2019an 398.817 lan-kontratu egin ziren Nafarroan, eta %6,4a baino ez zen mugagabea izan (%7 gizonen kasuan eta %5,9 emakumeen kasuan). Gainerako kontratuak, %93,6, aldi baterakoak izan ziren, ELAk salatu duenez. «Ez da albiste ona kontratu kopurua hain handia izatea. Alderantziz, enpleguan dagoen prekarietate handiaren sinonimoa da. Kontratu kopuru hori soldatapekoen kopurua 243.900 denean izateak aplikatzen diren politikek eta kontratazioan ematen den iruzurrarekiko permisibitateak eragindakoa arazo larri baten aurrean gaudela erakusten du», azaldu du sindikatu honek.
«Kontratuen iraupenaren batez bestekoa guztiz kezkagarria da. Datuak eskuragarri dauden kontratuen %68,4k hilabete bat baino gutxiagoko iraupena izan zuen 2019an», gaineratu du ELAk.
Lanaldi partzialeko kontratuei dagokienez, iaz egindako kontratu guztien %28,6 lanaldi partzialekoak izan ziren. Datuek ere agerian uzten dute gizonen eta emakumeen arteko aldea. Emakumeen kasuan, mota horretako kontratuak %38,3 izan ziren, aldiz, gizonen kontratu partzialen kopurua %18,5ekoa izan zen.
ELAk enplegu-politiken erabateko aldaketa eskatzen du, «lan-erreformak atzera botaz, lanaldia 35 ordura murriztuz, kasu gehienetan legez kanpokoa diren behin-behineko kontratuak eragozteko lan-ikuskaritzaren benetako ekitea bultzatuz. Horretaz gain, aurrekontu eta zerga-politika sozialki beharrezkoak diren sektoreetan enplegua sortzera bideratu behar da, eta produkzio-sistema eraldatu trantsizio sozial eta ekologikoari aurre egiteko».