‘Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain’ erakusketa, imajinario kolektiboan iraun duen irudi erromantizatuaz harago

Date

08.07.25 - 14.09.25

Lieu

Gipuzkoa - Andere Elbira Zipitria Kalea, 1

Erakusketan irudia.
Erakusketan irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain’ erakusketa hartu du Euskadiko Arkitektura Institutuak iraila bitartean. Euskal landa ingurunean eraikitako ondareari ematen dio balioa eta tipologia baten iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa proposatzen du. Baserria mendetan zehar egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura bezala aurkezten da bertan, eta baserriaren historia aztertzen du, imajinario kolektiboan iraun duen irudi erromantizatuaz harago.

Ibon Telleria Julian arkitektoa eta EHUko Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasleak, eta Jon Arcaraz Puntonet Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko proiektu arkitektonikoen irakasleak komisariatu dute. Jon Arcaraz Puntonet Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakaslea da, eta esperientzia du paisaia ezberdinen eraikuntzari eta munduko hainbat lekutan arkitekturen materialtasunari buruzko ikasketen garapenean.

Bi komisarioekin batera parte hartu du astearte honetako aurkezpenean Jose Angel Medina Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendariak. Medinak azaldu duenez, «erakusketa honekin Euskadiko Arkitektura Institutuak Euskadiko landa-ingurunean eraikitako ondarearen balioa nabarmendu nahi du, balio arkitektonikoa azpimarratuz. Aldi berean, erakusketa hau euskal baserriaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko gonbidapena da». 

Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendariak eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari Gordailutik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentrotik, datozen piezak erakusten baitira bertan.

Erakusketa Institutuaren bi aretotan banatu da, eta lau eremutan egituratu, izenburua ematen diotenak: egurra, harria, mitoa eta orain.

Zuhaitzek historia kontatzen dutenean

Egurrari eta harriari eskainitako erakusketako lehen aretoan, Arkeolan Fundazioak dendrokronologiarekin (zuhaitzetan denbora aztertzen duen zientzia) egindako ikerketen emaitzak erakusten dira. ‘Dolare-baserrien’ jatorrizko itxura birtualki berreraikitzea ahalbidetu duten ikerketa arkeologikoak aurkezten dira.

Eraikin hauetan egurrak duen garrantzia irudikatzeko, baserri baten egitura osatzen duen pieza bakoitzaren zatiak daude ikusgai aretoan: pilareak, habeak, besoak eta lokailuak. Gainera, hainbat baserritako sei lagin aurkezten dira, aztertu eta datatzeko. Bi maketek osatzen dute egiturari buruzko azalpena: Arrasateko Gomestio dolare baserriko atari nagusiaren 3D formatuko pieza bat, eta bestea, XV. mendeko zurezko baserrien atari estandarizatuen egitura baten eredu ideala, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoko Arkitektura Eskolako Fablab-en garatua.

«Aretoaren bigarren zatiak XVI. mendeko krisi ekonomikoak lurraldearen bilakaera arkitektonikoan inflexio-puntu bat markatu zuela erakusten du, harria elementu konstruktibo nagusi bihurtuz. Antzinako dolare-baserriek erabateko aldaketa jasan zuten: familiaren autohornikuntzarako bokazioa aldatu egin zen, eta aurreko merkataritza-orientazioa bertan behera geratu zen», azaldu dute.

Eraikuntza iraultza

Paradigma ekonomikoaren aldaketa horrek, aldaketa arkitektoniko sakonak ekarri zituen. Hala adierazi dute. «Eraikuntza alorreko benetako iraultza harria material nagusi gisa erabiltzen hastea izan zen, fatxadak eta beheko solairuko barne-paramentuen zati handi bat pixkanaka kolonizatu baitzituen. Baserrien eraikuntzan erabiltzen ziren harri landu motak erakusten dira aretoan: harlanduxka –tamaina ertaineko harria, landua baina akabera ez hain perfektukoa–, harlandua –ondo landutako eta eskuairatutako harria– eta harrian landutako armarria. Gainera, fabrika hormen bi birsorkuntza daude ikusgai: bat ibai-harrizkoa –ibai-ibilguetatik ateratako harri biribilez egindako hormak– eta bestea lauzazkoa –ilaretan jarritako harri lau eta meheak erabiltzen dituen eraikuntza-teknika–».

Bigarren aretoan, XIX. mendea landa-eremurako mugarri bat izan zela azaltzen da. Karlistadak bezalako gatazka armatuek eta ondorengo industrializazioak izugarri aldatu zuten populazioaren oreka, baserriaren eredu tradizionalaren pixkanakako gainbehera eraginez.

Aldi berean, landa-unibertsoaren gainbehera sentsazioari erantzuteko, baserria mitifikatzeko prozesu bat hasi zen, diziplina artistiko desberdinen bitartez. Fenomeno hori irudikatzeko, erakusketak XX. mende hasierako hiru kartelen erreprodukzioak biltzen ditu, baita olio koadro bat ere, liburuak, postalak, planoak, argazkiak eta musika-piezak ere, baserria ikuspegi erromantizatu horretatik protagonista duten zarzuela gisa. Obra horiek baserriaren ikuspegi idealizatua gauzatu zuten, gaur egunera arte iritsi den irudi osatu gabea eta askotan fikziozkoa kodetuz.

Aretoko azken atalak arkitektura honen oraina eta etorkizuna planteatzen ditu. Oso baserri gutxik eusten diote oraindik ekoizpen eta etxebizitza eredu tradizionalari, eta indarrean dauden araudiek behin betiko desagertzera kondenatzen dute eredua, jatorrizko moduan.

Jatorrizko eredua desagertzeak kontzeptu hori bi eboluzio-ildo independentetan bereiztea ekarri du: alde batetik, baserria paisaiaren elementu gisa etengabe berrinterpretatu izana; eta, bestetik, lurraldean zehar banatutako milaka baserrik eraikitako ondare eskerga, XXI. mendeko beharretarako bere erabilera berrasmatzeko erronka planteatzen duena.

Baserriaren oraina eta etorkizuna

Atal honetan Atari eta Reflex Gunearen Neoberri proiektuko materialak, egutegiak eta baserriaren orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa jasotzen duten argazkiak daude. Era berean, RHIZOMA egitasmotik sortutako materialak erakusten dira –Victoria Collar, Jon Garbizu, Gonzalo Peña eta Diego Sologuren arkitektoek komisariatutako proiektua, Egoin Wood Group eta Chillida Lekurekin lankidetzan–, baita Gorka Eizagirreren ‘The Valley Issue’ fotoliburua ere.

Gainera, Euskal Herrian zehar baserriak birgaitzeko egindako proiektu arkitektonikoak ilustratzen dira. ‘Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain’ erakusketak baserriek egungo etxebizitza krisian izan dezaketen zereginari buruzko eztabaida zabaldu nahi du. «Izan ere, landa inguruneko eraikin horiek jatorrian etxebitza bezala erabili ziren», esan dute.

Uztailaren 9tik abuztuaren 31ra bitartean, Institutuak bere ordutegia luzatuko du eta goizez eta arratsaldez bisitatu ahal izango da: asteartetik larunbatera 11.0etatik 14.0etara eta 17.0etatik 20.00etara eta igandetan 11.00etatik 14.00etara. Sarrera librea da.

Erakusketaren osagarri modura, belaunaldien arteko lantegi batzuk eta hitzaldi bat egingo dira. ‘Obretan eta irekita – Baserria eraikitzen’ lantegia hiru saiotan egingo da. Lehenengoa erakusketa inauguratu aurretik egin zen, uztailaren 5ean, eta hurrengoak uztailaren 19an eta irailaren 6an izango dira.

Tailer horietan, 1:10 eskalako maketa handi bat eraikiko da taldean. Maketa erakusketaren parte da, baserriaren eraldaketa prozesua ezagutzeko balio duena, hura osatzen duten materialen bilakaeraren bidez. Tailerra 6 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago, eta 11.30etik 13.00etara izango da. Erakusketara bisita gidatuak eskainiko dira eskariaren arabera, contact@eai.eus helbidera.

Gainera, irailaren 10ean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Artistiko Saileko Ainara Iroz Zalbak eta Josu Maroto Peñagarikanok ‘Gipuzkoako lurraldean eraikitako ondarea hurbiltzeko eta kontserbatzeko estrategia ezberdinak’ hitzaldia emango dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak baserriak zaharberritzeko baimen, dirulaguntza eta aholkularitzarako ezarritako estrategien berri emango dute, eta jatorrizko elementuak zaintzeko gutxieneko esku-hartzeen garrantzia eta kontserbaziorako dendrokronologia bezalako azterlanen erabilera nabarmenduko dira.

Emplacement

Euskadiko Arkitektura Institutua
Santa Teresa Komentua
Andere Elbira Zipitria Kalea, 1. Gipuzkoa