Larunbatean, ordu txikietan amaituko da musika festa

Date

06.12.25 - 06.12.25

Lieu

Bizkaia - Durango

Nhil taldeko kideek 'Etxea' diskoa aurkeztuko dute.
Nhil taldeko kideek 'Etxea' diskoa aurkeztuko dute. (NHIL)

Durangoko Azokaren 60. edizioan, beste urte batez, zuzeneko musikak toki izango du Ahotsenea gunean, non disko berriak aurkeztuko diren kontzertu txikietan.

Ordu erdiko saioak izango dira, eta egun bakoitzean proposamen ezberdinak ezagutzeko aukera izango da Plateruenako agertokian. Goizeko 11.00etan piztuko dira anplifikagailuak eta goizaldeko ordu txikietan amaituko da musika festa.

11.00, Kak!

Eguna giro dantzagarrietan hasiko da, eta horren arduradun Kak! talde berria izango da. Izan ere, taldeak bi urteko bidea badu ere, taldeko kideak urteak daramatzate musika eszenan, eta besteak beste Zazkel taldean aritutakoak dira zenbait musikari.

Kak! taldearekin abentura berri bat jartzen dute martxan, iragana ahaztu gabe, erritmo berriak proposatuz.

12.10, Bisai

2024 urte hasieran eraturiko taldea nafarra da Bisai. Taldea sortu eta gutxira MIK estudioetan sartzen da banda Mikel Irazokiren gidaritzapean estudioko lehen lana grabatzera, ‘Hemen naiz’ izenpean kaleratzen dena.

Disko landua da honakoa, kantu bakoitzari behar duen denbora eskaini diote eta azken emaitzan argi ikusten da.

13.20, Jonkass eta Dam(ak)

Urteak atzera Akerbeltz taldearekin plazak girotu ostean, bakarkako bideari ekin dio Jon Castañeda musikariak Jonkass egitasmoa sortuz. Debuteko diskoa dakar besapean, musikalki territorio ezberdinetan barneratzen den lan koloretsu eta dantzagarria.

‘DAM’ izenpean kaleratzen da diskoa, Elkar diskoetxearen zigilupean, eta Ahotseneako agertokian zuzenean ikusteko aukera izango da. 

14.30, Nhil

Hirugarren diskora iritsi da Nhil talde gipuzkoarra, eta lehen aldiz, euskaraz osatu dute lan osoa, ingelesa alde batera utzita erabat. Disko dotorea da ‘Etxea’ taldearen nagusitasuna erakusten duen lan ederra.

Musika beltzaren koordenatuetan dator banda, kantu melodikoak eta poperoak landuz.

15.40, Ixabe

Ziburu herritik dator Ixabe proposamena, eta Usopop Diskak zigilupean argitaratu dute taldearen lan berriena den ‘Zure estoldetan’ diskoa.

Bizkai anaiek martxan jarritako egitasmoa da honakoa, non atmosferak eta melodiak nagusi diren kantuetan.

16.50, Zinez

Talde nafarrak lan berria du: ‘Harramazka’. Urrats txiki baino sendoen bidez egin du aurrera Zinez taldeak, eta estudioko bigarren lan honetan nabari da taldearen norabide berria.

Nortasunaren bila eginiko bidean, taldeak musikarekin jolasten du, eta disko berrian ageri da hori. Eta zuzenekoan, are gehiago. 

18.00, Aria

Donostian 2023an sortutako musika egitasmoa da Aria. Marina Landa kantautoreak jarri zuen abian, eta euskaraz abesturiko pop kantak ditu erreferentzia nagusi. ‘Aurrera Begira’ estudioko bigarren emaitza da, eta hauxe aurkeztuko du Ahotsenean.

19.10, Ødei

Odei Barroso ez da isilik egoteko jaio, eta azken urteetan horrela erakutsi du bere errima eta erritmoekin. ‘Goizegi Hiltzeko’ du emaitzarik berriena, eta Plateruenako agertokian taularatuko du larunbat arratsez.

Lana binilo bikoitzean argitaratu da, artelan ederrean.

20.20, Herenegun

Mauka Musikagintzak kaleratu du Herenegun talde Donostiarraren lan berriena. Ska rock giroetan eman zituen bandak lehen urratsak, denboraren poderioz bestelako giroetan sakontzeko, pop rock doinuetara gerturatuz egun.

‘Atzera Begira’ izena jarri diote diskoari, baino aurrera begira dago banda.

21.30, Burutik

Azken garaian talde interesgarriak ari dira sortzen Nafarroan, eta Burutik banda horren adibide izan daiteke. Lehen diskoekin arreta piztea lortu zuten, eta ‘Ipuinak’ lanarekin beste urrats bat eman dute.

Zuzeneko beroa du bandak, eta Ahotsenean erakutsiko dute hori.

Gauez, Mirua eta Naxker

Azken urte hauetan guztietan zer esan handia eman duten bi proposamen dira Naxker eta Mirua. Naxker taldea Atarrabiatik dator, eta pop giroak dituzte sustrai. Kantu melodiko eta sarkorrak lantzen dituzte, eta ‘Nori jarriko dizkiozu gure abestiak?’ EP-a esandakoaren testigu da.

Mirua, berriz, Tolosatik dator, eta musikalki bi mundu uztartzen ditu bandak bere proposamenean. Sustraietatik egiten dute tira, elektronika lanabesak erabiliz. Plateruena larunbat gauez dantzan jartzeko bi proposamen ezin egokiagoak. 

Bi talde hauek ikusteko sarrerak 5 euro balioko ditu.

Emplacement

Ahotsenea - Plateruena
Landako gunea
Durango. Bizkaia

Liens