Bizkaiko Erromeria Eguna egingo da urriaren 4an Durangon
Date
04.10.25
Lieu
Bizkaia - Durango

«Erromeriaren kontzeptu guztiak batzeko asmoz» Bizkaiko Erromeria Eguna antolatuko dute aurten lehenengo aldiz. Urriaren 4an Durangon izango da, «egun osoko egitarau zabalarekin eta gune desberdinetatik, herri osoa euskal musikaz, dantzaz eta erromeriaren bueltako bestelako edukiez jantziko duena».
Astelehen honetan aurkeztu dute eguna Bizkaiko Foru Aldundiak eta Danok Pro taldeak, lehenengo edizio honetarako Durangoko Udalarekin lankidetzan. Landako gunean, Danok Pro taldeko Jon Gomez Garaik; Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatu Leixuri Arrizabalagak eta Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek hartu dute parte. Bertan izan dira Begoña de Ibarra Bizkaiko Diputazioko Kultura zuzendari nagusia eta Paule Sanchez Durangoko Kultura zinegotzia, Udaleko gainontzeko ordezkari politikoekin eta Bizkaiko Erromeria Eguneko lehenengo edizioan parte hartuko duten zenbait artistekin batera.
Bizkaiko Erromeria Egunak «herri osoa erromeria giroz bustiko badu ere, bereziki Landako gunea, honen alboko Ibaizabal parkea eta bertako auzunea, Musika Eskola eta bere inguruak, eta Plateruena antzokia izango dira eskaintzarik zabalenak hartuko duten guneak», azaldu du Jon Gomez Garaik, erromerietan urte luzez dabiltzan musikariz osatutako Danok Pro kooperatibaren ordezkariak.
Egitarauaren nondik norako gehienak ere azaldu dituzte gaurko prentsaurrean. Publiko guztiei zuzendutako ikuskizun eta ekintzak hartuko ditu urriaren 4an Durangok, eta hala nabarmendu du. «Bizkaiko Erromeria Egunak ez du soilik dantzariak edo musikariak diren horientzako eguna izan gura, gure musika eta dantzarekin gozatu nahi duen orok izango du tokia hemen, modu aktiboan parte hartuz zein ikus-entzule soil izanez», adierazi du.
Horretarako, erromeriaren hamaika aurpegi eta formatu izango dira gozagai jaialdi berri honetan, Garaik gainetik azaldu duenez: «Dantza-plaza izango dugu Aikorekin, gaztetxoentzako dantzaldia Esna Gazte taldearekin, Larrain Dantza herrikoia eskainiko dute Gaztedi Dantza Taldeko gaiteroek, herri bazkariaren ostean helduak Luhartz taldekoekin kantuan ari diren bitartean Goazeneko aktoreek ere gaztetxoentzako kantaldia izango dute…».
Baina gainera, «erromerien sorburuetara» ere joango garela azaldu du musikariak: «Orain ehunka urte gure aurreko belaunaldiek erromeriez gozatzen zuten txistulari eta tanborreru bakarrarekin, beranduago alboka eta panderojole banarekin eta ostean etorri zen trikitixa gure plazetara, bikote formatu xumeetan… Gaur egun bizirik dauden formatuak dira, eta horretarako aipatutako instrumentu hauetan erreferenteak diren musikariak izango dira oholtzan: Ibon Koteron eta Julen Begoña albokariak, Iker Alvarez eta Aitor Urkiza txistulariak, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariak… eta aspaldiko partez berriz elkarrarazi dituzten Zabaleta eta Motriku trikitilari historikoak».
«Erromeriak gure kultura eta nortasunaren parte» direla esan du Arrizabalagak. Halaxe zehaztu du: «Urteak aurrera joan ahala, gure gizartea aldatu den bezala, erromeriak ere egokitu egin dira gaur egungo estiloetara eta, gaur aurkezten dugun ospakizun hau, horren adibide garbia da». Transmisioan jarri dute fokua: «Belaunaldien arteko festa izatea nahi dugu, gure kulturan oinarritutako jaia eta gure sustraietaz ikasteko aukera emango digun ospakizuna».
30 taldetik gora arituko dira. «Durango euskal tradizioaren, musikaren eta kulturaren epizentro bihurtuko dela eta erromeria kutsua duten herriko eragile guztiek ere parte hartuko dutela» nabarmendu du Elkoroiribek, bere aldetik. Durangoko alkateak azpimarratu du «sekulako aukera» eta «ohorea» dela lehenengo edizioan Durangon antolatzeko aukera eskaini izana, «erromeriaren bidez gure ondare immateriala biziberritu, belaunaldi berriei transmititu eta gurea egiten jarraitzeko».
Gazteentzako egungo erromeria formatu elektroniko eta handiagoekin amaituko da Bizkaiko Erromeria Egunaren lehenengo edizioa. Iluntzeko 20:00etatik hasita, gaur egun Euskal Herri osotik plazarik plaza dabiltzan lau erromeria talde bizkaitar igoko dira Plateruena antzokiaren oholtzara: Gautegun, Zazpizar, Altxa Porru eta Zutik.
Gainera, egun osoz, erromerien inguruko hitzaldi, tailer, puzgarri eta kale animazioek osatuko dute Bizkaiko Erromeria Egunaren programa. Horien artean azpimarratu dituzte, esaterako, Mairuek eta Barakaldoko erraldoi eta buruhandiak, Etxebarria aita-seme trikitilarien poteoa, Durangoko Sugarri txarangaren kalez kalekoa, Gari Otamendik eta Oier Araolaza dantza-adituek eskainiko duten hitzaldi-dantzatua (‘Korrotik pikutara’ izenekoa) edota euskal jantzietan aditua den Ane Albisuk eskainiko duen ikastaroa, buruko-zapia nola jantzi ikasteko.
Amaitzeko, jaialdi berri honi buruzko informazio guztia Bizkaiko Erromeria Egunaren Instagram eta Facebook kontuetan argitaratzen joango direla azaldu dute. Sarrera librea das.
Emplacement
Bartolome Ertzilla Musika Eskola
Montevideo Hiribidea, 7
Durango. Bizkaia