«Immigrazio irregularraren kontrako koordinazio operazioa» Biriatuko ordainlekuan

«Immigrazio irregularraren kontrako koordinazio kontrol» ikusgarria egin dute Biriatuko ordainlekuan gaur asteazkenean, 15.00etan, Baionarako norabidean. Ehun polizia frantses baino gehiago, dozena bat Guardia Zibil eta Polizia espainiar, eta muga inguruko bidegurutzeetan ezarri diren bost CRS unitatek hartu dute parte, eta auto ilarak eragiten.

Haritz Larrañaga|22/01/2020
Polizia_biriatu
Dozenaka poliziek parte hartu dute «immigrazioaren kontrako koordinazio operazioan». Guillaume FAUVEAU

Iazko irailean Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak mugetako kontrolak indartzeko agindua eman zuenetik kontrolak ugaritu egin dira, eta, «gaurkoa, geroz eta maizago egiten ditugun immigrazio irregularraren kontrako koordinazio kontrol bat da», azaldu du Cristian Vedelago, Pirinio Atlantikoetako Prefeturako kabinete buruak, Biriatuko ordainlekuan bertan eskaini duten prentsaurrekoan.

Afrikatik datozen migratzaileentzat Euskal Herria pasabide garrantzitsua dela nabarmendu du Poliziak eta egoera irregularrean diren pertsonak atzemateko koordinazio kontrolek duten garrantzia azpimarratu dute. Halako kontroletan dronak eta unitate mugikorrak nola erabiltzen dituzten ere erakutsi dute.

Vedelagoren hitzetan, «dronen bidez, egunez zein gauez, beroa isurtzen duten gorputzak detektatu daitezke airetik eta miatzeko zailak diren eremuetara iristeko ere balio dute». Bestalde, lekuan bertan teknologia aurreratua duen unitate bat izateak «nortasun agiriekin izan daitezkeen zalantzak argitzeko edo identifikazioa errazteko oso lagungarriak» direla adierazi du.

Joan-etorria egonkortzen
2018an Italiako mugak itxi ostean %80ko hazkundea izan zuen migranteen mugimenduak Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Guztira, 8.400 pertsona atzeman zituzten polizi desberdinek. Iazko datuei dagokienez, ostera, oraindik datu zehatzak esku artean ez dituzten arren, immigrazio irregularra %65 jaitsi zela eman du aditzera Judith Gäbel, Mugetako Poliziaren eskualdeko zuzendariak.

Bidaideak geratzeko zein irizpide erabiltzen dituzten galdetuta, ezer zehatzik ez dutela jarraitzen iragarri du Gäbelek: «Ibilgailu guztiak gelditzen ditugu barruan zer dagoen ikusteko eta lehenik bidaidearen jarrera behatzen dugu. Gure homologo espainiarrekin jokabideak detektatzeko teknikak landu ditugu eta teknika horien bitartez erabakitzen dugu bidaiariari kontrol zehatzagoa egitea edo joaten uztea».

Autobus bat geldiarazten dutenean, berriz, bidaide guztiak identifikatzen dituztela zehaztu du Mugetako Poliziak eta soilik egoera irregularrean direnak jaitsi arazten dituztela ziurtatu du. Bidaideen artean asilo eskaera egin duten pertsonak baldin badira, ohartarazi dute, «asilo eskaria herrialde bakar batean egin daitekeela», eta berau eskuratu artean eskatzaileak herrialde horretan egon daitezkeela, baina «beste herrialderen batean asilo eskaera egin duen norbait antzematen badugu lege europarra ezarri behar da eta jatorrizko herrialdera itzuli behar da pertsona hori».

INFOS ASSOCIÉES

 

 

YOGA
Mikel TROITIÑO - FOKU
Loading player...


Konfinamendu egoerarako yoga ariketa batzuk proposatu ditu NAIZek, Mikel Troitiño Berasategiren eskutik. Grabaketa Foku agentziak egin du.

[Bigarren saioa: ‘Airea’]

[Hirugarren saioa: ‘Ura’]

[Laugarren saioa: ‘Lurra’]