1977/2024 , 4 avril

Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Entrevue
Jean-Louis Davant Iratzabal
Idazlea eta euskaltzaina, lekukoa eraman zuen lehen kilometroan 2003an

«Teilatuak bi malda ditu, bata eguzkitsua eta bestea iluna. Biak ikusi behar dira»

Jean-Louis Davant Iratzabal Ürrüstoi-Larrabilen sortu zen 1935ean. Idazlea, ingeniaria eta euskaltzaina da, euskalgintzak Zuberoan duen erreferente nagusietakoa. 88 urterekin, kontentu bizi da, herriko ekintza guztietan parte hartzen du eta pastoral baten laburpena emanen du Bordelen, heldu den apirilaren 21ean.

Jean-Louis Davant Iratzabal, 2003an, Korrikaren lekukoa eramaten lasterketaren lehen kilometroan, Maule-Lextarren.
Jean-Louis Davant Iratzabal, 2003an, Korrikaren lekukoa eramaten lasterketaren lehen kilometroan, Maule-Lextarren. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Jean-Louis Davant Iratzabal idazle eta euskaltzainak Korrikaren lekukoa eraman zuen 13. edizioko lehen kilometroan, 2003ko apirilaren 4ean, Maule-Lextarren. Bizi-bizirik ditu orduko bizipenak, baina ez da horregatik oroitzapenetan gelditzen, herrigintzari eta kulturgintzari lotua segitzen baitu bere 88 urtetan, ematen eta jasotzen. Opari bat izan da guretzat elkarrizketa hau, eta zuekin konpartitu nahi dugu harribitxia.

Nola bizi zara?

Ongi, xahar bat bezala, baina ezin negarrik egin, ni baino okerragorik bada, asko, eta kontentu, bai. Bizirik, eta osasunean ene adinean ez nago gaizki. Suerte hori badut.

Aitzinean dut 2003ko GARAren azala. Korrikaren 13. edizioan lekukoa eskuan agertzen zara, Maulen, bertatik abiatu baitzen lasterketa. Zein oroitzapen dituzu?

Oroitzapen oso onak aski, hunkigarriak, lehenbiziko kilometroa Euskaltzaindiari zegokion, eta ni Zuberoako euskaltzaina nintzenez, niri tokatu zitzaidan. Apirilaren 4a zen, ostiral arratsaldea, eguraldi ederra.

AEK-ko banderak ikusten dira argazkian, baita ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren aldeko kamisetak ere, Justizia espainiarrak itxi berria baitzuen kazeta, otsailaren 20an.

Edurne Broard zen orduan Korrikaren koordinatzailea, eta laguntzaile zuen Jakes Bortairu Iparraldeko AEK-ko arduraduna. Lehenbiziko kilometroa nirekin egin zuen. Abiatu ginen ez Mauletik, baizik Lextarretik, Lextarre baitzen zuberotarren hiriburua. Maule, aldiz, Zuberoako jaunaren eta gero erregearen hiriburua zen. Gero, biak elkartu ziren udaletxe bakarrean. Lextarreko pilota plazako kioskotik abiatu ginen. Karrika inguru bat egin genuen. Lehenbizi Lextarretik, gero zubia pasatu ikastetxe ondoan, eta gero jarraitu Mauleko karrikatik. Segitu zuen Donibane Garazirantz, eta nik lekukoa lagun bati utzi nion karrika horren erdialdean.

 

Edurne Brouard zen orduan Korrikaren arduraduna, eta berak altxatu zuen mezu sekretua testigu barnean, Mauletik Euskal Herri osora hedatzeko. Ondoan, Davant, lehen lekuko eramailea. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Lekukoa pasatuta jarraitu al zenuen lasterka?

Adin bat banuen ordukoz, 68 urte banituen, eta nahikoa egin nuen [irriz]. Baina ez nintzen horretan gelditu, zeren Korrika Iruñean bukatu zen, apirilaren 13an, igandea kari, eta bukaerara joan ginen emaztea eta biak Baionako bikote lagun batekin. Azken kilometroan lekukoa ekarri zuen Martxelo Otamendik, ‘Egunkaria’ kazetako zuzendariak. Zoriondu nuen, eta hor trukatu genituen gure kamisetak. Biak kontent.

Ze polita, zenbat istorio dituen Korrikak!

A, bai, bai. Herritarren lasterketa da.

Zuk zein lotura duzu Korrikarekin? 13. edizioan handia, baina bertzeetan ere parte hartu al duzu?

Gehienetan parte hartu dut, salbu batzuetan kanpoan gertatu naizenetan. Hemen Zuberoan, eta Hazparnen, han lan egiten bainuen, bi aldiz parte hartu dut, lekukoa ekarri ere bai. Zuberoan ere behin baino gehiagotan ekarri dut lekukoa kilometro batean.

Korrikaz aritu gara, baina jakin nahi nuke, bizitza oso batez euskalgintzaren inguruan arituta, nola ikusten duzun gaur egun euskararen egoera Euskal Herrian.

Lan asko egiten da, baina falta zaiguna da mintzatzea. Hori da erronkarik handiena: dakitenek mintza dezaten. Hara. Hori da behar dena ene ustez, horretara animatu daitezen: euskaldun guziekin euskaraz mintza.

Zer erranen zenuke Zuberoako egoeraz? Agian gauza batzuk irabazten ari dira, eta bertzeak galtzen.

Hori da. Xaharrak, euskaldun ginenak, joaten ari gara. Gero, asko galdu da, eta azkenean, eskolatik berpizten ari zaigu. Beraz, teilatuak bi malda ditu, bata eguzkitsua eta bestea iluna. Biak ikusi behar dira.

Begira ze ederra. Batzuetan iluna ikusten dugu bakarrik, eta etsipenean erortzen gara.

Eguzki gehiago ekarri behar diogu bigarren malda ilun horri. Ez gara etsitu behar, beti aurrera egin behar dugu. Ni euskalgintzan sartu nintzenean, hogeita bizpahiru urtetan, banekien atzera eginen zuela, zeren Iparraldean bederen hori sentitzen zen. Orduan ez genekiena zen ikastolak izanen zirela, AEK izanen zela. Eta Iparraldeko kultura egokituko zela egoera etsai horretara. Bai pastorala, bai maskaradak, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko teatro herrikoia berpiztu da eta berritu da, eta hori ez zen ikusten orduan, oso ilun ageri zen panorama. Beraz, gauza batzuk galdu ditugu, hori aldez aurretik bagenekien. Eta irabazi ditugunak ez genituen ikusten. Eta horiek ere etorri dira. Beharrik. Askoren lanari esker.

Nola ikusten duzu geroa? Eguzkia zabaltzen joan al daiteke?

Uste dut baietz. Euskal Herrian botere batzuk baditugu lehenago ez genituenak. Ez aski, baina hor daude, eta behar da botere gehiago irabaztea. Kulturan bereziki ahalmen batzuk baditugu, eta baliatu egin behar ditugu, eta handitu ere bai, zabaldu.

Ahal duten guztiek Korrikan parte hartzeko esango nuke lehenbiziko, eta euskaraz mintzatzeko. Bestalde, politikan ere aurrera egin behar da. Ez pentsatu dena irabazia dugunik, gero eta gehiago behar da. Hara.

A ze mezu onak eman dizkidazun!

Normalak, nik uste. Askok pentsatzen dutena.

Baina bizitu duzun guztia eta gero, itxaropena ematea garrantzitsua iruditzen zait.

Hori da, itxaropena atxiki behar dugu, eta ekin, hitzez eta obraz ekin.

Bai, azkenean gauza pila bat egiten ditugulako ongi, Korrika da adibidea.

Egia da. Autogestio bati esker ateratzen gara aurrera. Inork ez digu oparirik egiten, ez eta eginen. Beraz, geuk egiten ditugunak irabaziko ditugu. Hori da urte askoz egin dena, eta aurrera jarraitu behar da, ahal bada hobeki, ez etsitu.

Eta ikusten da badagoela erreleboa euskalgintzan eta herrigintzan. Korrikan lekukoa esku batetik bertzera pasatzean bezala.

Hala da. Baita belaunaldien artean ere. Nik esperantza dut gazterian eta haurretan. Katea ez da hautsi.

Sorterrian bizi al zara?

Bai, Ürrüstoin.

Eta parte hartzen al duzu herriko ekintzetan?

Bai, biltzar eta jai guzietara joaten naiz. Pastoral bat eman genuen duela laster hiru urte, eta horren laburpen bat eman beharra dugu Bordelen, apirilaren 21ean.

Pastoralak indartzen eta indarra hartzen ari dira, ezta? Zein da pastoralak egiten duen ekarpen berezia?

Posible da edonon pastoral bat antolatzea. Jendea biltzen du herri batean; ez bakarrik saioan, gero ere jostunak biltzen dira beste herri batzuentzat jantziak egiteko, kantari taldeak egoten dira, dantzari taldeak, gero bizirik egoten dira, jarraitzen dute. Batzuk gau eskolan sartzen dira, gero bidean asko gelditzen, baina hori ere badago. Beraz, euskararen ikasi nahia eta gauza asko. Horretarako, Zuberoan bizi behar da edo pastorala ematen duen beste herri batean. Baiona alde horretan batzuk eman dituzte. Nafarroa Garaian ere bai, Zuberoan bezala jantziak eta berek eginez herrian. Giro hori han ere bizitzen dute, ez da zuberotarrei bakarrik emana. Antzerki mota horrek berak sortzen du elkartasun bat, zeren langile asko behar ditu pastoral batek, mota guztietakoak, hori gelditzen da. Eta adiskidantzak. Beraz, dinamika bat sortzen du. Pastoralaren aurreko eta ondorengo guztia, agian hori da garrantzitsuena. Aktoreek bereziki gogoan atxikitzen dute ez taularen gainean eman duten ikuskizuna. Pozten dira ongi joaten delako, baina oroitzapen handienak eta hoberenak dituzte prestakuntzan. Adiskidantzak dituzte gehienik gogoan edukitzen.

Plazer bat izan da. Eskerrik asko elkarrizketagatik.

Nik zuri. Izan ongi, adio!