Artola-Rezustak euren lidertza berretsi dute, emaitzaz, sasoiz eta jokoz (18-22)

Partida handi batean, 18-22 gailendu zaizkie Olaizola II.a-Zabaletari eta hiru puntutako aldea ateratzen diete sailkapenean. Bengoetxea VI.a-Martijak euren seigarren puntua batu dute Urrutikoetxea-Irribarriari Lekunberrin 18-22 irabazita. Altuna-Imazek ere majo sufritu behar izan dute Lekeition Elezkano-Mariezkurrenari 17-22 gailentzeko.

Jon Ormazabal|15/08/2020
Rezusta
Beñat Rezustak partida bikaina osatu du. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Inork zalantzarik bazuen, Iñaki Artola eta Beñat Rezustak, oraintxe bertan, Masterseko bikoterik sendoena direla berretsi dute Azkoitian lortutako garaipen handiarekin, 18-22 Olaizola-Zabaletaren aurka. Garaipen handia euren jokoak oso sendoa izaten jarraitzen duelako, nahiz eta 24 ordutan bigarren partida zuten, eta sailkapena ere oso alde jarri zaielako. Gaurko puntuarekin zortzi batu dituzte dagoeneko –normalean finalerdietan sartzeko nahikoak izaten dira– eta hiruren aldea sartu diete gaurko aurkariei.

Formaz ere garaipen ona izan da Azkoitikoa, Aimar Olaizola eta Jose Javier Zabaleta on batzuei irabazi dietelako 800dik gorako partida gogorrean. Euren ohiko jokoa egiteko gai izan dira Goizuetakoa eta etxarrendarra, Olaizolak airez tanto asko egin ahal izan ditu eta atzelariak ere pilotakada bikainak jo ditu, baina aurrean oso bikote sendoa izan dute. Eta fisikoki indartsuagoa.

Binakako txapelketan txakalaldi bat izan bazuen ere, Beñat Rezustak bere joko onena berreskuratu du eta gaur ere partida borobila jokatu du. Hasi eta buka maila izugarrian aritu da bergararra eta hor egon da partidaren giltzetako bat, Jose Javier Zabaletak zertxobait behera egin duelako partidaren amaiera aldera eta hor hartu dute aldetxoa gipuzkoarrek. Iñaki Artolak ere oso partida serioa osatu du eta azken txanpan Olaizola baino zehatzago aritu da errematean.

 

Hobeto, baina nahikoa ez

Jardunaldiko bigarren partida Lekunberrin jokatu da eta bezperako itxura baino askoz hobea eman duten arren, Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarriak garaipena lortu ezinda jarraitzen dute eta 22-18 galdu dute Bengoetxea-Martijaren aurka. Azkoitikoa ez bezala, Jaian Jai pilotalekuan jokatutakoa oso partida azkarra izan da, bertako lurra bezala eta tantoak azkar amaitu dituzte. Batez ere Mikel Urrutikoetxeak bezperan Zarautzen baino askoz irudi hobea eman du, denera 13 tantu lortu ditu Zaratamokoak baina amore eman behar izan dute, hein handi batean Irribarriak 11 pilota galdu ditu eta. Beste aldean, Bengoetxeak huts egindako pilota bat baino ez dute oparitu nafarrek.

Lekeition ere majo sufrituta

Arratsaldeko hirugarrena Lekeition jokatu da eta hemen ere azken unera arte ez da erabaki puntua zein aldetara erori den. Sailkapenak bestelakorik pentsa arazi bazezaken ere, Altuna-Imazek asko sufritu behar izan dute orain arte garaipen bakarra batu duten Elezkano-Mariezkurrenari 17-22 irabazteko. Ia partida gehienean aurretik joan dira gipuzkoarrak, baina ez dira lehia hausteko gai izan eta kosta zaie sailkapeneko bigarren postuan sendotzeko balio dien puntua eskuratzea.