Bele Erandion Zutik! jaialdian

Date

01.02.25 - 01.02.25

Lieu

Bizkaia - Erandio

Lide Hernando musikarak gidatzen du Bele egitasmoa.
Lide Hernando musikarak gidatzen du Bele egitasmoa. (BELE)

Datorren larunbatean Zutik! jaialdia ospatuko da Erandioko Merkatu Zaharrean. Emakumeek rock eszenari egindako ekarpena aitortzeko, eta egiten duten lana ikustarazteko helburua du honako jaialdiak, eta arratsaldeko 19.00etatik aurrera zuzeneko musika nagusituko da bertan.

Aurtengoan hiru proposamen erakargarriekin gozatzeko aukera izango da, eta musika festa Lady Grumpy musika jartzailearen eskutik abiatuko da, Soul giroko binilo pintxadan. 20.00etan El Vuelo del Pikaro taldeak hartuko du agertokia, Erandio bertatik datorren Rock and Roll banda.

Gaualdia borobiltzeko Bele igoko da agertokira 21.30ak aldera, iraupen luzeko lehen diskoa aurkezteko. Emanaldiak doakoak izango dira eta proposamen gazte eta berriak ezagutzeko parada ezin hobea izango da.

Bele

Lide Hernando musikariak gidatzen du Bele egitasmoa. Liher taldean ezagutu genuen Hernando urteak atzera, eta gaur egun, besteak beste Fermin Muguruzaren bandan aritzen da gitarra-jotzaile eta abeslari lanetan.

Bele egitasmoarekin musika beltzaren eremuan murgildu da, R&Ba, Soula, funkya edota bluesa bezalako doinuetan sakonduz, egun bogan dagoen musika urbanoari edo dancehall erritmoei muzin egin gabe. Bidean ‘Herrari’ diskoa kaleratu du, lehenik plataforma digitaletan, eta pasa den neguan fisikoan binilo formatu ederrean.

Zuzeneko saioetan laukote moduan taularatzen da, eta Iñigo Etxarri (bateria), Danae Riaño (baxua eta gitarra) eta Sara Alonso (teklatuak) izango ditu lagun agertoki gainean. Lide arduratzen da ahots nagusiaz, eta hor dago, hain zuzen ere Bele egitasmoaren indar guneetako bat. Ahots jolasak handiak dira kantuetan, kolore handiko erregistro ugari erabiliz, kantu bakoitzaren behar duena emanez. Diskoan egindakoa taula gainean erakutsiko dute.

 

Emplacement

Merkatu Zaharra
Merkatu Zaharra
Erandio. Bizkaia

Liens