Bad Manners, Les Testarudes eta Potato Jimmy Jazz aretoan

Date

17.10.25 - 17.10.25

Lieu

Araba - Gasteiz

Douglas Trendle abeslariak gidatzen du  Bad Manners banda.
Douglas Trendle abeslariak gidatzen du Bad Manners banda. (HFMN CREW)

Londoneko Bad Manners taldea Euskal Herrian izango da emanaldi bakar bat eskaintzeko mundu mailan egiten ari diren ‘50 Anniversary Tour’ kontzertu biraren barnean. Izan ere taldeak 50 urte bete ditu agertoki gainean, eta hori ospatzeko zuzeneko emanaldietan murgildua da bira amaigabean. Euskal Herrian zaletu mordoa ditu bandak, eta egiten duten bira bakoitzean gurean aritzen dira. Honakoan, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango da hitzordua urriaren 17an, 20.00etan hasiko den musika festan. Emanaldian Les Testarudes eta Potato taldeak ariko dira ere, ska, reggae eta rock gaualdi honetarako talde ezin aproposagoak. Sarrerek aurrez 25 euroko balioa izango dute, eta egun berean eskuratuz gero 30 euro ordaindu beharko dira. 

Bad Manners

Londreseko pub txikietan jotzetik munduko jaialdietako eszenatoki handietara egin zuen salto Bad Banners taldeak denbora gutxian. 1976 urtetik martxan, Douglas Trendle ‘Buster Bloodvessel’ abeslariak gidatzen du Bad Banners taldearen autobus eroa, musikalki, ska, eta reggae musika abiapuntu, Two-Tone koordenadetan, berezko estilo bat eskainiz emanaldi disko eta zuzenekoetan. Douglas ‘frontman’ handia da, eta 70 urte betetzeko bidean, dena ematen du kontzertuetan, dantza eta izerdiz beteriko show beroetan. 70 eta 80ko hamarkadetan izan zen taldearen urrezko aroa, garaian, The Specials, Madness, The Beat eta The Selecter taldeekin batera, urrezko belaunaldia osatuz. Gerora etengabeko bidea osatu du bandak, eta egun Douglas Trendle da taldearen hastapenetatik gaur egunera iraun duen kide bakarra.

Urteak dira disko berririk kaleratzen ez dutela, eta agertoki gainean betiko klasikoekin osatzen dute kantu zerrenda. Izan ere, nork nahi ditu kantu berriak taldeak urte hauetan guztietan idatzitako ‘hit’ ezagunen bilduma bat entzun badezake zuzenean?

Les Testarudes

Les Testarudes taldea 1996 eta 2003 urte artean jaiotako bederatzi emakume musikariek osatzen dute. Herrialde Katalanetatik datoz, eta emakumeek sorturiko ska, rocksteady eta reggae musikak dituzte erreferentzia nagusiak. Agertoki gainean erloju bonba bat dira, eta taldeak berak sorturiko kantu propioekin batera, reggae eta ska kantu ezagunekin osatzen dute zuzeneko kantu zerrenda. Geroz eta ugariagoak dira taldearen emanaldiak gurean, zaletu ugari batuz kontzertu bakoitzean.

Potato

Gasteiz hiriko punki reggae party bandak ere 40 urte bete ditu agertokian,  jamaikar giroetako diskoak eta zuzenekoak tartekatuz urte hauetan guztietan zehar. Pako Pkao abeslariak gidatzen duen banda gaztaro berri batean murgildua dago, emanaldi andana eskainiz Euskal Herrian zein estatu espainolean. Larunbatean Jimmy Jazzen ariko dira, taldearen ‘Rula’ kantu ezagunean idatzi zuten bezala, ‘En Vitoria Gasteiz donde se hace la ley, capital artificial de un país singular....’

Emplacement

Jimmy Jazz aretoa
Jimmy Jazz
Gasteiz. Araba

Liens