NAIZ
BILBO

Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza eta Joxe Mari Iriondo, Euskal Kazetaritza saridunen artean

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak antolatutako Euskal Kazetaritza Sariek badituzte irabazleak aurten: Cesar Coca, Carmen Sarmiento, Joxe Mari Iriondo, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza eta ‘Doce Miradas’ bloga.  

Joxe Mari Iriondo da saridunetako bat. @kalegorrian
Joxe Mari Iriondo da saridunetako bat. @kalegorrian

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak gaur jakinarazi dituzte zein diren aurtengo saridunak: Cesar Coca, Carmen Sarmiento, Joxe Mari Iriondo, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza eta ‘Doce Miradas’ bloga.

Cesar Cocak Euskal Kazetariak ataleko saria eskuratu du, EAEn «kalitatezko kazetaritzaren erreferente izateagatik». Bestalde, Adierazpen Askatasunaren José María Portell saria Carmen Sarmiento kazetariarentzat izan da, lantzen dituen nazioarteko eta gizarte gaietan emakumeari arreta berezia eskaintzeagatik.

Halaber, Ibilbide Profesionalari dagokion saria Joxe Mari Iriondo kazetari azpeitiarrarentzat izan da, bere ibilbide profesional «bikainagatik».

Pertsonaia edo Giza Instituzioa saria Euskaltzaindiarentzat eta Eusko Ikaskuntzarentzat izan da aurten, «euskararen kontserbazio eta defentsaren alde egindako aparteko lanagatik eta beren 100. urteurrenagatik». Azkenik, Kazetaritza Digitala saria ‘Doce Miradas’ blogarentzat izan da.

EAE hainbat komunikabidetako ordezkariek osatutako epaimahai batek aukeratu ditu saridunak. Euskal Kazetaritza Sariak 2018 azaroaren 7an banatuko dira, arratsaldeko 19.30ean, Bilboko BBK Aretoan.

Sari hauek Euskaltelen babesa dute, eta BBKren, Bilboko Udalaren eta LOGI Express-en laguntza, antolakuntzak jakinarazi duenez.