zituen orduko hauteskundeak –egoera nahasia zen erabat– eta 2025era arte Venezuelako lehendakaria izango da... Hori bai, krisi ekonomiko latz baten pean eta barne oposizioaren erasoen mamuen pean bizi den Venezuela baten buru da.
«Venezuela ez da sozialismo bolivartarraren paradisua, ezta hondamendi humanitario betean murgildutako diktadura ere», idatzi zuen Iñaki Etaiok orain lau urte, GAUR 8rako egin zuen artikulu sorta batean: «Venezuelako herriaren kontra AEBetatik ezarritako blokeo ekonomiko eta finantzarioa gerra hibrido baten parte da, beste agresio mota batzuekin konbinatuta: gerra diplomatikoa Venezuela bakartzeko, gerra mediatikoa errealitatea eta chavismoa desitxuratu eta interbentzio bat justifikatzeko, gerra psikologikoa herria etsipenera eraman eta kaleak desegonkortzeko, sabotajeak ekonomia eta bizitza zailtzeko, eraso paramilitarrak chavistak hil eta terrorea zabaltzeko...», zioen.
«Erronka handiei egin beharko die aurre Latinoamerikako bigarren 'marea gorriak'». David Lazkanoiturbururen 2022ko hausnarketa: «Bigarren aukera dute Latinoamerikako ezkerreko gobernuek eskuinaren eta botere ekonomikoen presioen gainetik politika aurrerakoietan sakontzeko –idatzi zuen–. Erronka handiak dituzte, ordea. Klase herrikoien ongizatea ahaztu gabe, estraktibismoari mugak jarri behar dizkiote. Eta ezkerraren norabidea geopolitikak edo eskubideek markatuko duten, hautu hori ere egin beharko dute».