23 ikuskizunekin, «agertoki handi» bilakatuko da Bilbo Aste Nagusian

Date

17.08.25 - 25.08.25

Lieu

Bizkaia - Bilbo

Aste Nagusiko antzerki eta kaleko arteen programazioaren aurkezpena.
Aste Nagusiko antzerki eta kaleko arteen programazioaren aurkezpena. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Hurbiltzen ari da Bilboko Aste Nagusia eta, horrekin batera, hiriburu bizkaitarreko aretoak ari dira abuztuaren 17tik 24ra bitartean eskainiko duten programa xehatzen. Eta baita Udala ere: Bilboko jaietarako 23 ikuskizuneko programa prestatu dute. Guztira 19 konpainia izango dira horiek taularatuko dituztenak, zazpi Euskal Herrikoak, eta gainerakoak beste lurralde batzuetatik bertaratuak, tartean Argentina, Italia edota Taiwanetik.

Akrobaziak, musika, magia eta clown ikuskizunak biltzen ditu programak, mundo osoko konpainia nabarmenen eskutik. Haien artean, adibidez, manoAmano konpainia argentiniarra izango, ‘Kinematos’ bere lana dela eta, Leioako Umore Azokaren 2025eko edizioan Munduko Gainerako Ikuskizun Onenaren saria irabazi duena. Ikuskizun hori antzeztuko dute Bilbon abuztuaren 20an, Elkarbizitzaren Plazan, 12.30ean, eta Casilda Iturrizar Parkeko Pergolan, 19.30ean. Atzerritik datozen proposamenen artean daude baita ere Chieng Hung-Kuo artista taiwandarraren ‘Moving Zen’, Barolosolo frantziarren ‘Île O’ clown ikuskizuna, Kataluniako Teatro Sobre Ruedasen ‘Revolución’ (umorea eta zuzeneko musika), Josianes konpainia frantsesaren ‘Art de la résistance’, Bowjangles harizko laukote ingelesaren ‘Classically Untamed’, La Banda de Otro konpainia andaluziarraren ‘Rodeo’, Belgikako Company Mindnighten ‘Us’ zirku emanaldia edota Aragoiko Nostraxladamus konpainiaren ‘Nada’.

Tokiko taldeei dagokienez, eszenatokira igotzen lehena Orain-Bi izango da, ‘Mute’ ikuskizunarekin, eta Bilbon izango dira baita ere Zirika Zirkusen ‘Marietak Zirkus’, Teatro Gorakadaren ‘Bermutaren Kermessea’, Markeliñeren ‘Artilusioa’ lana, Ganso y Cíaren ‘Welcome & Sorry’, Trapu Zaharraren ‘La última y nos vamos’ eta Eleder Magoaren ‘Magia Mundiala’ ikuskizuna. 

BBK Salak ekoizpen propio berria estreinatuko du Bilboko Aste Nagusirako: ‘Confeti’

Bere aldetik, BBK Salak «tokiko sorkuntzaren aldeko apustua» egin du ‘Confeti’ izeneko obra berriarekin. Abuztuaren 17tik 25era bitartean eskaintzea zen hasierako asmoa baina beste hiru emanaldi gehitu zaizkio. Modu honetan abuztuaren 31ra arte egongo da ikusgai. 19.30ean hasiko da obra Kale Nagusian dagoen BBK Salan.

‘Agur, Otxoa feroz!’ lanaren ondoren (2023) eta ‘Urte berri off! Feliz 2025’ (2024) ostean, aurtengo Aste Nagusirako ekoizpen original berria aurkeztu du Koldo Bilbao BBK-ko Kultura arduradunak. «Hirugarren urtez, Kale Nagusiko antzokiak Aste Nagusirako bereziki asmatutako jatorrizko eta kalitatezko antzerki ikuskizunak sortzeko konpromisoa berritu dugu», azaldu du.

Diego Perez Retes (Bilbo, 1978) aktore ezagunaren dramaturgia eta zuzendaritzarekin eta Mikel Losada, Leire Orbe, Josu Angulo Еisen, Leire Ucha, Aratxo Angulo eta Iñaki Urrutiak osatutako taldearekin estreinatuko da ikuskizuna abuztuaren 17an, igandearekin.

Ikuskizunaren jatorrizko abestiak, soinu espazio guztia bezala, Adrian Garcia de los Ojosek konposatu eta idatzi ditu, eta ikuskizunak «beste sorpresatxo musikalen bat» ere izango duela iragarri dute.

Perezek gidatzen duen lehen ikuskizuna da, eta berak aurreratu du zertan datzan obra: «Hiru hamarkada lehenago arrakasta izan zuen antzinako haur laukote baten (Confeti) berrelkartzearen berri ematen du. Modak aldatu zirenean, egoak eta inbidiak azaleratu ziren, eta herrialdea maitemindu zuten haur maitagarri haiek maitemindu egin ziren. Baina gaur egun, gertaera tragiko baten ondorioz, taldekide ohiek berriro elkar ikusi beharko dute».

Aktore bilbotarrak azaldu duenez, istorioak gai unibertsal handienetako bati buruz hitz egiten du: giza harremanei buruz. «‘Confeti’, azken batean, haurtzaroko lagun zaharrekin berriz elkartzearen kontakizuna da», laburbildu du.

Ekoizpen berria Bilboko La Mapatxa antzerki konpainiarekin elkarlanean egin da, Perez Retes eta taldeko beste hainbat kidek osatua. Koldo Bilbao BBK-ko Kultura arduradunak «BBK Salak euskal tokiko talentuari ematen dion laguntza irmoa» berretsi du aurkezpenaren amaieran.

Sarrerak leihatilan eta BBK Salaren webgunean eros daitezke 25 euroren truke.

‘Lurraren zutabeak’ musikala

Euskalduna Jauregiak, bere aldetik, ‘Lurraren zutabeak’ musikala iragarri du Aste Nagusirako. Ken Folletten best seller-ean oinarritua, publikoa «istorio epiko, musika original eta eszenaratze indartsu batekin hunkitzea» du helburu superprodukzioak.

Gaur egun Madrilen arrakasta izaten ari den ikuskizun hau Auditoriumean jarriko da abuztuaren 15etik 31ra. Sarrerak eskuragarri daude webgunean.

4,5 milioi euroko inbertsioarekin, formatu handiko musika-ekoizpen honek 27 artista eta 70 pertsonatik gorako lantaldea ditu eszenan. 6 metroko diametroa eta 600 kiloko pisua duen arrosa-leiho erraldoia nabarmentzen da. Kristalezko 2.000 piezaz osatuta dago.




Emplacement

BBK Aretoa
Bilboko Kale Nagusia, 19-21
Bilbo. Bizkaia