Laugarren urtez jarraian, Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdiak jokatuko dute Asperen adarreko San Ferminetako Lau eta erdiko finalerdia, amezketarrak erraz irabazi dio eta Peio Etxeberriari Eibarren jokatutako partidan.
Aspaldiko partez entrenatzeko aukera izan du amezketarrak eta nabari du fresko dagoela. Betiko dohainez harago, pilota bereziki bizi irten zaio bi eskuetatik eta min handia egin dio alde batetik bestera ibili behar izan duen Peio Etxeberriari. Zenotzekoak ez dio bere sakeari probetxu handirik atera eta zinez ordaindu du aurkari handi baten aurrean.
Laineza hartuta, une batzuetan ere gehitxo arriskatu du erremateetan eta horixe izan da, arerioaren hutsak, bukaera aldera arte –19-9koan lortu du Etxeberriak bere lehen tantoa jokoan– Zenotzekoaren tanto iturririk oparoena.
Egigurenen amestutako debuta
Eibartik etxera, Azpeitira, ikaragarri pozik itzuli den bestea Julen Egiguren gaztea izan da, amestutako debuta izan baitu. Zabaleta handi batek lagunduta, gipuzkoarrak garaipenarekin (13-22 Zabala-Martijaren aurka) eta joko onarekin –denera 10 tanto egin ditu– amaitu du profesional gisako bere lehen partida.