@ane_arruti
DONOSTIA

20. denboraldiari ekingo dio bihar Goenkale telesailak

Telebistan denbora gehien daraman telesailak bihar gauean abiatuko du denboraldi berria. Gaur gauean uda aurreko azken kapitulua errepikatuko dute. 20. urteurrena ospatzeko, hainbat ekimen burutuko dituzte ikusleengana hurbildu asmoz.

EITBren Miramongo egoitzan egin dute Goenkaleren 20. denboraldiaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
EITBren Miramongo egoitzan egin dute Goenkaleren 20. denboraldiaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Pausokak eta Euskal Telebistak ekoizten duten telesailak ekainean airean gelditutako zenbait pertsonaien etorkizuna argituko du lehenengo hiru kapitulutan. Aurtengo aurpegi berrien artean aurkitzen dira Joseba Apaolaza eta Ane Gabarain aktoreenak. Arraldeko txakolindegia erosi duen bikotea osatzen dute, bi seme-alaben gurasoak.

20. urteurrena ospatzeko hainbat ekimen burutuko dituzte. Oraindik zehazteke badituzte ere, lehiaketaren bat eta publikoarekin egindako grabaketa izango dira, besteak beste. Gainera, emanaldi berezien prestaketan dihardute. Lehenengo hiru kapituluren ondoren, TV movie berezi bat emitituko dute bi zatitan, irailaren 29an eta urriaren 1ean, hurrenez hurren, eta Gabonetarako iragarri dute hirugarren berezi bat.

Olatz Beobide zuzendariak azaldu duenez, errealitateak pisu handia izango du aurtengo gaietan eta krisia, langabezia edo inmigrazioa bezalako gaiak presente izango dira Goenkalen ere.