Azken bost urteotan eskuratutako obra sorta hautatua ikusgai jarri du Artiumek

Date

24.02.25 - 27.04.25

Lieu

Araba - Gasteiz

Oscar Dominguezen ‘Arbalete’ da ikusgai jarri den lanetako bat.
Oscar Dominguezen ‘Arbalète‘ da ikusgai jarri den lanetako bat. (ARTIUM)

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa-Artium Museoaren bilduman 65 obra sartu dira azken bi urteotan, Artium Fundazioak eskuratuak batzuk eta artista eta bildumagile pribatuek dohaintzan emandakoak beste batzuk. Zehazki, museoaren erakusketa-egitarauaren parte izandako 15 artistaren 34 pieza eskuratu ditu Fundazioak.

Artelan multzoan, margolanak, eskulturak, instalazioak, argazkiak eta bideoak ageri dira, beste formatu batzuez gainera. Erosketak paritatearen irizpidea aintzat harturik egin dira. Carolina Caycedo, Alejandro Cesarco, Rafael Lafuente, Rosalind Nashashibi, Julia Spinola eta Isidoro Valcarcel Medina artistak dira obren egileetako batzuk.

Bestalde, museoaren Fundazioari 20 artistaren 31 obra dohaintzan eman dizkiote partikularrek. Artista hauenak, besteak beste: Txaro Arrazola, June Crespo, Alejandro Garmendia, Agustin Ibarrola, Jesus Mari Lazkano, Nerea Lekuona edo Juan Luis Moraza. Horiei gehitu behar zaie Oscar Tuazon estatubatuar artista, haren garrantzizko obra bat jaso baitu, berriki, gordailuz.

Gainera, beste 55 obra sartu dira museoaren Bilduman, Lakuako Gobernuak sustatzen eta Artium Museoak, Tabakalera KGNZk eta Bilboko Arte Ederren Museoak lankidetzan koordinatzen duten Bilduma Partekatua programaren bidez. Hala, Bilduma Partekatua kontuan hartuta, 120 artelan berri sartu dira 2023an eta 2024an, guztira.

Bilduma, ikusgai

Artium Museoak A1 aretoan ikusgai jarri du azken bost urteoan eskuratutako obren sorta hautatu bat, apirilaren 27ra arte. Rosalind Nashashibiren (Londres, 1973) ‘A Wider Kind of Love’ pieza ikus daiteke lehenik, eta espazio berean daude Maria Franciska Dapenaren (Palentzia,1924 - Bilbo, 1995) ‘espedida en la cárcel’, Erlea Maneros Zabalaren (Bilbo, 1977) ‘The New York Times’, Patricia Dauderren ‘Night Shift’ eta Oscar Dominguezen (Santa Cruz de Tenerife, 1906 - Paris, 1957) ‘Arbalète’, ibilbideko obrarik antzinakoena, Bildumaren muin historikoarekin lotura egiten duena.

Aurrekoaren alboko espazio batean, bi film hauek proiektatuko dira: ‘I confess, Moyra Davey’ (Toronto, Kanada, 1958) eta ‘Paraíso’, Maddi Barber-ek (Lakabe, Nafarroa, 1988) eta Marina Lameirok (Iruñea, 1986) zuzendua . Eta espazio horretan bertan ikusgai egongo dira Kimia Kamvariren (Kolonia, Alemania, 1986) ‘Gâv’ argazki-saila eta Raul Dominguezen (Barakaldo, 1984) formatu handiko marrazki bat, izenbururik gabea.

Aretoetatik kanpora ere hedatuko da erakusketa. Hain zuzen ere, azpiko atarian aurkeztuko da ‘Oil and Water’ eskultura, Oscar Tuazonena (Indianola, Estatu Batuak, 1975), eta museoko barruko plazako Lorategian, berriz, ‘Core’ eskultura-multzoa, June Cresporena (Iruñea, 1982).

Bilduma Ikusgai izeneko programaren baitan antolatu da erakusketa. Programa horren barruan, bildumako obra sorta hautatu bat ikusgai jartzen da, txandaka, museoaren eraikineko zenbait espaziotan, Artium Museoaren publikoei museoak kontserbatzen duen ondare publiko bikaina ezagutzeko eta hartara hurbiltzeko aukera emateko xedez.

Leihatilan eta online eskuragarri sarrerak.



 

Emplacement

Artium
Francia, 24
Gasteiz. Araba