Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Nerea Guijarrubia kontseilu nazionaleko kideek, azaroaren 20an, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren oroimenez, egingo den manifestazioa aurkeztu dute. «Estatu-terrorismoak hil zuen Santi Brouard 1984ko azaroaren 20an. Estatu-terrorismoak hil zuen Josu Muguruza egun berean, baina bost urte geroago: 1989ko azaroaren 20an. PSOE gobernuan zela hil zituzten ezker abertzaleko kide esanguratsu biak, helburu garbi batekin: herri honen aspirazio askatzaileak zapuztea, bai nazionalak bai sozialak», adierazi dute.
«Jakin bazekiten ezker abertzalearen eskaintza politikoak eraldaketa ekar zezakeela. Horregatik hil zituzten. Min egin ziguten, min handia, beste askotan bezala», gehitu dute. Hiru hamarkadaren ostean berriz ere espainiar Gobernuan PSOE dago. «PSOEri eskatu nahi diogu bere ardura onar dezan, eragindako minaren aitortza egin dezan, behingoz gatazkan izan duen ardura onar dezan, ezker abertzaleak aspaldi egin zuen moduan», azpimarratu dute. «Ez dugu mendeku goserik, baina egia eta justizia behar ditugu, herri honetan bakea eta bizikidetza eraikitzeko ezinbestekoa baita denok aurrera pausoak ematea».
Sorturen iritziz, Pedro Sanchezen Gobernuak «aukera paregabea» du orain gatazkari «erabateko amaiera emateko, gatazka eragin zuten kausei erreparatuz».
Urtero bezala, hilaren 20an, manifestazioa deitu du Sortuk. «Santi eta Josu gogora ekartzeko eta PSOEri bere ardura onar dezan eskatzeko irtengo gara kalera». ‘Etorkizun haziak’ goiburupean abiatuko dira Arriaga Plazatik, 19:30ean.