NAIZ
Bilbo

«Izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko hamaika modu» islatuko ditu Zinegoak jaialdiak

Ondarroan bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi gazte transexualaren inguruko ‘Mi pequeño gran samurai’ filmaren estreinaldiarekin hasiko da Zinegoak-en 17. edizioa, otsailaren 24an. Lan horretaz gain, bestelako trans errealitateak azalduko dituzte DOK sailean. Ohorezko Saria Pepa San Martin zuzendari txiletarrak jasoko du

Zinegoak-en programazioa Bilborocken aurkeztu dute. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Zinegoak-en programazioa Bilborocken aurkeztu dute. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans 17. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia otsailaren 24tik martxoaren 8ra arte ospatuko da Bilbon, ‘Hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko’ lemapean. Sexu orientazioaz harago, jaialdiak lehen planoan egon ohi ez diren sexu aniztasunaren elementuei ikusgarritasuna eman nahi die aurten, genero identitate eta adierazpena kasu.

Pau Guillen zuzendariak eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunak aurtengo programazioaren berri eman dute astelehen honetan egindako agerraldian. Festibala otsailaren 24an hasiko da Arriaga antzokian ospatuko den inaugurazio ekitaldiarekin. Bertan, Pepa San Martin zuzendari txiletarrak Ohorezko Saria jasoko du eta ‘Mi pequeño gran samurai’ film laburraren erabateko estreinaldia izango da. Lan horretan, Ekai Lersundi trans gaztearen bizitza jasotzen da, 2018an Ondarroan bere buruaz beste egin ostean.

Guztira, 22 film luze izango dira Sail Ofizialean, hiru kategoria ezberdinetan banatuta (FIK, DOK eta KRAK), eta hiru egoitzetan banatuta (Golem-Alhondiga, Bilborock eta BilbaoArte). Gainera, hainbat zuzendari Bilbora gerturatuko dira euren pelikulak aurkeztera.

FIK kategorian nazioarteko jaialdietatik helduko diren fikziozko film luzeak izango dira. Bertan batu diren lan guztiek «interes eta kalitate zinematografiko handia» izango dute, besteak beste, Danielle Lessovitz-en ‘Port Authority’, Marko Skop-en ‘Let there be light (Nech je svetlo)’ eta Rodrigo Belloten ‘Tu me manques’.

DOK film luze dokumentalen sailean, trans errealitateek hartuko dute protagonismoa, Ian W. Thomson australiarraren ‘Becoming Colleen’, Enrico Masi-ren ‘Shelter-Farewell to Eden’ edo Marwa Zein-en ‘Khartoum Offside’ moduko lanekin.

KRAK sailean, beste urte batez, proposamen narratibo ausartak eta berritzaileak izango dira, genero, lengoaia eta estetikak nahastuko baitira. Hainbat lan poetiko eta bisual izango ditugu, adibidez, Lemohang Jeremiah Mosese zuzendariaren ‘Mother I am suffocating. This is my last film about you’, Bogdan Theodor Olteanu-ren ‘Câteva conversatii despre o fata foarte înalta’ edota Lluis Miñarroren ‘Love me not’.

Euskal Herriko 13 lan

Halaber, Zinegoak jaialdiak film laburren hautaketa zabala izango du aurten ere. Guztira 45 izango dira, hainbat herrialdetatik jasotakoak, eta hainbat gairi buruz. Beste urte batez, ‘Emakumeak’ eta ‘Haurtzaroa eta Nerabezaroa’ zikloak izango dira, baina film laburren zikloen kasuan, berritasun nagusi bi izango dira: alde batetik ‘Indarkeria patriarkalak’, patriarkatuak hainbat arlotan bultzatzen duen bortizkerien inguruan, eta, bestetik, ‘Gorputz errebeldeak’, gorputzek har ditzaketen hamaika forma eta identitateen ingurukoa.

Horrez gain, Euskal Herrian sortutako 13 lan izango dira: bederatzi film labur, film luze dokumental bat Sail Ofizialean (Iban del Camporen ‘Glittering Misfits’) eta hiru lan eszeniko, tartean, ‘Lurrun Minez’ antzezlanaren aurre-estreinaldia, La Fundicion eta Loraldiaren lankidetzarekin.