Maite Ubiria

Klimaren aldeko asteari bultzada emateko mobilizazio anitz izanen dira Euskal Herrian

Heldu den ostiral eta larunbaterako deituta dauden ekimenetatik hasita, klimaren aldeko astea kari mobilizazio anitz eta zabala aurreikusten da, mundu zabalean bezala, baita Euskal Herrian. Irailaren 27an iragarritako grebari begira, #fridayforfuture dinamikarekin baitan lehenengo mobilizazioak ostiralean abiatuko dira. 

Iragan martxoak 15ean Baionan eginiko martxa. (Guillaume FAUVEAU)
Iragan martxoak 15ean Baionan eginiko martxa. (Guillaume FAUVEAU)

2018ko abuztuan Estocolmoko legebiltzarraren aurrean Gretta Thunberg gazteak zabaldu zuen klimaren alde jarduteko deialdiari jarraituz heldu den ostiralean #fridayforfuture dinamikaren baitan mobilizazio berriak eginen dituzte Euskal Herrian.

Ekimen horrek oihartzun berezia izanen du hilaren 27an mundu mailan deituta dagoen klimaren aldeko grebari begira herrialdez herrialde eta eskualdez eskualde planetaren zaintza hartzeko herritar engaiamendua areagotzea baitu helburu.

Horri begira, euskal ikaslek bereziki hainbat mobilizazio bultzatuko dituzte. Baionan, goizeko 8.15ean Cassin lizeotik martxa bat abiatuko da.

Bilbon, berriz, udaletxe aurrean amaituko den isileko martxa eginen dute arratsaldeko 18.00etatik aurrera. (@FFF_Bilbao).

Erakundeekin elkarrizketak Nafarroan

Iruñean mobilizazioak prestatzearekin batera hainbat erakundetako ordezkariekin bilerak egin dituzte klimaren aldeko ekintzaileek.

@ForPamplona ko kide den Miren Larunbek azaldu duenez, Iruñeko Udala, Nafarroako Parlamentua eta Gobernuarekin zabaldutako elkarrizketetan larrialdi klimatikoa aldarrikatzeko eskaera luzatu zuen taldeak.

«Maria Chivite presidenteak ez zuen adierazpenaren alde egin baina mahaigainean jarri genituen neurri zehatzen gainean lan egiteko prestutasuna erakutsi zigun», laburbildu du Larunbek.

Erakundeekin batera lan egiteko asmoa baztertu gabe, gaur gaurkoz irailaren 27ko greba deialdiari begira jarrita dago mugimendua.

Hori dela eta, ostiraletik aurrera hainbat ekimen burutuko dituzte «adin ezberdinetako herritarrak gure mobilizazioetara erakartzeko».

Ostiralean elkarretaratze bat eginen dute udal plazan, eta astean zehar haurrendako tailerrak edota kontzertu bat egiteko asmoa badute.

Ondoko egunetan barreiatuko dituzte, sare sozialak baliatuta, Araban eta Gipuzkoan martxan diren ekimenak.

Momentuz, Gasteizen, mundu mailan antolaturiko klimaren aldeko grebaren sostenguz, dagoeneko deialdia egin diete herritarrei, irailaren 27an, 12.00etan, Plaza Berrian elkartzeko. (@FFFGasteiz).

Donostian, berriz, egun berean ekimen bikoitza aurreikusten da. 12.00etan kontzentrazioa izanen da Bulebarrean eta 18.00etan manifestazioa abiatuko da Alderdi Ederretik. (@FFFDonostia - @ForDonostia)

Klimaren aldeko martxak

Tokian toki, mobilizazioak forma propioa hartuko du. Hartara, klimaren aldeko nazioarteko astearen karietara, Euskal Herriko Unibertsitate Herrikoia, Avenir eta Bizi! Barnekalde taldeek elkarlanean jardungo dute Nafarroa Beherean trantsizio energetikoaren arloan hainbat ekimen proposatuz.

Hala nola, Thierry Salomon, ‘Negawatt Manifestua’ren egileetariko bat irailaren 19tik 21era Donibane Garazi eta Baigorrin deituriko ekimenetan izanen da.

Klimaren aldeko martxak bere isla izanen du, larunbatean, Arrosa eta Baigorrin. Izan ere, deialdi nagusia, larunbatean, Baionan iraganen da, Bizi! mugimenduak deituta.

15.00etan Paul Bert-etik martxa bat abiatuko da, ondoren Saindu Izpirituko zubiaren blokeo ekintza burutuko dela, bide horretan autoak ez ibiltzea eskatzeko.

Bide batez, Euskal Elkargoak Vinci autobideen kudeatzailearekin berriki izenpetu zuen akordioa, Baionako ingurunean autoa erabiltzen duten herritarrek tarifa apalagoak ukan ditzaten, «diru publikoarekin» gauzatuko dela salatuko dute.

«Sanindu Izpiritu zubian jendarte zuzen eta jasangarriak zer itxura duen erakutsi bahi dugu, horretarako esperimentazio gune bat eratuz, hartara klima, bioaniztasuna, justizia soziala, elkartasuna, larrialdi zerbitzuak, erretretak, garraioak, pestiziden debekatzea, hiri-laborantza, oihan eta ozeanoen babestea.. eta beste hainbeste aldarrikapen edo aterabide zehatzek tokia ukanen dute», azaldu du Bizi!k ohar baten bidez kolektiboak, sindikatuak, artistak, eta edozein eremutan alternatiba zehatzak bultzatzen dituzten herritarrak ekimen horrekin bat egitera deituz.

Dagoeneko lehenengo sostengu batzuk heldu zaizkie. Cade elkarteak, LAB Iparraldek eta Aitzina gazte erakundeak, besteak beste, martxa babesteko eta handik haratago klimaren aldeko mobilizazio astean parte hartzeko deia zabaldu dute.