Ordainketak euskotan egiteagatik Baionako Udalaren aurkako auzia bertan behera geratu da

Paueko auzitegi administratiboak bertan behera utzi du Catherine Seguin suprefetak Baionako Udalak ordainketak euskotan egiteko hartutako erabakiaren aurka hasi zuen prozedura, Herriko Etxeak sinatu zuen hitzarmenaren aurka ezin dela jo argudiatuta.

NAIZ|PAUE|12/01/2018 18:32
Eusko
Eusko moneta. (Gaizka IROZ)

2017ko uztailean Euskal Moneta elkarteak eta Baionako Herriko Etxeak hitzarmen bat izenpetu zuten. Akordio horren arabera, Herriko Etxeak herritarrei zerbitzu publikoetan euskoa erabiltzeko baimena emateaz gain, erakundeak berak hainbat ordainketa tokiko diruaren bidez egitea erabaki zuen.

Catherine Seguin suprefetak salaketa aurkeztu zuen, erabaki horrek frantziar legea ez zuela errespetatzen argudiatuta. Paueko auzitegi administratiboak gaur aztertu du Seguinek aurkezturiko salaketa eta prozedura bertan behera uztea erabaki du, Kazeta.eus agerkariak jaso duenez. Hitzarmena sinatua zegoenez, horren aurka ezin dela jo argudiatu du.

Xebas Christy Euskal Moneta elkarteko kideak Kazetari azaldu dionez, «auzitegiak ezin du Herriko Etxeak harturiko deliberoa hautsi. Horrek eragin zuzena izanen luke kontratuan».  Administratiboki, hitzarmena sinatua dagoenez, ezin da horren aurka jo, izenpetu bezain laster hitzarmena martxan dagoelako. 

Horregatik, auzitegiak auzi judiziala bertan behera uztea erabaki du. «Orain suprefetak bere nahiarekin segitu nahi badu, izenpetua den hitzarmenaren kontra jo beharko luke, ez deliberoaren aurka», azaldu du Christyk.

Gaur egun euskoarekin bat egin duten hiru lurraldeetako herriko etxeek –Hendaia, Lekorne edo Uztaritze kasu– herritarrei hainbat zerbitzu tokiko dirua erabiliz ordaintzeko aukera eman diete. Lapurdiko hiriburuak aurrerago jo du, Herriko Etxeak bere ordainketak ere euskotan egiteko pausoa emanez.

Loading player...