Osakidetzaren eredua «agortuta» dagoela iritzita, osasun publikoa indartzea eskatu dute sindikatuek

Satse, ESK, ELA, UGT, SME, CCOO, LAB, SAE eta UTESE sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Gurutzetako Ospitalean. Osakidetzari eskatu diote covid-19aren aurrean osasun-zentroetako segurtasuna bermatzeko eta osasun publikoa indartzeko.

naiz|05/06/2020
Sindikatuak-osakidetza
Sindikatuek Gurutzetako Ospitalean egin duten agerraldia. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

ELAk Osakidetzan duen arduradunak, Esther Saavedrak, esan du covid-19 gaitzari emandako erantzuna «lastatuta» egon dela azken urteetan osasun publikoan egindako murrizketen ondorioz, eta gaineratu du pandemia honek «zerbait agerian jarri badu» osasun publikoaren, unibertsalaren eta kalitatezkoaren «beharra» dela.

Horregatik, deialdia babestu duten sindikatuek zerbitzu publikoak baliabide gehiagorekin indartzeko eta Osakidetzako plantilla handitzeko eskatu dute.

Ohar bateratu batean, sindikatuek adierazi dute osasun langileek Osakidetzaren «babesgabetasuna» jasan dutela, eta beharginen «segurtasun-baldintzak» bermatzeko eskatu dute, udazkenean birusaren balizko itzulerari erantzun ahal izateko.

EAEko Osasun Zerbitzuari galdegin diote ez daitezela errepikatu pandemia honen baitan izan diren «akatsak» eta «segurtasun falta eta baliabideen eta plantillaren inprobisazioa».

Salatu dutenez, covid-19ak «hankaz gora jarri du osasun sistema osoa», eta «murrizketek» eragindako «ahuleziak» agerian utzi ditu.

Sindikatuek adierazi dute krisiaren kudeaketan antolaketa falta sumatu dutela, eta langileak «atsedenak errespetatu gabe lan egitera behartu» dituztela.

Gainera, uste dute «berandu eta gaizki jokatu dela, protokoloak etengabe aldatu baitira taldeen eskuragarritasunaren arabera, eta plantillan kaos eta estres sentsazioa» sortu dela.

Sindikatuen iritziz, bizi izandako larrialdi-egoerak «Osakidetzaren kudeaketa eredua agortuta dagoela frogatzeaz gain, eredua ez zela eraginkorra erakutsi du, eta ez gaudela prestatuta osasun larrialdietarako».

Halaber, Gurutzetako Ospitalearen kasuan, larrialdi honetan «erreferentziazko» ospitalea izanik, prestakuntzaren, baliabideen eta babes ekipoen arloan akatsak egon direla salatu dute.

Kritikatu dutenez, «ospitaleko plantilla eta haren ordezkari sindikalak alde batera utzi dira erabaki guztietan» eta «horiek alde bakarrez hartu dira».

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Mungiako laukoteak NAIZ Kontzertuak ekimenaren seigarren gaua erre zuen ostirala gauean. Sanagustin Kulturunea, eliza zaharra musikari emana. Rock-ak: 1 - Jainkoak: 0. Ibilbide labur baina sakonean sortutako klasiko eta kaleratzear dauden abestientzako lekua egon zen; hori bai, kanta zaharrak edo ezagunak soineko berriekin aurkeztuta.