Nekane Teres nafarrak Bera Beraren defentsako lana ardazten jarraituko du

Andosillakoa «oso pozik» azaldu da kontratua beste urte baterako luzatu ostean. Aurten lesioaren eta koronabirusaren erruz nahi baino partida gutxiago jokatu ondoren, gogotsu dago hurrengo sasoiari heltzeko.

NAIZ|01/06/2020
Teres
Nekane Teres, baloia jokoan ipintzeko prest (Gorka RUBIO / FOKU)

Super Amara Bera Berak datorren denboraldiko taldea egituratzen jarraitzen du, eta kontratua berritu duen azkena Nekane Teres nafarra izan da. Andosillakoa defentsa laneko zutabe nagusienetakoa da taldean, nahiz eta erasoan ere ongi moldatzen den pibot postuan.

Teres «oso pozik» azaldu da talde donostiarrak zabaldu dituen adierazpenetan. Kontuan izan behar da 2018/19 denboraldian 42 neurketetan hartu zuela parte, sasoi bikaina osatuz, baina aurtengoan hiru hilabetez egon behar izan du geldirik urrian izandako lesio baten erruz.

Teresen hitzetan, «gogorra izan zen» horrenbeste denboran jokatu ezinik egotea, eta «behin osatu nintzenean alarma egoera heldu zen eta bertan behera gelditu zen guztia». Hala ere, kolektiboki denboraldia «oso positiboa» izan dela uste du: «Aldaketa asko eta lesioak izan arren, taldeak hori guztia gainditu du, eta horrek esan nahi du lan ona egin dugula».

Bi denboralditan 55 neurketa jokatu ditu Nekanek Bera Berarekin, 102 gol sartuta, eta aurten bere bigarren Liga irabazi du, bere garaian Itxakorekin ere irabazi zuelako beste bat. «Ez dute zer ikusirik, eta beste bat etorriko balitz ere desberdina izango litzateke. Itxakon etorkizuneko jokalaria nintzen, eta orain erantzukizun handiagoa daukat, minutuetan zein taldean dudan paperean», dio 28 urteko jokalariak.

Azkenik, udan lan fisikoa egiten saiatuko dela baieztatu du «geldirik denbora asko egon garelako», eta hurrengo sasoira begira bi helburu ipini ditu, «Estatuko titulu guztiak irabaztea» eta Europan «gure ligakoak baino talde indartsuagoei aurre egiteko» gai izatea.

 

NAIZ KONTZERTUAK
TAOM / FOKU
Loading player...


NAIZ Kontzertuak ekimenaren bosgarren kontzertua eman zuen ETS taldeak pasa den ostiralean Bilboko Santana 27 aretoan.