Vicinay Taldeak Cables y Alambres likidatzeko lehiaketa eskatu zuen joan den urriaren 8an. Horrekin batera, langileak etxera bidaltzea erabaki zuen. Erandioko lantegiaren jarduera eten zuen, eskari asko eduki arren.
Enpresaren jabe den Vicinay Taldeak Cables y Alambres-eko arduradun guztiak kargugabetu ditu, eta konkurtsoko administrazioaren esku gelditu da kudeaketa.
Langileek, lantegiaren atarian 25 egunez kanpatuta egon ostean zuzendaritzak materiala atera ez zezan, kanpalekua altxatzea erabaki dute konkurtsoko administrazioarekin lehen bilera izan eta gero.
Urriaren 11n manifestazioa egin zuten Erandion lantegiaren itxieraren aurka.
Ehun egun soldatarik gabe
Asteazken honetan egin dute langileek batzarra, eta Vicinay Taldeak geldiarazitako jarduerari ekitea erabaki dute. Hain zuzen ere, langileek industria proiektuaren bideragarritasunaren aldeko apustua egiten jarraitzen dute, 100 egun baino gehiago soldata jaso gabe daramaten arren.
Berriro lan egitea erabaki dute negozioa berreskuratzeko, industria proiektuarekin interesatuta dauden inbertsoreak bilatzen dituzten bitartean. Industria proiektuan interesatuak egon daitezkeen inbertsoreei dei egin diete.
Negozio errentagarria
Langileek nabarmendu dutenez, negozioa errentagarria da; kable ekoizle bakarrak dira espainiar Estatuan eta bezeroen poltsa handia dute.
Hartzekodunen Konkurtsoak instalazioei eta lantegiaren lurrei eragiten die. Lur horien birkalifikatzea udalerriko PGOU delakoan dago jasota, erresidentzia gisa erabiltzeko. Egoera zail honetan, langileek erakundeen inplikazioa eskatu dute, eta konponbide bat exijitu diote Vicinay Taldeari. Gaur egungo egoera Vicinay Taldearen ardura dela azpimarratu dute.