200 urte Iparragirre olerkari eta musikagilea jaio zela

1820ko abuztuaren 12an jaio zen Urretxun Jose Maria Iparragirre Balerdi. Olerkaria, abeslaria eta musikagilea. Beste abesti eta olerkiren artean, bereak dira ‘Gernikako Arbola’ eta ‘Agur Euskal Herriari’ kantuak.

NAIZ|12/08/2020
Iparragirre_kantaria
Iparragirreren irudi ezaguna.

Jose Maria Iparragirre Balerdi Urretxun jaio zen, gaurko egunez duela 200 urte. 1820an jaio zen, eta 61 urte geroago hil zen, Itsason, 1881eko apirilaren 6an. Nazio olerkigile gisa hartua izan da, eta bere olerki eta abestietan euskal nortasunaren aldeko joera nabari da, gerora abertzaletasuna sustatzeraino.

Urretxun jaio zen eta hamaika urte zituela Gasteizera bidali zuten ikastera. Hamahiru urterekin bere gurasoek Madrilera eraman zuten, baina berehala Euskal Herrira bueltatu zen, bere osabaren etxera, gurasoei ezer esan gabe. Lehen Karlistada piztu berria zen.

1834ean karlistekin egin zuen bat Gipuzkoako lehen batailoian, 1839ra arte. Atzerrira ihes egin zuen segidan. Frantzian abeslari famatu batekin aritu zen musika ikasten. Europan barrena ibili ostean, Londresen, 1851n, Mazarredo jeneral bizkaitarrak abesten entzun, eta Euskal Herrira zigorrik gabe bueltatzea eskaini zion.

Handik urte gutxira, 1855. urtean, preso hartu zuten Tolosan, bere abestiek herrikideengan sortzen zuten sentimenduengatik. Hortxe osatu zuen ‘Nire amak baleki’.

Han eta hemen ibili ostean, Angela Kerejeta ezagutu, Argentinara joan eta han ezkondu ziren. 19 urte egin zituen han, Euskal Herria beti bihotzean. 1877an bueltatu zen.

Amaiera gogorra izan zuen. Laguntzarik gabe herriz herri kantatzen atera zuen bizimodua. Euripean lo hartu ondoren pneumoniaz hil zen.

Haren musika eta poesiaren ezaugarri nabarmenena Iparragirrek bere lanari eman zion sentimendu berezia izan zen. ‘Agur Euskal Herriari’, ‘Gernikako Arbola’, ‘Kantari euskalduna’ eta aipatutako ‘Nere amak baleki’, beste askoren artean.

Halako urteurren borobilean, ez du beharbada beharko lukeen aipamenik izan, Euskal Herriaren arimari eginiko ekarriak besterik mereziko balu ere.

INFOS ASSOCIÉES