NAIZ

Goi mailako kirolarien laneratze prozesua laguntzeko akordioa aurkeztu dute

Mondragon Unibertsitateak, BAT Basque Team fundazioak eta WATS Team elkarteak ekimen bateratua aurkeztu dute Bilbon euskal kirolarien laneratzea bultzatzeko.

Ekimena gaur aurkeztu dute Bilbon (FOKU)
Ekimena gaur aurkeztu dute Bilbon (FOKU)

Hiru proiektuen artean garatutako ekimenak goi mailan ari diren euskal kirolariei unibertsitate-formakuntza eskaintzeko beharra du abiapuntu. Behin kirol ibilbidea bukatzen dutenean, laneratzea errazteko helburuarekin eta lan munduari aurre egiteko formakuntza baliabideak eskaintzeko.

Goi mailako kirolean duten ibilbideaz gain, Basque Teameko kirolari askok goi mailako ikasketak dituzte, baina ekimen berri honek haien curriculumak osatzeko eta espezializatzeko, eta enpresentzako erakargarriago bihurtzeko aukera eman nahi die.

Kirol Berrikuntzako Graduondoaren zehaztasunak ere eman dituzte aurkezpen ekitaldian, bigarren edizioa irailean jarriko da martxan Bilbon, eta esan dutenez formakuntza aitzindaria da. Graduondo hau kirola etorkizuneko ogibide izan nahi duten profesionalei zuzenduta dago eta ikasleak Kirol Kudeaketan, Lidergoan, Berrikuntzan eta Ekintzailetzan trebatzea du helburu. Izen-ematea zabalik dago webgune honen bitartez: www.wats.team/postgrado

Lortutako akordioari esker, Basque Teameko kirolariei graduondoa egin ahal izateko beka eskainiko zaie eta kirolari profesionalek irakasle gisa hartuko dute parte. Tartean dira hainbat izen ospetsu: Julen Guerrero, Xabi Prieto, Patricia Ramirez, Jero Garcia edota Ana Rossell, esaterako.

Mondragon Unibertsitateko Enpresa fakultateko dekanoa den Lander Belokik nabarmendu du garrantzitsua dela «Unibertsitatea eliteko kirol profesionalera hurbiltzea. Guretzat oso positiboa da euskal kirolarien formakuntzan eta kirol enprensen sorkuntzaren bultzadan laguntzea».