NAIZ
GASTEIZ

Hamaika Gara egitasmoaren mobilizazio guztiak udazkenera atzeratu ditu Gure Eskuk

Gure Esku herri mugimenduak Hamaika Gara egitasmoaren jarduera eta mobilizazio guztiak udazkenera atzeratu ditu. Dena den, sinatzeko aukerak zabalik jarraituko du hamaikagara.eus atarian.

Hamaika Gara egitasmoaren aurkepenaren argazkia. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Hamaika Gara egitasmoaren aurkepenaren argazkia. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Etorkizun politikoaz eta gai guztiez erabakitzearen alde, eta erabakitzeko eskubidea arautzea helburu», erreferendumaren aldeko sinadura bilketa abiatu zuen martxoaren 11n Gure Eskuk, hainbat eragile sozialekin elkarlanean. Egun gutxira koronabirusak sortutako osasun krisia tarteko, ordea, hasiera batean 2020ko udaberrirako aurreikusitako Hamaika Gara egitasmoa udazkenera arte luzatzeko erabakia hartu behar izan du.

Duela egun batzuk kaleratutako agiri batean dinamikak adierazi du «elkar zaintzeko garaia» dela orain, eta Gure Eskuko kideak horretan dabiltza buru-belarri: «Komunitatea zaintzea ere herrigintza da. Ezerk ez du horrek baino lehentasun handiagorik».

Era berean, nabarmendu du agerian geratu dela badirela »herritar arduratsuak» gai direnak antolatu eta erabaki propioak hartuz egoera bideratzeko: «Ziur gaude krisi honi elkarrekin, komunitate bezala, herri bezala egingo diogula aurre».

Hamaika Gara egitasmoa berrartzeko gogoz, osasun krisia bere onera etortzen denean kanpaina digital bat abiatuko dutela iragarri dute eta, era berean, maiatzaren 16an Durangon aurreikusia zegoen mobilizazio egun handia, eta ekainaren 13an herrietan egin asmo zuten “Hamaika Gara eguna” udazkenera atzeratuko dituztela jakinarazi dute; baita programatuta zeuden kaleko jarduera guztiak ere.

Halaber, Gure Eskuk bere ibilbidean zehar ekoiztu dituen hiru dokumentalak (Gazta Zati Bat, Jostunak eta Elkarrekin Together) modu irekian ikusgai jarri ditu bere Youtube kanalean, asteburuari begira entretenimendua eskaintzeko asmoz.