Aho Lehor Fest jaialdia Lazkaon

Date

04.10.25 - 04.10.25

Lieu

Araba - Lazkao

Prison Affair taldeko kideak.
Prison Affair taldeko kideak. (PRISON AFFAIR)

Urriaren 4ean Aho Lehor Fest jaialdia ospatuko da Lazkaon. Arratsaldeko 19.00etatik aurrera lau talde ariko dira zuzenean, musikalki, hardcore, punk eta rock koordenadetan datorren festibalean. Honakoa bosgarren edizioa izango da, eta urtero legez, Skate Parkean burutuko da, kale giroko emanaldian. Aurtengorako ere egitarau dotorea prestatu dute Euskal Herriko zein nazio mailako taldeak batuz kartelean. The Kids, Prison Affair, Borla eta Bellum taldeek joko dute doako emanaldian. Ondoren, gaualdia borobiltzeko, musika pintxada izango da Malantza tabernan, eta Rocky Violencia & Esnupi ariko dira musika jartzen goizeko ordu txikiak bitartean.

The Kids

Belgikako The Kids taldea izango da gaueko protagonistako bat. 1976 urtean sortu zen banda, punkak eztanda egin zuen hamarkada miresgarri horretan, eta aitzindariak izan ziren beraien herrialdean musika era honetan. Taldearen urrezkoa aroa 1985 urte bitartean bizi zuten, zuzeneko mordoa eta disko esanguratsuak grabatuz denbora tarte horretan. Urte asko lozorroan izan eta gero, 1996 urtean elkartu zen banda berriz, gerora, estudioko diskoak eta zuzenekoak tartekatuz gaur arte. Honakoa izango da Euskal Herrian eskainiko duten emanaldi bakarra mundu mailan burutzen ari diren biraren barnean.

Prison Affair

Prison Affair taldeak ez du The Kids taldearen ibilbidea, baino dagoeneko erreferente bilakatu dira gaur egungo punk mugimenduan. Bartzelonako bandak abiadura biziko kantu azkar eta zirikatzaileak lantzen ditu, ahots efektu eta lo-fi soinu gordinaz. Izan ere, punketik harago doan proposamena da beraiena, betiko punkari egungo ukitua emanez. Zaletu mordoa ditu bandak Euskal Herrian, eta Lazkaoko emanaldia leku ederra izan daiteke banda zuzenean ikusteko.

Bellum eta Borla

Euskal Herriko bi taldeek osatuko dute musika eskaintza. Bellun taldea Zarautz eta Getaria artean kokatzen da, eta hiruko moduan taularatzen dira. 2023 urtetik martxan esku artean dute taldearen lehen emaitza den ‘Gure gerra’ diskoa, Mendeku diskoetxearen babesean argitaratu duten sei kantuz osaturiko biniloa. Gazteak eta indarra badute, punk banda batek beharrezkoak dituen bi ezaugarri argi. Taldearen erreferentzien artean, Hertzainak edo Zarama aipatzen dituzte, eta izan ere, badute 80. hamarraldiko ukitu nabarmen bat. Hala ere, erreferentziak erreferentzi, taldeak badu nortasuna.

Iruñerriko Borla taldea azkenik, punkean ditu sustraiak, baino pop giroetara bideratzen dituzte kantuak, batez ere gitarra eta ahots melodiak tarteko. ‘Kordoba bidea’ diskoari esker izen bat egitea lortu dute gurean, eta Euskal Herrian aritzeaz gain, Estatu frantsesean zehar burutu dituzte hainbat kontzertu bira. Diskoak 2024 urtean ikusi zuen argia, beraz, agian kantu berriak entzuteko aukera izango da Lazkaoko  Aho Lehor Fest jaialdian.

Emplacement

skate park
skate park
Lazkao. Araba

Liens