NAIZ
DONOSTIA

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak bat egin du urtarrilaren 30eko grebarekin

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak bat egin du 30eko grebarekin. «Oso gordina da egoera herritarrontzat eta oso lotsagabea da Gipuzkoan, eta Hego Euskal Herrian oro har, agintean dauden alderdien jokabidea», salatu du.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak bat egin du urtarrilaren 30erako Hego Euskal Herrian deituta dagoen greba orokorrarekin.

Ohar batean azaldu duenez, «oso argia da egoera. Erraustegiak eta gainerako azpiegitura erraldoiak egiteko milioiak eta milioiak xahutzeko inolako lotsarik ez duten agintari politiko horiek esaten digute ez dagoela dirurik herritarren bizitza duinagoa egiten duten neurri sozialetarako, besteren artean, pentsioetarako. Esaten digute klima aldaketaren aurka daudela, baina bitartean azpiegitura kutsatzaileak eraikitzen jarraitzen dute. Esaten dute ekonomia zirkularraren alde daudela, baina bitartean hondakinak erretzea inposatzen digute. Esaten dute herritarron interesak defendatzen dituztela, baina bitartean Gipuzkoako udalerriak behartu dituzte 35 urtetarako zorpetzera, hondakinen kudeaketa pribatizatu eta multinazional bati urtean eman beharko diogun dirua lehentasunezkoa izatea».

«Esaten dute herritarron bizitza defendatzen dutela, baina argi ikusi da hori ez dela horrela protesta baketsuei eraso egiten dieten bitartean, edo ez dezagun ahaztu, ustelkeria zantzu izugarriak dituen operazio hau itxi zutenean, angulak jatera joan ziren Markel Olano eta enparauak, diru publikoarekin bankako handi-mandiak gonbidatuz eta hau jakin zenean harropuzkeriaz 'ongi egina' erantzuteraino», gaineratu du.

Mugimenduaren ustez, «oso gordina da egoera herritarrontzat eta oso lotsagabea da Gipuzkoan, eta Hego Euskal Herrian oro har, agintean dauden alderdien jokabidea. Horregatik, eta arrazoi gehiagogatik, bat egiten dugu greba orokorrarekin eta herritar oro animatu nahi dugu gauza bera egitera».