Ameba, Indabe eta Ajou! Txantreako jaietan larunbat gauez
Date
02.05.25 - 02.05.25
Lieu
Nafarroa - Iruñea

Txantreako jaietan ez da zuzeneko musikarik faltako, eta bide horretan egitarau koloretsua prestatu dute Txosnagunean. Gauero zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da, eta maiatzaren 3 gaueko menua ederra da. Ameba, Indabe eta Ajou! taldeek osatuko dute afitxa, eta gaualdia borobiltzeko Pintxo yo y la Vecina Baila (DJ B-Teta) disko jartzaileen saioa izango da. Emanaldiak doakoak izango dira eta gaueko 21.00etan piztuko dira anplifika-gailuak. Rock koordenadetan datozen hiru banda gazte ezagutzeko aukera Txantreako jaien barnean.
Ameba
Rock giroetan dator Ameba taldea. Rock sutsu eta beroa. 2020 urtean sortu zen taldea, eta musika bidean bi disko kaleratu dituzte, dozenaka kontzertu eskaintzearekin batera, gaztetxe, jai gune eta herriko plazetan. Bi diskoak Martxel Arkarazo soinu teknikariaren gidaritza pean grabatu dira Andoaingo Garate estudioetan. Horietako azkenak ‘Munduari’ izena darama eta Cd eta binilo formatuan ikusi du argia, plataforma digital guztietan zintzilikatzearekin batera.
Indabe
Donostiako Antigua auzoan sortzen da Indabe taldea pandemiaren erdian. Lauko formatuan egiten dute aurrera, lehenik gustuko musika taldeen bertsioak egiten, eta gerora kantu propioak landuz. 2023 urtean ‘Noiz Arte?’ disko txikia kaleratzen dute, eta berriki ‘Ez Banaiz’ diskoak ikusten du argia, zortzi kantu berriez. Grabaketa Zestoako Gaztain estudioetan burutzen, eta Eñaut Gaztañaga aritzen da soinu teknikari lanetan. Musikalki rock koordenadetan dator Indabe banda, eta ahotsetan pop melodiak lantzen dituzte, kantu goxoak eta era berean indartsuak jorratuz.
Ajou!
Iruñerriako lau gaztek osatzen dute Ajou! taldea. Urtebete besterik ez da entseguetan hasi zirela, eta dagoeneko kalean dute lehen maketa, eta hasi dira lehen zuzenekoan eskaintzen. Debuteko lana Musiikki estudioetan grabatzen dute, eta bertan taldeak berak egindako lau kantu topa ahal dira diseinu lan koloretsuan. Musikalki punkaren eta poparen artean kokatzen da banda.
Emplacement
Txoznagunea
Txantrea
Iruñea. Nafarroa