Zinemaldiaren 67. edizioaren programazio osoa, eskuragarri

Donostia Zinemaldiaren 67. edizioko programazio osoa aurkeztu dute. Era berean, sarrerak igandetik aurrera egonen dira salgai Zinemaldi Plazako leihatilan, Kursaal Elkarguneko leihatiletan eta jaialdiaren webgunearen bitartez.

naiz|DONOSTIA|11/09/2019 09:20
Zinemaldia
Iazko edizioko sariemate gala. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Donostiako Zinemaldia irailaren 20an abiatuko da eta gaur goizean hilaren 28ra bitarte luzatuko den programazio osoa aurkeztu dute.

Aurtengo Zinemaldiko programazioan, era berean, ezohiko emanaldiak izango dira. Hots, 90 eta 120 minutu arteko film tradizional baten eskemarekin bat ez datozenak. Telesailak dira ezohiko proposamen horietako bi. ‘Vida perfecta’, Leticia Dolerak sortu duen eta Cannesko zinema jaialdian saritu duten telesaila, akreditatuentzat bakarrik programatuko da hilaren 21ean, larunbatean (14:30ean, Principe 2 aretoan). Publikoarentzako emanaldia Belodromoan izango da, hilaren 22an, igandean, 17:00etan, eta protagonistak bertan izango dira. Kasu batean zein bestean, zortzi kapituluak emango dira (240 minutu), eta erdian 15 minutuko atsedenaldia egingo da.

‘El fiscal, la presidenta y el espía’ telesailaren estreinaldiak (Zabaltegi - Tabakalera) bi emanaldi izango ditu. Justin Websterek garatutako kazetaritza ikerketa bat da. Hilaren 23an, astelehenean, 16:00etan, telesailaren sei kapituluak emango dira (360 minuto), 20 minutoko atsedenaldi batekin. Hilaren 24an eta 25ean, beste saio bat egingo da, baina emanaldia bitan banatuko da: asteartean (hilak 24), lehen hiru kapituluak emango dira (180 minuto) eta asteazkenean (hilak 25), beste hirurak (180 minuto). Sarrera berak bi saioetarako balioko du.

Béla Tarren ‘Sátántangó’ filmaren emanaldiak, berriz, bi atsedenaldi izango ditu, bakoitza 15 minutokoa, emanaldiak, guztira, 450 minuto irauten baitu. Klasikoak sailean emango da, Tabakalerako 1. aretoan, hilaren 28an (larunbata), 16:00etan.

Modu berean, lehen aldiz, opera txinatarraren ziklo bat egingo da Donostia Zinemaldian. Asteazkenetik larunbatera (hilaren 25etik 28ra), bost opera pieza ospetsu emango dira: ‘The Legend of White Snake’, ‘The Bell Tolls for a Dinasty’, ‘The Woman of the Mountain’, ‘Romance of the West Chamber’ eta ’Cao Cao and Yang Xiu’.

Sarrerak, igandetik aurrera salgai

Sarrerak irailaren 15an, igandea, jarriko dira salgai, 09:00etatik aurrera, kanal guztietan: Zinemaldi Plazako leihatilan (Kursaaleko beheko solairuan), Kursaal Elkarguneko leihatiletan (Sail Ofizialeko abonamenduak eta 10 sarreratik beherako erosketak) eta internet bidez. Donostia Sarien, inauguruazioko eta klasurako galen sarrerak jada salgai jarri ziren duela aste batzuk.

Irailaren 20etik aurrera sarrerak honako lekuetan ere erosi ahal izango dira: Victoria Eugenia Antzokian, Tabakaleran eta Principe Zinemetan. Irailaren 21etik aurrera Trueba eta Antiguo Berriko leihatiletan eskuratzeko aukera egongo da. Antonio Elorza Belodromoko sarrerak bertako leihatilan ere egongo dira salgai, saioak hasi baino bi ordu lehenago.