Delirium Tremens Usurbilen
Date
05.09.25 - 05.09.25
Lieu
Gipuzkoa - Usurbil

Delirium Tremens taldeak azaroan amaituko du bere ibilbidea Bilboko Santana 27 aretoan eskainiko duen emanaldi berezian. Taldeak bere musika bidea etetea erabaki du, eta azken hilabeteetan kontzertu biran da zaletuak agurtuz herriz herri. Uda polita izan du Mutrikuko bandak, eta Bilbo, Santo Domingo de la Calzada, Lakuntza, Zarautz, Ondarru eta Lekeitio bisitatu ondoren, irailaren 5an gauean Usurbilen ariko da laukotea emanaldi berezi batean.
Mikel Laboa plazan izango da hitzordua, eta 19.00etan hasiko da musika festa Txiskeroak talde gaztearen eskutik. 21.00etan taularatuko da Delirium Tremens garaiko kantu zaharrak eta azken urteetan sortu dituztenak taularatuz. Irailaren 12an Ugao herrian ariko dira, eta momentuz hauek izango dira taldea zuzenean ikusteko azken aukerak, azaroaren 29an eskainiko duten ‘Agur’ emanaldia bitartean.
2022. urtean itzuli zen Delirium Tremens taldea agertokietara 30 urteko isilunea apurtuz Barakaldoko BEC gunean eskaini zuten emanaldiarekin. Gerora, kontzertuak eskaintzen eta diskoak argitaratzen aritu da banda Euskal Herria zeharkatuz.
Lehen urteetan hiru estudioko disko plazaratu zituen taldeak, guztiak 1988 urtetik 1991 urtera bitartean. Aro berrian, berriz, bi disko grabatu dituzte, eta 2022 urteko ‘Hordago’ diskoaz gain, ‘...Ta Nora?’ argitaratu zuten 2024ko neguan, bi lanak Mauka Musikagintzaren babesean. Betiko kantuekin batera, lan berrietako abestiak entzun daitezke eskaintzen ari diren emanaldietan.
Andoni Basterretxea (ahots nagusia eta gitarra), J. J. Yurrita ‘Txufu’ (bateria), Mikel Kazalis (baxua) eta Haritz Harreguy (gitarra) dira Delirium Tremens egun, eta talde formazio horrekin taularatuko dira azken emanaldi hauetan.
Emplacement
Mikel Laboa plaza
Mikel Laboa plaza
Usurbil. Gipuzkoa