Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontsumo lege berriak kalte-ordainak finkatu ahal izango ditu

Euskadiko Kontsumitzaileen Estatutuaren Lege berriak kalte edo galeren ordaina hartuko du barnean, eta, horren bidez, enpresek erabiltzaileei eman beharreko kalte-ordainak zenbatekoak diren finkatu ahal izango du Kontsumobidek, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Perezek jakinarazi duenez.

NAIZ|19/09/2019 13:23
Kontsumoa
Lege berriak informazioa eskaintzera behartuko ditu zerbitzu-enpresak. (IREKIA)

Kontsumo arduratsua sustatzea da aurreproiektuaren asmoa, erosteko ohitura berrietan arreta jarrita, Sonia Perez Lakuako Gobernuko Kontsumoko sailburuak azaldu duenez. Legeak berritasun juridiko bat du. Kontsumobidek, enpresa arau-hausleei ezartzen dizkien zigorretan, kontsumitzaileei kalte-ordainak ematea erabaki ahal izango du. Zigor administratiboaz gain, indemnizazioaren zenbatekoa zehaztuko da, eta administrazioak berak egin ahal izango du, kontsumitzaileen babesa handitzeko. 

«Lege berriak eragin berezia izango du pertsona edo kolektibo behartsuen babesean eta gaitu egingo ditu ikuskaritza indartuko duten mekanismoak», erantsi du Perezek, Kontsumobideko zuzendari Olga Santamaria lagun zuela emandako prentsaurrekoan.

Lege horrek oraingo araua ordezkatuko du, duela 15 urte onetsia. Denbora horretan nabarmenak izan dira aldaketak kontsumitzeko eta ordaintzeko ohitura eta moduetan ‒bereziki online produktuen eta zerbitzuen erosketek eraginda‒ eta aldatu egin da kontsumoari buruzko Estatu espainiarreko eta Europako legedia.

Sailburuak adierazi duenez, lege berriak Kontsumobideren funtsezko zeregina bultzatuko du eta baliabide berriak emango dizkio bere jarduna hobetzeko eta eskubide horiek hobeto defendatzen laguntzeko.

Aurreproiektuak egoera ahulean dauden kontsumitzaileak edo erabiltzaileak babesteak duen garrantzia azpimarratzen du, baita egoera txarragoan, mendekotasunean, babesik gabe edo diskriminatuta dauden kolektiboak edo taldeak ere.

Bitartekaritza

Bestalde, sailburuak agertu duenez, kontsumoko gatazkak ebazteko «sistema alternatiboei» emango die lehentasuna legeak. «Ohiko etxebizitzaren hipoteka-exekuzioetan erakunde finantzarioaren eta bezeroaren arteko bitartekaritza izango da lehentasunezko aukera».

Horrez gain, kontsumoko arbitraje-sistemara atxikita egotea izango da aplikazio-arau nagusia sektore publikoan eta kontratazio publikoan, eta baloratu egingo da diru-laguntzak emateko garaian.

Interes orokorreko zerbitzuen kontratuetan (ura, elektrizitatea, gasa, telefonoa eta Internet, besteak beste) erabiltzaileen interesen babesa bermatuko da batik bat eta betebehar bat arautuko da horretarako, non enpresek hutsak zuzentzeko epe bat eskainiko duten prestazioa eten aurretik.

Informatzera behartu

Perezek nabarmendu duenez, lege berriak behartu egingo ditu zerbitzu-enpresak sor daitezkeen arazoei buruzko informazioa eskaintzera ‒zerbitzua kontratatu aurretik‒ mantentze lanengatik, jende ugariri erantzun behar izateagatik edo eguraldiagatik, horrek eragina izan baitezake zerbitzuaren baldintza onetan.

Autopista, parke tematiko edo atrakzio-parke batean sartzera doazen pertsonei, adibidez, zerbitzua kontratatu aurretik eman behar zaie informazioa instalazioen egoerari buruz, haiek erabili edo ez erabakitzeko.

Europako gidalerroen ildotik, kontsumo-ikuskaritza indartuko da eta baimena emango diete ikuskatzaileei ez identifikatzeko. Laginak hartu eta probarako erosketak egin ahal izango dituzte ikuskatzaileak direla esan gabe, produktuak legearen betebeharretara egokitzen direla ziurtatzeko.

Lege berriak arau-hausteen katalogo zabal bat hartuko du barnean, oraingo araugintzara hobeto egokitzen dena, eta zigorrekin batera, azken bi urte hauetan enpresek egindako arau-hausteak argitaratzea aurreikusten du. Gainera, kontratuetan izaten diren abusuen aurkako babesa handitzen du, enpresen praktikak azalduta.