‘El hoyo’ euskal filmak emango dio hasiera Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren asteari

‘El hoyo’ euskal filmaren proiekzioarekin irekiko da heldu den urriaren 26an Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. astea. Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarraren lehen film luzea da.

NAIZ|DONOSTIA|12/09/2019
Elhoyo
‘El hoyo’ filmaren fotograma.

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. astea datorren urriaren 26an hasiko da eta inauguraziorako euskal film bat hautatu dute: ‘El hoyo’, Galder Gaztelu-Urrutia zuzendari bilbotarrarena eta Basque Films etxeak ekoitzia.

Gaztelu-Urrutiaren lehen film luzea da ‘El hoyo’. Aurretik ‘913’ (2004) eta ‘La casa del lago’ (2014) film laburrak zuzendu zituen. 

David Desolak eta Pedro Riverok idatzi dute gidoia, aurrenekoaren ideia batean oinarrituta. Ivan Massague, Antonia San Juan, Zorion Eguileor, Emilio Buale eta Alexandra Masangkay dira protagonistak. 

«Bi pertsona mailako. Maila-kopuru ezezagun bat. Plataforma bat janariarekin haientzat guztientzat. Goian daudenean gehiegi pentsatzen duten horietako bat zara? Edo behean daudenean ausardiarik ez duten horietako bat? Horretaz beranduegi jabetuz gero, ez zara zulotik bizirik irtengo», dio filmaz Zinema astearen antolakuntzak.

Bestalde, Hideo Nakata zuzendari japoniarra ere Donostian izango da, lehen aldiz. ‘Sadako’ filma aurkeztuko du, ‘The Ring’ saga eguneratzen duen bere pelikula berria. Beldurrezko generoko zuzendari japoniar gailenetako bat da Nakata 1998an ‘The Ring’ fundazionala zuzendu zuenetik, eta beste hainbat filmeren artean berak zuzenduak dira ‘Dark Water’ (2002), ‘Kaidan’ (2007), ‘The Complex’ (2013) eta ‘Ghost Theater’ (2015).

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren asterako abonuak urriaren 18an jarriko dira salgai, 16.00etik 20.00era, Antzoki Zaharreko leihatilan, 82 euroan (‘Folk Horror – Lo ancestral y el cine fantástico’ liburua barne), eta 77 euroan libururik gabe.

Victoria Eugeniarako abonuak (16,50 euro) urriaren 21eko 16.00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira antzokiko leihatilan.

Egun horretan bertan eta ordu berean hasiko dira saltzen sarrera solteak (7,50 euro) bi antzokietarako; sarrera solteak bi leihatiletan eskuratu ahal izango dira, baita webgunean ere.