NAIZ.INFO
BILBO

Parte hartzeari esker Aste Nagusi «izugarri arrakastatsua» izan dela esan dute Bilboko Konpartsek

Bilboko Konpartsek oso positiboki baloratu dute amaitu berri den Aste Nagusia. Kontsumoa jaitsi den arren, parte hartzea «oso altua» izan dela nabarmendu dute. Datorren urteei begira, jai batzorde mistoa bultzatzearen garrantzia ere aipatu dute. Gainera, aurten izandako eraso sexu erasoak arbuiatu dituzte.

Behin Bilboko Aste Nagusiaren 34. edizioaren bukaera iritsita, Konpartsei ere balorazioa egiteko ordua heldu zaie eta, «beste behin», argi adierazi dute: «Aste Nagusia izugarri arrakastatsu bat lortu egin dugula».

Aurtengo datuei erreparatuta, kontsumoak behera egin duela aipatu dute, baina parte hartzea «oso altua» izan dela nabarmendu dute horren gainetik. Adibidez, hiri krosean 1.800 lagun baino gehiagok parte hartu zuten eta txapelketa gastronomikoetan guztira 1.200 kazola prestatu ziren.

Beste alde batetik, ikasgai bat eman nahi izan diote Bilboko alkate Iñaki Azkunari, haien ustez jai hauek argi erakusten baitute «elkarlanean egiten diren gauzak oso ondo ateratzen direla». Zentzu horretan, alkateak bere kabuz bultzatutakoak, Karola gunea kasu, «erabateko frakasora eraman ditu kontzertuak».

Hori dela eta, datozen urteei begira, elkarlanerako grina erakutsi dute Konpartsek eta, bide horretan, jai batzorde mistoa indartzeko beharra azpimarratu dute.

Azkenik, Aste Nagusian jazotako sexu erasoak ere gogor salatu dituzte.