Zaldibarko lanak kudeatzeko EAEko alderdien mahai bat osatzea eskatu dio EH Bilduk Urkulluri

EAE mailako alderdien mahai bat deitzea eskatu dio EH Bilduk Iñigo Urkullu lehendakariari, Zaldibarren gertatutakoaren ondoren «egin behar den lan guztiaren inguruan adostasunak bilatzeko». Larrialdien legea betetzea eta informazioaren kudeaketa on baten beharra jarri dituzte lehentasun gisa Maddalen Iriarte eta Mikel Oterok.

naiz|21/02/2020
Otero_iriarte
Mikel Otero eta Maddalen Iriarte legebiltzarkideek agerraldia egin dute gaur. (Jon URBE / FOKU)

EH Bilduren legebiltzarkide Maddalen Iriarte eta Mikel Oterok agerraldia egin dute Zaldibarreko egoeraren inguruko balorazioa egiteko. Iñigo Urkullu eta bere Gobernuko sailburuek Parlamentuan eman zituzten azalpenak «aurpegia zuritzeko ariketa bat» baino ez zirela izan adierazi du Iriartek. «Konfidantza arrakala bat sortzen ari dira administrazioa eta herritarren artean».

Akatsen inguruan barkamena eskatu arren, lehendakariari «akatsik gabeko errelato bat» sortzea leporatu dio Iriartek. «Informazioaren kudeaketa eskasa izan da», gehitu du. Suteen eta airearen kalitatearen inguruan esandakoak ere ekarri dizkio gogora: «Datuen zain zeudenean egindako baieztapenek Gobernuaren sinesgarritasuna kaltetu dute».

Informazio hori «kontrolik gabe» zabaldu dela iritzi du EH Bilduk eta kontrol falta hori argitu beharra dagoela nabarmendu dute. «Ardura politiko eta demokratikoa eskatzen diogu. Milaka herritarren osasuna dago jokoan. Herritarrak ez dira lehentasuna izan informazioa ematerakoan. Herritarrak zaindu eta babestu behar dira, osasun publikoa jokoan dagoenean», gehitu du Iriartek.

Bestetik, Oterok egon diren «aurrerapenak» aitortu ditu, baina «erronka itzela dela oraindik» nabarmendu. Bereziki kezkatzen ditu oraindik desagertuta dauden bi langileak, baita suak ere. «Ikusi dugu sua guztiz itzalita ez zegoela», nabarmendu du atzo gauean berriz ere sua piztu zela jakin eta gero.

Zabortegiaren egonkortasunaren inguruan ere aritu da. «Ezin dugu baieztatu segurua dela».
Airearen eta kutsaduraren inguruko jarraipenak ere kezkatzen gaitu. «Azterketa plan integral bat behar da». Baita arriskutsu bezala kalifikatu diren zaborrak nora joanen diren ere argitu beharra dagoela nabarmendu du Oterok. «Epe luzeko planifikazio falta bat dago».

Plano teknikoa eta plano politikoa desberdindu egin nahi izan ditu. «Plano teknikoan larrialdien legea bete egin behar da. Abiatua egon beharko litzateke. Lehendakariak aitortu zuen ezohiko tragedia baten aurrean gaudela. Bakoitzaren erantzunkizuna zein den zehazten du larrialdi legeak eta informazio gabinete bat ere behar da». Zentzu horretan kritikatu egin du sua itzalita zegoela iragarri izana sua guztiz itzali baino lehen. «Askoz ere zorrotzagoak izan behar gara».

Plano politikoan «urratsak» eskatu ditu. «Arduraz» jokatzeko exijitu diote Lakuako Gobernuari. Horretarako, EAE mailako alderdien mahai bat deitzea eskatu diote lehendakariei, Zaldibarren gertatutakoaren ondoren «egin behar den lan guztiaren inguruan adostasunak bilatzeko».

INFOS ASSOCIÉES

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.