DAB eta Cielo rasO dantza konpainiak Edinburgoko Fringe jaialdian izango dira
Date
19.08.25 - 24.08.25
Lieu
Edimburg - Edimburg

Edinburgoko Fringe jaialdiak DAB eta Cielo rasO euskal konpainiak hartuko ditu abuztuaren 19tik 24ra. Seina ikuskizun eskainiko dituzte arte eszenikoen nazioarteko erakusleiho den jaialdian, Etxepare Euskal Institutuak Dance Base-rekin duen elkarlanaren testuinguruan. «Urtero euskal dantza konpainien presentzia bermatzen da bertan. Lankidetzak 2019. urtean hasitako Scotland Goes Basque euskal leihoari ematen dio jarraipena», esan dute. Basque Showcase programazioaren baitan kokatzen diren emanaldiez gain, Cielo rasO konpainiako Igor Calongek dantza garaikideko ikastaroak eskainiko ditu.
Mundu mailako kultur ekitaldi handienetariko eta garrantzitsuenetakoa da Fringe, eta urtero Eskozian ospatzen da, abuztuan zehar. Sortzaileentzat arte eszenikoen nazioarteko erakusleiho garrantzitsua da Fringe jaialdia, bai ikusgarritasunagatik eta baita nazioarteko kulturgileekin bat egiteko eskaintzen dituen aukerengatik ere.
Bi konpainiek ‘NŒUD’ eta ‘Née’ lanak aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren. Horrez gain, Cielo rasO konpainiako Igor Calongek dantza garaikideko ikastaroak emango ditu Fringe jaialdiaren baitan, dantzako profesionalei zuzenduak, Dance Base-ren gunean, konpainiaren emanaldi-egunetan 10.00etatik 11.30era.
Obrak
Abuztuaren 19tik 24ra 14.3etik 15.20ra eskainiko dute ‘NŒUD’ lana. Marina Eskisabel eta Iker Sanz sortzaileek osatzen dute DAB konpainia 2022az geroztik. «Dantzaz konpainian aritutako dantzariak dira, eta enbor bereko ezpalen antzera elkarlanerako grina sortu zen, gerora DAB dantza konpainian hezurmamitu dena. Proiektua martxan jarri zutenetik, erronka garaikideak aztertu eta komunikatzeko tresna gisa darabilte dantza», adierazi dute Etxepare elkartetik. ‘NŒUD’ dute beren azken lana eta mugimenduan eta askatasunean oinarritutako bidaia-proposamena da: garaikidetasuna eraikitzeko iraganarekin lotzen duen obra da ‘NŒUD’.
Lan horretan, Eduardo Chillidak eta Cristobal Balenciagak amankomunean zituzten lan-metodologietan sakontzen da, bai eta Chillidak eta Balenciagak bizi izan zuten testuinguru historiko eta kulturalean ere. ‘NŒUD’ ikuskizunean, hiru dantzarik hersturatik askatasunerako bidaia irudikatzen dute. «Beren mugimendu arin eta adierazkorrek Chillidaren eta Balenciagaren irudi lerromakurrak ekartzen dituzte gogora, eta, aldi berean, askapen indibidual eta kolektiboaren aldeko borroka irudikatzen dute. Obrak askatasunaren garrantziaz hausnartzera gonbidatzen du ikuslea, bere forma guztietan, adierazpen askatasunetik mugimendu askatasuneraino», gaineratu dute.
‘Née’, bere aldetik, abuztuak egun beretan 19.50etatik 20.50era ikus ahal izango da. Cielo rasO Igor Calonge koreografo eta dantzariak 2010. urtean Euskal Herrian sortutako dantza konpainia da. «Cielo rasO-ren lana kultur- eta arte-espresiobidetan kartsua den euskal nortasunean eta haren garaikidetasunerako eraldaketan datza, non eta tradizioa, gorputzaren indarra, erresistentzia, borroka primitiboa, sinbologia eta poetikotasuna baliatzen dituen, betiere lengoaia fisiko berriak eta arrisku estetikoak bilatuz. ‘Née’ bere azken lanetako bat da, eta gorputzaren bidez kontatutako bidaia intimo eta hunkigarri bat da. ‘Née’-k gizakiari sustraiak ematen dizkio, bakardadea besarkatzen du, galerari geruzak jartzen dizkio, desilusioan laguntzen du, etsipena askatzen, hutsuneari indarra ematen dio, maitasunaren alde borrokatzen du, hurbila birtualizatzen, magia eusten, deabruak uxatzen ditu, bizigabea gizatiartu, ilunpetik itzultzen da, irudimena astintzen du, beldurrak sakabanatu eta ordenatu egiten ditu, airea zeharkatu eta saiatu egiten da. Elegantziaz, isiltasunetik urrun dagoen bidaia bat eraikitzen du. Lehen pertsonan kontatua da: hausnartzailea bezain eraldatzailea da», kontatu dute Etxepareko ordezkariek.
Basque Showcase-n helburua euskal sorkuntza garaikidea Eskoziako eta nazioarteko programatzaile, kritikari eta sektoreko profesionalen aurrean ezagutaraztea da, eta horretarako, Etxepare Euskal Institutuak ADDErekin (Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea) elkarlanean sustatutako deialdi baten bitartez hautatu dira bertan parte hartuko duten konpainia profesionalak. «Hala, euskal sortzaileei nazioarteko ikusgarritasuna eskaintzeko ez ezik, harreman profesionalak sendotzeko eta sorkuntza garaikidearen nazioartekotzea bultzatzeko xedea ere badu», diote.
Emplacement
Edimburg
Edimburg
Edimburg. Edimburg