Belako eta Gyoza Lizarrako La Bota Egunean

Date

18.10.25 - 18.10.25

Lieu

Nafarroa - Lizarra

Belako taldea, ‘Sigo regando’ diskoaren aurkezpen argazkian.
Belako taldea, ‘Sigo regando’ diskoaren aurkezpen argazkian. (BELAKO)

Urriaren 18an La Bota Eguna ospatuko da Lizarran, eta urtero bezala egitarau ederra prestatu dute, haur, gazte eta helduen gozamenerako. Urteak dira La Bota elkartea Lizarraldea astintzen ari dela kultur eta musika eskaintza oparoarekin, eta larunbatean kalera aterako dira egiten dutena erakusteko. Animazioak, zirku tailerra, herri bazkaria, bingoa eta zuzeneko emanaldiak izango dira egitarauaren parte. Musika arloan, Belako eta Gyoza taldeen emanaldiak iragarri dituzte, 22.00etan hasiko den gaualdian. Herri bazkariak 25 euroko balioa izango du eta gaueko kontzertuak 10 euro. Tiketak Berri tabernan, Ino liburu dendan, Iosebe ileapaindegian eta Ametsa tabernan eskuratu daitezke aurrez.

Belako 

‘Sigo regando’ disko aurkezpenak amaituta, betiko kantu zerrendara itzuli da Belako taldea, bere musika bideko abestiekin osatuz gaur egungo zuzenekoa. Ohikoan aritzen diren festibal eta agertoki handiak alde batera utzita La Bota elkartean eskainiko dute emanaldia larunbatean, ikuslegoa eta taldea parez pare den leku ederrean. Egun, Euskal Herrian dagoen talderik internazionalena izan daiteke Belako. Estatu espainoleko festibaletan aritzen dira, Europa zaharra goitik behera zeharkatu dute, eta AEBn, Mexikon edota Japonian ere aritu izan dira kontzertu biretan. Hamahiru urteko musika bidean zazpi estudioko disko grabatu ditu taldeak, eta horiekin tartekatuz, ehunka zuzeneko emanaldi. 

Gyoza

Bartzelonatik dator Gyoza taldea. Musikalki stoner giroetan eta rock alternatiboan sakontzen du bandak, eta aurretik Mourn, Madee edo Coherence taldeetan ibilitakoak dira musikariak. Bide horretan Foo Fighters, Pearl Jam, Nirvana edo Queens of the Stone Age taldeak aipatzen dituzte erreferentzia bezala, hala ere, taldeak badu bere nortasuna. Berriki ‘Un error’ kantua zintzilikatu dute sarean, disko berria izango denaren aurrerapen abestia.

Emplacement

La Bota elkartea
La Bota
Lizarra. Nafarroa

Liens