Trebakuntza eta lidergo lantegiak antolatuko dituzte emakumeentzat irailetik aurrera Arabako Aldundiak eta kontzejuek.
Ekimenaren bidez, Arabako 334 kontzejuetan emakumeen presentzia handitu eta indartuko duten proiektuen alde egiten jarraitu nahi dute erakunde antolatzaileek, emakumeen parte hartze politikoak herrietako baldintzak hobetzen dituela jakinda.
Kontzejuetako emakume hautetsiak kargu guztien %24,6 baino ez dira. Toki erakunde horien ia erdiek ez zuten emakume hautetsirik izan orain dela hiru urteko hauteskundeetan. Kontzejuen %54ak ez du inoiz emakume lehendakaririk aukeratu, eta 1997tik 2017ra bitartean, erakunde horietako 48k ez dute emakumerik aukeratu administrazio batzarretarako.
Lantegiak Arabako emakume guztiei irekita daude, eta inskripzioak@laiaeskola.eus helbide elektronikora idatzita eman daiteke izena, edota Kontzejuen Elkartearen eta LAIA eskolaren webguneetako formularioetan, Arabako Emakumeen Berdintasunerako eta ahalduntzeko Eskolan eta 945 281 770 telefonoan, modalitatearen lehentasuna adieraziz, sarean edo aurrez aurre.