Berlinen radiografia, kultura desberdinetan zehar bidaia eta Xahoren ikuspuntu feminista

Irati Elorrietak lehen aldiz irabazi du Euskadi Literatura Saria, Patxi Zubizarretak ez bezala, laugarren aldia duela. Asisko Urmenetak, berriz, ezohiko komiki batekin lortu du ohore hori.

Naiz|Gasteiz|02/10/2019

Euskadi Literatura Sarien epaimahaiak esan du Irati Elorrietaren ‘Neguko argiak’ lanak Berlin hiriaren mosaiko bat «maisuki» islatzen duela. Alemaniako hiriburuan bizi da egun Elorrieta bera, baita bere eleberriko protagonistak diren Marta eta Añes ere.

Era berean, idazleak berak azpimarratu du Euskal Herria ere «oso presente» dagoela. Honakoa bizkaitarraren bigarren liburua da eta bi pertsonai horien bitartez, euren bizitzetan gurutzatzen diren bestelako pertsonaien berri ere ematen da erralitate desberdinak islatuz.

Elorrietak aitortu du oso pozik eta harrituta dagoela saria irabazi duelako, eta liburua idazten zuen bitartean babestu zuten guztiei eskerrak helarazi nahi izan dizkie.

Patxi Zubizarretarentzat Euskadi Saria eskuratzen duen laugarren aldia da. Oraingoan Kuru etorkin etiopiarraren eta istripu baten ondorioz ospitalean dagoen neska baten arteko harremana du abiapuntu. Haur eta Gazte kategorian irabazi badu ere, idazleak esan du adin guztietako irakurleentzat idazten duela, eta bere liburua kultura desberdinen inguruan mintzatzeko aitzaki bat dela.

Asisko Urmeneta, bere aldetik, Agosti Xaho idazle zuberotarraren inguruko komikiarekin irabazi du saria. «Ezezagun bat da, diskurtso feminista ikaragarria zuena eta XIX. mendean jada gizarte ideiak proposatzen zituena», kontatu du komikigileak, zeinek istorioa kontzatzeko umore puntu bat ere erabiltzen duen bere laneko orrialdetan.

Epaimahaiak erabilitako koloreak txalotu ditu; gorria da kolore nagusia, eta beltza, kontraste sakonak sortzen dituena eta pertsonaien adierazkortasuna nabarmentzen duena.

INFOS ASSOCIÉES