Ez Otoi Pentsa-k irabazi du Izturitzen Xilaba txapela

Gorka Artetxe, Miren Artetxe, Josu Txoperena eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek osatuta, Ez Otoi Pentsak irabazi du Xilaba txapela.

NAIZ|16/11/2019
Xilaba_finala
Finala irabazi duen taldea. (Bob EDME)

Taldeka aritu dira gaur lehian Izturitzen, Nafarroa Beherean, eta Ez Otoi Pentsa laukotea gailendu zaio Hasta la 2toria talde lehiakideari, Elixabet Etxandik, Lur Renteriak, Hodei Renteriak, Leire Laskaraik eta Maddi Sarasuak osatutakoari.

Taldekako eredua baliatu du bigarren urtez Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko bertsolari txapelketak. Irailean abiatu zen Xilaba Itsasun izandako lehen saioarekin, eta gaur izan da finala Izturitzen. 300 bat lagun bildu dira azken saioa ikusteko eta saioaz gozatzeko.

Bederatzi taldetan banatutako 34 bertsolari aritu dira lehian hilabeteotan Xilaba txapelketan.

Aurten taldekako antolaketa errepikatu bada ere, datorren urtean banakako eredua hartuko dute berriro ere, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako Iparraldeko hiru lurraldeetako sailkapen ofizialerako hitzordua baita.