Abian da Huhezinema jaialdiaren 18. edizioa 29 lanen proiekzioarekin

Date

22.01.25 - 24.01.25

Lieu

Gipuzkoa - Aretxabaleta

Ebentoa iragartzen duen kartela.
Ebentoa iragartzen duen kartela. (HUHEZINEMA)

Huhezinema jaialdiaren 18. edizioa abian da. Euskal Film Laburren Jaialdiak asteazken honetatik ostiralera egingo da Aretxabaletako Arkupe aretoan. «Ikusleek hiru eguneko egitarau zabalaz gozatzeko aukera izango dute», iragarri dute.

Aurkeztutako 94 lanetatik, 29 iritsi dira finalera, hiru sailetan banaturik. Sail Ofizialaren, Ikasle Sailaren eta Bideoklip Sailaren proiekzioei solasaldiak, masterclassa eta kontzertua gehituko zaizkie, baita amaierako sari banaketa eta luntxa ere, egitaraua osatzeko.

Lehen solasaldia ‘Andrak Erramutan’ dokumentalaren proiekzioaren ondoren egingo da, eta protagonistak egongo dira haien lehen eskuko esperientzia kontatzen. Kontzertuari dagokionez, ‘Lemak’ taldea arituko da oholtza gainean, haien lana Bideoklip Saileko finalistetako bat izanik. Masterclass-a Aitzol Saratxagak emango du, bere zine ibilbidea azalduz. Eta azkenik, ikusleei ikasketa berri bat eskaintzeko asmoz, ‘Lehen urratsak zineman’ solasaldia izango da, Jone Arriola, Alba Lozano eta Uxue Botas-en eskutik.

Huhezinemaren bereizgarria da ikasleek antolaturiko jaialdi bat dela. Bide horretatik, jaialdian zehar euskal zinema berriena proiektatuko da, eta horrela, etorkizunekoa sustatu. «Sortzaileen lan berriez eta sortzaile berrien lanaz gozatzeko aukera egongo da», esan dute antolatzaileek.

Egitaraua honakoa da:

URTARRILAK 22, ASTEAZKENA
        - 11.00-12.30 ‘Andrak Erramutan’ dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia. 

        - 17.00 Bideoklip Sailaren proiekzioa. 

        - 19.45 Kontzertua “Lemak” taldearen eskutik.


URTARRILAK 23, OSTEGUNA 

        - 11.00-13.00 Masterclass-a: Zuzendaritza artean sakontzen. Aitzol Saratxaga 

        - 16.00 Ikasle Sailaren proiekzioa I 

        - 17.30 Ikasle Sailaren proiekzioa II 

        - 19.00 Solasaldia: Lehen urratsak zineman. Jone Arriola, Alba Lozano eta Uxue 
Botas-en eskutik. 


URTARRILAK 24, OSTIRALA 

        - 16.00 Sail Ofizialaren proiekzioa I 

        - 17.30 Sail Ofizialaren proiekzioa II 

        - 19.30 Sari banaketa. 

        - 20.30 Luntxa.
        
Ana Goitia izango da Sail Ofizialeko aurkezlea eta Jon Castañeda Bideoklip Sailekoa. Xuban Garmendia eta Oier Gastesi ikus-entzunezko ikasleek Ikasle Saila aurkeztuko dute.

Epaile lanetan arituko dira Aitor Oñederra (arte eszeniko, zinematografiko eta musikaletarako animazioen sortzailea), Maitane Carballo (soinuaren espezialista, film-muntatzailea eta film-zuzendaria) eta Katty Pochelu (iazko Huhezinema irabazi zuen film laburraren ekoizlea).

Edizio honetan jasotako lanei dagokienez gai anitzak landu dituzte. %61 euskaraz dira, %43 emakume zuzendarienak, «maila handikoak anitz eta asko ikasleek eginikoak». Horrek aukeraketa zaildu du. «Guregatik izango balitz kanpoan geratu diren lan batzuk sartuko genituzke, baina ezinezkoa izan da. Egitarauak eta espazioak limitazioak ditu, eta horrek erabakiak hartzera eraman gaitu. Hala ere gustora gaude aukeraketarekin», adierazi du programazio lan-taldeak.

Egitarauaren xehetasunak webgunean.

Emplacement

Arkupe Aretoa
Santa Kurtz, 20
Aretxabaleta. Gipuzkoa