Azaroaren 8an Bidarten hasi eta urtarrilaren 31n Donibane Lohizunen amaituko da Xilaba
Date
08.11.25 - 31.01.26
Lieu
Lapurdi - Bidarte

Azaroaren 8an Bidarten hasi eta Urtarrilaren 31n Donibane Lohizunen bukatuko da Xilabaren zazpigarren edizioa, Ipar Euskal Herriko herrialde guztietatik iragan ondoren. «Lurraldetasunari garrantzia ematen diogu, Ipar Euskal Herriko osoan presente egotea baitezpadakoa da elkartearentzat», adierazi dute astearte honetan Uztaritzen egindako aurkezpenean.
24 bertsolariren parte hartzea izanen du. Aldaketarekin dator aurtengo edizioa, izan ere orain arte hiru bertsolari sailkatzen baziren Bertso Txapelketa Nagusira eta aurrerantzean bost izango dira.
Txapelketak hautaturiko leloak, ‘Bideek bide’, eginiko ibilbideari aipamen eginen dio. Era berean, Xilabaren irudia eraikitzeko ardura beregain hartu du Marga Berra Zubietak. «Irudiak bertsolaritzaren bide osatzen duten bide desberdinak irudikatzea du xede. Horregatik ekai desberdinez eginiko 'bidez' osatu du eskuz, gero euskarri digital eta paperera ekartzeko», azaldu dute aurkezpen ekitaldian.
Lau urteren ondotik gogoz ekin dio Bertsularien Lagunak elkarteak Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereako Xilaba txapelketari. «Partehartzaileen artean bederatzi neskak dira, 2021ean baino bi gehiago», azpimarratu dute. «Oraindik bide luzea gelditzen da gai horretan baina emeki emeki aitzina goaz». Adinari dagokionez gazteenak 19 urte eta zaharrenak 54 ditu. «Belaunaldikoartekotasunaren Xilaba da», azaldu dute.
Gai emaile eta epaile taldeak, antolakuntza taldeak eta lagunduko duten boluntarioen lana txalotu dute astearte honetan egindako aurkezpen ekitaldian. «Haiek gabe ez da Xilabarik», esan dute.
Bertsularien Lagunak elkartearen helburua bertsolaritza eta bertsoaren inguruan den oro laguntzea da, «izan haur gazte eta besteri irakatsiz, izan bertso saioak sustatuz edo izan bertsoaren ekosistema osoa lagunduz».
Proiektu osoaren erakusleiho bezala ulertzen du Bertsularien Lagunak elkarteak Xilaba. «Haren xedea bertsolaritzari eta, bide beretik, bertsolariei ikusgarritasuna ematea da, bertsolari berriak oholtzara ekarriz, eta jadanik hor zirenak bertso plazan finkatuz. IEHko bertsolaritza markatu, markatzen duten eta markatuko duten bertsolarien erakusleihoetatik bat izateko da Xilaba. Horretan leku handia dute ere bertsozaleek. Haiendako ere antolatzen da Xilaba, haiek gabe ez baita bertsolaritzarik», adierazi dute.
Amets Arzallusek uko
Xilaba txapelketaren aurreko edizioa 2021ean jokatu zen. Pandemiak eragindako testuinguru berezian jokatu zen txapelketaren finalean Amets Arzallusek jantzi zuen txapela. Aurtengo edizioan ez zuela parte hartuko baieztatu zuen bertsolari hendaiarrak ‘Hitzetik hortzera’ ETB1-eko saioari eginiko adierazpenetan.
Gaurko agerraldian baieztatu dute beste modu batean ekarpena eginen diola Xilabari. Iragan Xilabako txapeldunak Bertsulariek Ellkarteak aurkezturiko ‘liburuxkaren sar hitza’ idatzi baitu. «Bertsolaritzaren parte izateko molde desberdinak dauden bezala, hartara bide desberdinetatik iristen gira. Gaur egungo bertso eskola klasikotik betiko lagun arteko giroko bertso eskolara eta tartean dauden zeharbideak kontuan hartuz, erran dezakegu Xilabaren ibilbidea bidexka desberdinez osatua dela. Abiapuntu hori eman genion iragan Xilabako txapeldun den eta txapelketa honetan kantuan izanen ez den Amets Arzallusi gure liburuxkaren sar hitza idazteko. Ongi adierazi du zer garen, izan ere Xanti Iparragirrerekin lehen bertso eskolen bidea urratu genuen. Harekin ideki genuen lehen bidexka eta bide desberdinez sortu dugu Xilaba».
Sarrerak webgunean eta lekuan berean erosi ahalko dira.
Txapelketa jarraitzeko, www.bertsozale.eus, instagram, facebook eta bluesky.
Emplacement
Beheria Antzokia
Rue des Écoles
Bidarte. Lapurdi